Neikerreko Animalien Osasun Laborategiak H5N1 patogenotasun handiko hegazti-gripearen (PHHG) bi kasu berri detektatu ditu Bizkaiko hegazti basatietan. Alde batetik, ubarroi bat, Zierbena udalerrian hilik aurkitu dutena. Euskadin hegazti-gripean positibo eman duen lehendabiziko ubarroia izan da. Eta, bestetik, Getxon gaixorik aurkitu zuten antxeta mokogorri bat, hurrengo egunean hil zena.
Bi kasu berri horiez gain, Orion foku bat deklaratu zen urtarrilean hiru antxeta positibo aurkitu ondoren, eta 2022. urtean beste 22 foku ere deklaratu ziren, denak ala denak hegazti basatietan (zangak, saiak, zikoinak eta antzarak). Lagin berriak Algeteko erreferentziazko laborategi nazionalera bidali dira, egiaztapen-lanetarako.
2021eko urritik, Europan orain arte erregistratutako hegazti-gripearen epidemiarik garrantzitsuena gertatzen ari da: 6.000 foku baino gehiago deklaratu dira 37 herrialdetan. Animalien gaixotasun horrek hegazti mota guztiei eragiten die, eta galera ekonomiko handiak eragiten ditu Euskadiko hegaztien sektorean.
Birusa hegazti basatietan agertzen ari denez, une honetan lehentasun nagusia da eskortako hegaztiak gaixotasunetik babestea. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek, Euskadiko hegaztien sektorearekin lankidetzan, zaintza indartu egin dute. Horren helburua da birusa goiz hautematea eta gaixotasunari eutsi ahal izatea fokuak agertzen badira.
Horrez gain, euskal administrazioek, Neikerren eta Elika Fundazioarekin batera, informazio-materiala eta eskuliburuak sortu dituzte, susmoen aurrean nola jardun jakiteko. Informazio hori hegazti-ustiategiei eta hegaztiekin kontaktua izan dezakeen pertsona orori banatu zaie. Gainera, informazio-saioak ere antolatu dira, hegaztien sektoreko langileei zuzendutakoak.
Beste alde batetik, abenduaren 16an EHAAn argitaratu zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren agindu bat, zeinaren bidez hegazti-gripearen aurkako prebentzio-neurriak ezartzen diren Euskadin. Neurri horien ardatzak zaintza indartzea eta hegazti-ustiategietako biosegurtasuna areagotzea dira. Era berean, azken hilabeteetan ez da baimendu hegaztiak azoka, merkatu, erakusketa eta abeltzaintza-lehiaketetara eramatea.
Birusak oso potentzial txikia du gizakiak infektatzeko, eta inola ere ezin da transmititu hegazti-haragia, arrautzak edo hegaztietatik deribatutako elikadura-produktuak kontsumitzearen bidez. Hala ere, birusaren zirkulazioa saihesteko, ez da komeni hilik edo hilzorian aurkitutako hegazti basatiak manipulatzea. Kasu horietan, larrialdi-zerbitzuei (112) jakinarazi behar diegu berehala, foru-zerbitzu ofizialak joan daitezen animaliaren bila.