Bere webguneko atal espezifiko baten bitartez, Euskadiko bilakaera epidemiologikoari buruzko txosten bat eskainiko du astero, afekzio horiek kontrolatu eta prebenitzeko neurriak hobetu ahal izan daitezen
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Arnas Infekzio Akutu guztiak zainduko dituen sare jagole berri bat ezarri du, eta, gripeaz eta Covid-az gain, beste arnas birus oro zainduko du, hala nola haurren bronkiolitisa eragiten duen arnas birus sintzitiala (ABS).
Gripearen zaintza-zirkuituak aldatu egin ziren mundu osoan pandemiaren ondorioz. Hori dela eta, Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroaren (ECDC) eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) gomendioei jarraikiz, Euskadi bere sarea berritzen hasi zen eta Arnas Infekzio Akutu guztietara (arinetara –lehen mailako arreta– zein larrietara –ospitaleko arreta–) zabaldu zuen.
Osasun Sailak eta Osakidetzak amaitu egin dute prozesu hori, eta, aurrerantzean, sare jagole berriak arnas birus mota oro zainduko du. Gainera, kontrol- eta prebentzio-neurrien (eta, bereziki, txertoen) eraginkortasuna ebaluatzea eta hobetzea ahalbidetuko du.
Horrez gain, zaintza egonkorra izango da, eta ez da urte-sasoietara mugatuko, gripearen kasuan gertatzen zen bezala. Hori baliagarria izango da, halaber, beste edozein arnas agentek eragindako larrialdiak detektatzeko eta haiei erantzuteko.
Osasun Sailak egoera epidemiologikoari buruzko txosten bat landuko du astero, eta bere webgunean bertan sortutako atal espezifiko baten bitartez emango du argitara. Bertan, datuen historikora jo ahal izango da, afekzio horien bilakaera aztertzeko.
Arnas infekzioen osasun-arazoa maiz agertzen da herritarrengan, oro har, baina intzidentzia handiagoa eta ondorio larriagoak izaten ditu bizitzaren muturreko adinetan eta paziente immunodeprimituengan.
Informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/arnas-infekzio-akutua-aia/web01-a3iras/eu/