Euskadiko eraikuntzaren sektorea Europako erreferente bihurtuko da Europako Bauhaus Berriaren inplementazioarekin

Eraikunek eta Tecnaliak Euskadiko 130 eraikuntza-enpresatan baino gehiagotan ezarriko dute Europako berrikuntza- eta jasangarritasun-eredu berria

Ekimena osatzeko, berrikuntzaren Europako lehenengo metaklusterra jarriko da martxan Euskadi eta Akitania artean, ingurune eraiki jasangarri eta pertsonetan zentratu baterako eraldaketa bizkortzeko

Eraikuntza iraultza bat bizitzen ari da, eta berrikuntza-eredu baterantz doa, teknologiaren eta gizartearen arteko oreka bilatu nahian, Europako Bauhaus Berriarekin (NEB) bat etorriz; Europako Batzordeak hasi zuen mugimendu hori arkitektura eta herri eta hirietako bizi-kalitatea hobetzeko duen balioa bultzatzeko. Eraikune Euskadiko Eraikuntzaren Klusterra eta Tecnalia ikerketako eta garapen teknologikoko zentroa arduratuko dira berrikuntzari eta jasangarritasunari buruzko Europako NEB ekimena Euskadiko 130 eraikuntza-enpresatan baino gehiagotan ezartzeaz. Hala, Euskadi Europako erreferentea izango da sektorean.

Europako Bauhaus Berriak irizpideak proposatzen ditu, ingurune eraikian ongizatea, osasuna eta irisgarritasuna bermatuko dituzten eta sektorearen etorkizuna bermatuko duten prozesuak ezar ditzaten enpresek. Tresna digitalak modu adimendunean erabiliz material jasangarriagoak eta zerbitzu berritzaileago eta pertsonengan zentratuagoak landu nahi dira, besteak beste hauek lortzeko: irisgarritasuna, diseinu lagunkoiak, inklusibitatea, jasangarritasuna eta efizientzia energetikoa.

Ekimena NEBULA proiektuan sartzen da, zeina Build4People eraikuntzako Europako plataformak eta Europar Batasunak bultzatzen baitute. Euskadin Eraikune eta Akitanian Odeys hautatu ditu Europako Bauhaus Berria Europan hedatzeko erreferentzia izan daitezen Europa mailan eraikuntzaren sektorean. Bestalde, Tecnaliak, Europako Itun Berdearen estandarte gisa, ondare kulturalari, ekonomia zirkularrari eta ingurune lagunkoi eta irisgarriei buruz duen ezagutza handia, adituen mailakoa, partekatuko du jasangarritasunaren, estetikaren eta inklusioaren printzipioak Euskadiko eraikuntzaren sektoreko garapenetan aplika daitezen.

Aurreikuspenen arabera, proiektuari esker 15 kluster abiaraziko dira datozen bost urteetan berrikuntzako klusterren sare bat sortzeko, Europa guztiko ingurune eraikian berrikuntza jasangarriak konektatuz eta eskalatuz.

Eraikunez eta Tecnaliaz gainera, Europako bazkide hauek parte hartzen dute proiektuan: Dowel (proiektuaren koordinatzailea), European Construction Technology Platform, Eraikuntzaren Europako Plataforma Teknologikoa (ECTP), Nobatek, World Green Building Council, Eraikuntza Ekologikoko Kontseiluen Eskualde Sarea (WorldGBC), R2M eta Architects’Council of Europe (ACE).

Informazio gehiago