Brankak nazioartekotzearen aldeko apustua bultzatu du Europan

Berrikuntza teknologikoa eta sormena DNAn zuela sortu zen 2015ean Branka Solutions, ingeniaritzatik eta konposite aurreratuetatik hasi eta teknologia autonomoak garatzerainoko irtenbideak eskaintzeko. Bi negozio-lerro horien bidez, Orioko (Gipuzkoa) enpresak ingeniaritza gradu handiko proiektuak jorratzen ditu hainbat sektoretan, hala nola industria robotikoan (manufacturing), energian edo mugikortasunean, nahiz eta duela gutxi itsas sektorearen aldeko apustu sendoa egin duen, konpainiak gertutik ezagutzen duen mundua.  

Beti egon gara itsas munduarekin harremanetan nire background akademiko, profesional eta pertsonalagatik”, onartu du Jon Lasa ontzigintzako arkitektoak eta Brankaren sortzaileak. “Oso ondo ezagutzen dugun mundua da, eta oraindik ere garatzeko eta hazteko potentzial handia du. Hori dela eta, Branka estrategikoki sektoreko erreferentziazko “player” gisa kokatzeko urratsak ematen ari gara”, azaldu du. Nazioartekotzearen eskutik doan apustu horretan, konpainiak bulego bat ireki du berriki Southamptonen (Erresuma Batua), Europa iparraldeko itsas robotikaren merkatuari erantzuteko, enpresaren xede-merkatuetako bat baita. Halaber, partnership hitzarmena sinatu berri du Marine Robotics Innovation Centre-rekin, National Oceanography Centre-ren barruan (Erresuma Batua).   

Baina atzerrian ez ezik, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako tokiko proiektu batean ere murgilduta dago Branka. HUB Oarsoaldea Urdina da, itsasoari lotutako ekonomia bultzatzeko Oarsoaldeko eragile ekonomiko eta sozial nagusiek parte hartzen duten ekimena. “Proiektu honen esparruan enpresa-parke bat sortu nahi da (teknologiko-industriala), inguruko enpresetan oinarrituz, baina Euskadiko beste enpresa batzuei ere begira; horiek guztiek ekimen honetan eta sortuko den espazioan beren jarduera hedatzeko eta dibertsifikatzeko aukera sor dezaten, “Blue Economy” delakoaren garapenean irekitzen diren aukeren aurrean”, azaldu du Lasak.  

Horrela, bada, Brankatik Pasaian itsas robotikako zentro bat garatzeko proiektu bat aurkeztu dute. Hori Azti zentro teknologikoaren laguntzarekin egin dute, dagoeneko hainbat proiektutan elkarlanean aritu diren zentroarekin. “Brankan urruneko operazio-zentro propioa dugu, eta bertatik tripulaziorik gabeko itsasontziak kontrolatzen ditugu urrutitik, eta eredu hori Pasaian errepikatzea proposatu dugu. Horrela, zentro hori itsasoko robotika eta sentsorika soluzioak garatzeko oinarria izango litzateke, diseinua, ingeniaritza, fabrikazioa eta horrelako soluzioen eragiketa integratuz, zerbitzu hori hainbat merkatutan eskaini ahal izateko, hala nola itsas ikerketan, offshore energian, arrantzan edo itsas zaintzan”, zehaztu du enpresaren sortzaileak.  

Proiektuaren barruan roadmap teknologiko bat definitu dute. Bertan, Lasak zehazten duen bezala, “atrakatze eta desatrakatze automatikorako docking magnetikoko sistema baten garapena edo oztopoei ihes egiteko sistema automatiko baten integrazioa sartzen dira, besteak beste. Gure partner teknologikoekin lanean ari gara dagoeneko hori lortzeko”.   

Marka finkatzea eta hedatzea

Brankak epe ertain-luzera duen erronketako bat marka erreferentziazko “player” gisa finkatzea da, baita nazioartekotzearen aldeko apustuari bultzada bat ematea ere, batez ere Europan. “Une honetan, hainbat proiektu interesgarri ditugu esku artean, enpresaren hazkunderako eta proiekziorako oinarri sendoa izateko potentzial handia dutenak. Gainera, oraindik erasorik egin ez dugun merkatuetan aukera potentzialak daudela ikusten dugu, eta horietara ere jo nahi dugu”, ziurtatu du Lasak.  

Ildo horretan, Branka BECen martxoaren amaieran egingo den World Maritime Week-en izango da, Branka Marine Robotics markarekin. Bertan, bere gaitasun eta produktuak erakutsiko ditu, urruneko eragiketen zentro modularra aurkezteaz gain. “Itsasoko kontrol eta komunikazio aurreratuko gure soluzioak aurkeztuko ditugu, eta hori teknologia mota honen puntu kritikoa da. Baliabide asko eskaintzen ari gara horren garapenean. Une honetan 6 metroko USV (uncrewed surface vessel) bat eraikitzen ari gara ikerketa ozeanografikoko aplikazioetarako. Honek % 100eko propultsio elektrikoa dauka, bere energia sortzeko gaitasuna duena konpositean kapsulatze fotovoltaikoaren teknologiaren bidez, bere estalkian integratuta daramana”, azaldu du Orioko enpresaren sortzaileak. “Argi dago ez dugula galduko gaur egun gauden punturaino ekarri gaituen izaera berritzaile eta sortzailea”, amaitu du.  

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.