NASA Espazio Agentziaren Mars 2020 misioa marteratu zenetik bi urte bete direnean, Euskal Herriko Unibertsitateak ‘UPV/EHU Mars 2020 misioan’ ekitaldia egin du gaur, martxoak 1. Bertan, proiektu horren emaitzak eta euskal unibertsitate publikoak espazioan garatzen diharduen ikerketen etorkizuneko erronkak aurkeztu ditu. Ikerketa horietan Zientzia Planetarioen Taldea eta IBeA (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) ikerketa-taldeak ari dira. Izan ere, Mars 2020 Misioan bi ekipo dauzkan Estatuko unibertsitate bakara da UPV/EHU. Ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eva Ferreira errektoreak hartu dute parte, baita bi taldeetako zuzendariek ere, Agustín Sánchez-Lavega eta Juan Manuel Madariaga katedradunek.
«Proiektu honetan parte hartzen duten UPV/EHUko taldeak eredugarriak dira beren ikerketen bikaintasunagatik eta prestakuntza, ikerkuntza eta ezagutzaren transferentzia konbinatzen duten moduagatik. Marteko gainazalean ikerketa-rover bat jartzea den bezain egitasmo anbiziotsu batean parte hartzea nazioarteko lankidetzaren emaitza da. Lan hori egiteko, gure unibertsitateko ikerketa-taldeek prestakuntza, ikerkuntza eta transferentzia bateratzen dituzte, master-amaierako lanak eta doktore-tesiak egiten dituzte, teknologia berriak garatzen dituzte eta industria aeroespazialeko enpresekin lankidetzan jarduten dira. Hazkunde ekonomikoa sortzen duen tresna indartsua da abangoardiako ikerketa. Izan ere, gizarte aurreratu baten ezaugarria da abangoardiako ezagutza sortzeko gai izatea, onura ekonomiko eta soziala ekar dezan», Eva Ferreira errektoreak azpimarratu duenez.
Perseverance roverra NASAren ibilgailu autonomo bat da, eta 2021eko otsailaren 18an Jezero kraterrera iritsi zen (Marten orain lehortuta dagoen aintzira zahar baten hondoa da). Ibilgailuak zazpi tresna zientifiko konplexu eta berritzaile ditu. Haien bidez, planetaren gainazala arakatzen da, iraganeko bizitza posible baten zantzuak bilatzeko; laginak jaso eta gordetzen dira, Lurrera ekartzeko; teknologia berriak probatzen dira, giza esplorazioan erabiltzeko; eta bertako atmosfera xehetasunez aztertzen da.
Tresna horietako bat da MEDA (Mars Environmental Dynamics Analyzer), Astrobiologia Zentroan garatua; hain zuzen, hori da Marteko gainazalean inoiz lortu diren zehaztasun handieneko neurri meteorologikoak ematen ari dena. 2013an NASAri MEDA proposatu zion talde txikiko kide zen Zientzia Planetarioen Taldea. Nazioarteko hainbat taldek aurkeztutako 67 proposamenen artean hautatua izan zen.
“Jezero kraterra leku idor eta hautsez betea da; han, haizeak zurrunbiloak sortu eta zenbaitetan ufada bizietan jotzen du, eta hauts ugari sartzen du atmosferan. Joan den urteko urtarrilean izan zen unerik larrienetako bat: hego-ekialdetik zetorren hauts-ekaitz erraldoi batek, orduko 50 km-ko haize-boladak zekartzala, kraterraren zerua estali, roverraren haize-sentsoreetako bat jo eta kaltetu egin zuen”, Agustín Sánchez Lavegak azaldu duenez. Jasotako datu horiekin guztiekin, Zientzia Planetarioen Taldea planetaren atmosfera ezaugarritzen ari da, metro batzuetako eskala lokaletatik milaka kilometroko distantzietara, eta, horri esker, Marte planetako eguraldia eta klima iragartzeko ereduak hobetu ahal izango dira. Lan horren emaitza gisa, taldeak hemezortzi artikulu argitaratu ditu orain arte. Haietako bik azala merezi izan dute iazko maiatzeko Science Advances eta joan den urtarrileko Nature Geoscience aldizkari entzutetsuetan.
Marteko Jezero kraterra esploratu den bi urte hauetan, IBeA taldeak aktiboki parte hartu du roverreko beste tresnetako baten (SuperCam) datuak jaisten, baita lan-aginduak igotzen ere. SuperCam tresna da gaur egun dagoen sistema espektroskopikorik konplexuena urrutiko analisiak egiteko eta laginetara modu multianalitikoan hurbiltzea lortzeko. Gainera, zenbait lantaldetan parte hartzearen ondorioz, 16 artikulu zientifikotan eta nazioarteko kongresuetarako 34 komunikaziotan egilekide ageri da IBeA. Emaitzarik deigarrienak hauek izan dira: batetik, ikustea ezen, Jezero kraterraren oinean, ehunka milioi urtez urez betea egon ondoren, ez dagoela arroka sedimentarioen hondakinik, baina bai arroka igneoak, gutxienez hiru gertaera bolkaniko desberdinetakoak; bestetik, arroka igneo horien barruan gatzak detektatzea.
Misio berriak
Era berean, 2028an abiaraziko den Laginen Itzulera Misioan Lurrera itzuliko diren laginak biltzen ari da Perseverance. Juan Manuel Madariagak azaldu duenez, «zein lagin hartu eta zein ez erabakitzen parte hartzen du IBeAk». IBeAren laborategia da lagin horiek jasotzeko hautagaietako bat. Izan ere, laginak suntsitu gabe aztertzeko gaitasuna du, irudi-teknika espektroskopikoen bidez.
Bestalde, ESAren Rosalind Franklin (lehenagoko ExoMars) misioan parte hartzen ari da IBeA. 2030ean jaurtiko dela aurreikusten da. IBeAko kide batzuk RLS (Raman Laser Spectrometer) Tresnaren Zientzia Taldeko kide dira 2014tik. Haien lehenengo zeregina izan zen 2018ko abenduan ESAri emandako kalibratze-lagineko materialak definitzea. Ondoren, Oxia Planum lekuaren mapa geologiko xehea egiten parte hartu zuten. Hura izan zen misioaren lurreratze-eremua. Orbitadoreetatik detektatu diren eta Rosalind Franklin misioko tresnekin detektatuko diren Prozesu Geokimikoak Simulatzeko Laborategiko Azterketen Lantaldeko burua da IBeA.
Halaber, Zientzia Planetarioen Taldeak espazioan egiten dituen jarduerek —Mars 2020ren aurretik Venus Express eta Mars Express misioetan parte hartua da—jarraituko dute, Marteko meteorologia behatuz Mars Express ontziko VMC kamerak emandako irudien bidez, kamera horretaz arduratzen baita taldea. «Gainera, datorren apirilaren 14an misio berri batean murgilduko gara; oraingoan, Jupiterrera eta haren satelite nagusietara», Agustín Sánchez Lavega katedradunak azaldu duenez. Europako Espazio Agentziaren JUICE misioa egun horretan jaurtitzea aurreikusita dago. Haren helburua da planeta esploratzea eta haren ilargi diren Europa, Ganimedes eta Kalistoren baldintza astrobiologikoak aztertzea. Taldeak bi tresnatan hartzen du parte, bi ikerkiderekin: Ricardo Hueso irudiak emango dituen JANUS kameran, eta Agustín Sánchez Lavega MAJIS kamera espektralean, zeinak irudiak infragorrian hartu eta mundu horien konposizio kimikoa aztertuko baitu.