Artecherena superazio historia bat da. Enpresaren sortzaile Aurelio Artechek apustu irmoa egin zuen famili enpresa aurrera ateratzeko bere jaioterrian bertan. Baina ekintzailetzari lotutako historia bat ere bada, bere lehen urratsak Bilboko Gordoniz kaleko lokal batean eman zituena, ETE honek hantxe ekoizten baitzituen neurri-transformagailuak lizentziapean. Duela 76 urte izan zen hori. Arteche enpresa-talde bihurtu zen, eta gaur egun elektrizitatearen sektore osoa barne hartzen du, hasi sorkuntzatik eta garraiora nahiz banaketara, azaldu digu enpresako egungo presidente eta zuzendari nagusi Álex Artetxek. Sektoreko handien artean kokatua dagoelarik, 2.500 pertsonako plantilla du lau kontinentetan, eta 13 lantegi ditu, gaitasuna dutenak 175 herrialdetan saltzeko. Iaz 282 milioi euro fakturatu zituen.
Zure ustez, zein puntutan dago enpresa une honetan?
76 urte beteko ditugu lehenengo eguneko ilusioarekin; familiaren baloreak mantentzen dituen enpresa bat gara, baina nazioarteko presentzia duena, neurri-transformagailuen merkatuko liderra dena eta munduko onena errele osagarrien arloan. Gainera, sektore garrantzitsu batean gaude hil ala biziko momentu honetan, energiaren sektoreak trakzio-lana egiten baitu klima aldaketaren aurkako borroka eta trantsizio energetikoa bezalako erronkei aurre egiteko.
Eta zein tresna dauzkazue erronka horri aurre egiteko?
Presente gaude 175etik gora herrialdetan eta horietan denetan saltzen dugu. Bestalde, 13 lantegi ditugu Europan, Amerikan, Asian eta Ozeanian, eta 2.500 pertsona baino gehiagoko lantaldea daukagu mundu osoan. Gainera, ikerketan diharduten sei zentro ditugu, gure ahalegin pertsonal eta ekonomikoen zati handi bat (negozio-zifraren % 3 inguru) inbertitzen dugulako berrikuntzan eta I+G+B-ren sustapenean. Horrek guztiak aukera ematen digu ospe handiko marka bat defendatzeko mundu osoan.
Pozik zaude Taldeak 2022an izandako emaitzekin?
Laster argitaratuko ditugu emaitza finkoak, baina aurreratu dezakegu 2022a hazkunde urtea izan dela eta konpainiaren oinarriak errotzen jarraitu dugula geografia guztietan. Azken datu publikoak iazko lehen seihilekoari dagozkionak dira (ekaina): 3 milioi euroko irabazi garbiak lortu genituen -aurreko urtean 1,7 milioi izan ziren- eta diru-sarrerak 156 milioi eurora iritsi ziren, % 21,1eko hazkundea lortuz aurreko urteko epealdi berarekin alderatuta.
Zenbateraino eragin dizue nazioarteko testuinguru gorabeheratsuak?
2022ko finantza-magnitudeei dagokienez, eragin handia izan dute material eta logistika kostu altuek, eta horri gaineratu behar zaio Ukrainiako gerrak eta inflazioaren inpaktuak eragindako egoera makroekonomikoa.
Nolanahi ere, badirudi autokonplazentziak ez duela tokirik zuen egunerokotasunean, horregatik zentratu zarete “indartsuago” eta “nazioartekoago” egingo zaituzten Plan Estrategiko batean… Zer beharko duzue estatus berri hori lortzeko?
Aurten amaituko da gure plan estrategikoa, eta helburuak betetzen ari gara. Era berean, lanean ari gara datozen urteak gidatuko dituen plana aurkezteko. Gaur egun ezarpenak dauzkagu Espainia, Estatu Batuak, Txina, Mexiko, Australia, Turkia, Indonesia, Brasil eta Argentinan. Nazioartean zabalduta gaude duela hainbat hamarkadatatik, gure misioaren eta ikuspegiaren parte baita. Energiaren merkatuko eskaera da are indartsuago eta nazioartekoago izateko aukera ematen diguna. Munduko hainbat tokitan, esaterako Asiako merkatuan, badago premia sarea modernizatu eta trantsizio energetikora egokitzeko. Eta gu eragile garrantzitsua gara prozesu horretan.
Famili tradizio luzeko enpresa izaki, eta joan den ekainean burtsara irten ondoren, esango zenuke zuen erroak edo arimaren zati bat galdu duzuela?
Ongi errotuta gaude gure herrian, eta belaunaldiz belaunaldi eboluzionatzen eta nazioartean hazten joan gara gure sustraiak ahaztu gabe. Burtsara ateratzea beste urrats bat izan zen norabide horretan, besterik ez. Ongi hausnartutako erabakia izan zen, bai familia barruan eta bai familiatik kanpo, oso pauso garrantzitsua baitzen enpresarentzat. Gainera, familiaren helburua da etorkizunean proiektua gidatzen jarraitzea, orain arte egin bezala. Hortaz, familiarekiko zein lurraldearekiko loturak sendo jarraitzen du.
Zein da burtsako parkean egin duzuen lehen urtearen balantzea?
Tresna aparta izan da balioa sortzen jarraitzeko behar genuen kapitala lortzeko, eta horrek eragina izan du presente gauden toki guztietan. Eszenatoki horretan, Mungia eta Euskadi funtsezkoak dira Arteche Taldearen orainean eta etorkizunean.
Sener eta Famili Enpresaren Erakundeko (IEF) presidente Andrés Sengadortak duela gutxi adierazi zuen talentua atzematea dela honelako enpresen erronka handienetako bat. Zuentzat lehen mailako arazoa al da?
Ahalegin handiak egiten ari gara industria eta, zehazkiago Arteche Taldea, aukera erakargarri gisa aurkezteko talentu gazteari. Hainbat ekimenetan parte hartzen dugu ikastetxeak eta berrikuntza zentroak bisitatzeko eta geure burua aurkezteko, eta gainera ikasle taldeak hartzen ditugu gure egoitzetan, ikus dezaten zer egiten dugun. Gero eta profil tekniko gehiago behar dira, eta unibertsitatetik irteten den gazte kopurua mugatua da. Garai batean enpresek aukeratu egin zitzaketen langileak, gaur egun, berriz, enpresok balio-proposamen bat eskaini behar diegu hautagaiei euren karrera profesionalerako. Hortaz, sektore gisa dugun erronka handienetako bat da, eta Arteche Taldean badaukagu horretan diharduen langile multzo bat.
Bukatzeko, badut jakin-mina. Nola da posible Arteche Taldearen lehen bezeroa, sortu zen urtean bertan (1946) lortua, gaur egun oraindik ere zuen bezero eta, are gehiago, zuen bezero garrantzitsuenetako bat izatea?
Ikaragarri harro gaude. Elkarrekin parte hartzen dugu mundu osoko hainbat proiektutan, eta horrek esan nahi du gai izan garela kalitate estandarrak mantentzeko gure ibilbide osoan. Eta bezero oso exijentea denez, hazten eta hobetzen laguntzen digu.