Deskarbonizazioa, digitalizazioa eta talentua txertatzea, horra sektore aeroespazialaren erronkak

Sektore aeroespazialak erronka handiak ditu datozen urteetan, esaterako deskarbonizazioa, enpresen digitalizazioa eta talentu berria txertatzea etorkizuneko lantegian. HEGANek –Euskadiko Aeronautika eta Espazio Kluster Elkarteak- eta SIEMENSek “Industria adimendunaren erronkak sektore aeroespazialean jardunaldia antolatu dute erronka horiek aztertzeko, eta helburu horrekin bertaratu dira Cristina Oyón, SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun zuzendaria, hainbat enpresatako (Siemens, Airbus, ITP Aero, Aernnova, Aciturri eta Danobat) lehen mailako ordezkariak eta PERTE Aeroespacial planerako Komisionatuaren Bulego Teknikoko zuzendaria.

Cristina Oyónek Bizkaiko Zientzia eta Teknologi Parkeko (Zamudio) auditorioan eman duen hitzaldian adierazi du euskal enpresak, Industria Adimenduneko Estrategiaren bitartez, aurrera egin duela bere prozesuen automatizazioan eta hobekuntzan, eta konponbide malguak eta hainbat teknologia (robotizazioa, fabrikazio gehigarria, makina eta ekipoen arteko konektagarritasuna, etab.) txertatu dituela.

“Baina oraindik badaude eraldaketa digitalarekin eta baliabide material zein energetikoen erabilpen eraginkorrarekin lotutako erronka berriak. Industria Adimenduneko Estrategiaren helburua da berrikuntzaren eta fabrikazioko teknologia jasangarri eta digitalen onurak aprobetxatzea, baliagarri izan daitezen negozio-ereduak eta enpresen estrategia nahiz antolakuntza eraldatzeko eta, bide horretatik, gehiago orienta daitezen euren bezeroengana. Ikerketa eta digitalizazioa instrumentu bihurtu dira euskal industriari balio erantsi handiagoa emango dioten eta bere lehiakortasuna hobetuko duten produktu eta konponbide berriak garatzeko” gaineratu du.

Mikel Amundarain Industria eta Energia sailburuordeak eman dio buru jardunaldiari, eta azpimarratu du sektore aeroespazialak trakzio-lana egiten duela gizartearentzako aberastasuna, balioa eta kalitatezko enplegua sortzeko iturri gisa. “I+G-ko inbertsioa -adierazi du- funtsezkoa da merkatuko posizioari eutsi eta hobetzeko, eta bezero, erabiltzaile eta gizartearen eskakizunei erantzun ahal izateko. Ezagutzarekin eta garapen teknologikoarekin lotutako berrikuntza da lehiakortasun horri eusten dion motorra eta elementu bereizgarria, izan ere, I+G+B-ko programa eta jardueren helburua ez da bakarrik teknologia eta produktu berriak garatzea, baizik eta baita ere prozesu industrialak hobetzea, gero eta lehiakorragoak eta garbiagoak izan daitezen. Horregatik da estrategikoa sektore aeronautikoa”.

Jardunaldian sektorearen etorkizuneko lan-ildoak aztertu dira, esaterako, propultsio elektrikoa, hidrogenoa, erregai sintetiko alternatiboak, Hiriko Mugikortasunerako konponbideak eta digitalizazioa. Euskal enpresak horiek guztiak jorratzen ari dira, sektore aeroespazialaren erronkei aurre egiteko.