Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak NeskUP! Proiektuaren aurkezpenean hartu du parte, gaur goizean Gasteizen. Ekimenak Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen IKASLAN sareko (Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoak) zein Abantean HETEL sareko ikastetxeak biltzen ditu. Guztira, hiru lurraldeetako ehun ikastetxe inguruk hartuko dute parte proiektu honetan.
Oraindik ere, ia ez dago emakumerik Euskadiko Lanbide Heziketako arlo zientifiko eta teknologikoan, eta, desberdintasun horri amaiera emateko, ikastetxeek aurrerapauso bat egitea erabaki dute. Konpromiso irmo eta zehatza hartu dute STEM lanbide-arloetan matrikulatutako emakumeen kopurua handitzera bideratutako ekintzak garatzeko. Ikastetxeek ikasturte bakoitzean hiru ekintza egingo dituzte bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzeko, genero-arrakala desagerrarazteko, Lanbide Heziketako ziklo maskulinizatuenekin lotutako estereotipoen inguruan sentsibilizatzeko, STEM lanbide-alorretan Lanbide Heziketako neska ikasleen talentua aitortzeko eta lanbide-orientazioa hobetzeko. Ekimena STEM bokazioen sustapenaren alorrean erreferentziazko proiektu bihurtzeko asmoz jaio da.
WEB ATARIA
Ekintza horiek agerikoagoak izan daitezen eta beste ikastetxe batzuk eta, oro har, gizartea inspiratu ahal izateko, https://neskup.eus/eu/ ataria sortu da, neska gazteak ahalduntzeko eta STEM genero-arrakala delakoari amaiera emateko plataforma. Webgune berri honen bidez, halaber, ahotsa emango zaie beren lan-ibilbidea garatuko duten esparru profesionala hautatuz berdintasunaren alde borrokatzen hasiak diren neska ikasleei.
LEHIAKETA
Lanbide Heziketako ikastetxeek #NeskUP!2023 lehiaketa ere antolatu dute proiektuaren esparruan. Tik Tok plataformaren bidez, parte-hartzaileek hausnarketara gonbidatzeko eta STEM lanbideak ikusarazten laguntzeko bideo bat aurkeztu beharko dute. Bakarka edo taldean parte har daiteke, ikastetxeen bitartez. Izena webgunean dagoen inprimakiaren bidez eman beharko da, martxoaren 8tik aurrera. Kategoria bakoitzeko irabazleen izenak, bai eta sari-banaketa noiz eta non izango den ere, maiatzaren 8tik aurrera argitaratuko dira webgunean.
KOPURUTAN
- Lanbide Heziketako 26 lanbide-arloetatik 11 STEM lanbideekin lotuta daude: elektrizitatea eta elektronika; energia eta ura; eraikuntza eta obra zibila; fabrikazio mekanikoa; informatika eta komunikazioak; instalazioa eta mantentze-lanak; irudia eta soinua; elikadura-industriak; zura, altzariak eta kortxoa; kimika; eta garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak dira arlo horiek.
- Emakumeen eta gizonen presentzia ez da parekoa STEM zikloetan. Oro har, andrazkoena % 24 ingurukoa da, zerbait handiagoa Kimika edo Elikadura-industriak alorretan, besteak beste; baina industria-alorretan % 12ra murrizten da. 2027rako ezarritako helburuaren arabera, emakumeen presentzia industria-sektorean % 20ra bitarte handitzea aurreikusten da.
- Ziklo hauek lan-aukera ugariago, soldata hobeak eta garapen profesional handiagoa eskaintzen badituzte ere, andrazkoen bokaziorik ezak genero-arrakala areagotzen duen arazoa izaten jarraitzen du.