M8-ko manifestua:» Emakume gehiagok erabaki- eta lidergo-postuak betetzeko baldintzak sortu behar ditugu»

  • Lehendakariak Galizia, Asturias eta Kantabriako presidenteak bilduko ditu lurralde atlantikoen erronka eta interes komunei buruzko hausnarketa eta ekimenak partekatzeko
  • Bingen Zupiria: “Gobernuaren kezka merkataritza txikia eta ekoizleak babestea da”

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera.

Bere aldetik, Berdintasuneko sailburuak Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna, dela eta Gobernu Kontseiluak onatu duen Adierazpen instituzionala irakurri du, azpimarratuz Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasuna dela emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerantz aurrera egiten jarraitzea. “Gaur berdintasunaren sustapenarekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, ez bakarrik zeharka Jaurlaritzaren barruan, baita gure herriko gainerako erakunde eta gizarte-eragileekin elkarlanean arituz ere”, esan du.

Elkarlanerako nahi honen ondorioz, Martxoaren 8an, bat egin du Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek, Berdintasun Sailak eta Emakundek koordinatuta, Emakumeak Gora! kanpainarekin, elkarrekin gizarteari mezu bat helarazteko: emakume gehiago erabaki- eta lidergo-postuetan egotea ahalbidetuko dituzten baldintzak sortu behar ditugu. “Badakigu emakumeek bidean aurkitzen dituzten oztopoek ez dutela zerikusirik prestakuntza edo lidergo faltarekin- adierazi du sailburuak-; baizik eta txikitatik ikasten ditugun genero-rol eta estereotipoen eraginarekin, hauek gure ibilbide profesional eta bizi-ibilbide osoa baldintzatzen baitute”. Horrela, Nerea Melgosak emakumeek duten ahalmen guztia berdintasunean garatu ahal izatea defendatu du, “justizia sozialagatik behar dugu, baina baita gizarte hobe bat eraikitzeko, horrela ikuspegi anitzagoa, aberatsagoa eta osoagoa izango baitugu, gizartea osatzen duten persona guztiak ordezkatuko dituena”.

Martxoaren 8an, halaber, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen lehen urteurrena ospatzen da, “Lege horrek aukera emango digu berdintasun-egoera berri baterantz aurrera egiten jarraitzeko, arlo honetan aurreratuen dauden herrialdeen mailan”. “Eta berdintasunerako legeekin eta politika publikoekin batera, gizarte osoaren ekarpena ere behar dugu”, gehitu du.

BILERA ARKU ATLANTIKOA

Alde batetik, jakinarazi du Lehendakariak hurrengo Martxoaren 13an bilera deitu duela Ajuria Enea jauregian Galiziako, Asturiasko eta Kantabriako presidenteekin, lurralde atlantikoen erronka eta interes komunei buruzko gogoetak eta ekimenak partekatzeko. Zupiriak azaldu duenez, lau presidenteak lehen aldiz bilduko dira interkonexioekin eta trantsizio hirukoitzarekin lotutako gaiak jorratzeko (trantsizio berdea, digitala eta sozio-demografikoa) eta bilera hau testuinguru oso konkretuan egin da kontutan izanik pandemiaren ondorioek, Ukrainako gerrak eta egungo energia- eta klima-krisiek agerian utzi dutela interdependentzia eta Europaren erantzunak artikulatzeko beharra.

ELIKAGAIEN PREZIOA

Frantziako Estatuak banaketa-marka handiekin oinarrizko produktuak topatzeko lortu duen akordioari buruz galdetuta, Bingen Zupiriak azpimarratu du, Eusko Jaurlaritzaren eskumenen barruan, kezka merkataritza txikia eta ekoizleak babestea dela, eta familia ahulenei beharrezko laguntzak ematea premia biziko produktuak lortzeko.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Bozeramaileak gaurko bileran onartu den Segurtasun Sailaren 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren berri eman du. Dokumentu horrek elkarte, entitate edo organismoek Sailaren aldetik jasoko dituzten dirulaguntza guztiak biltzen ditu hainbat ataletan: Jokoarekiko adikzioak prebenitzeko; Gizarteak Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman parte har dezan sustatzeko, edo UPV/EHUrekin batera gorroto-delituen aurka lan egiteko programak dira, bai eta informazio ozeaniko-meteorologikoa, mugikortasun segurua edo ikerketa kriminologikoa lantzeko programak ere. Guztira, 1,5 milioi euro baino gehiago dirulaguntza guztietarako.

Garapen sozioekonomiko iraunkorrean laguntzeko helburuarekin, Jaurlaritzak Erosketa eta Kontratazio Berdearen hirugarren Programa abian jartzea ere onartu du gaurkoan, Bingen Zupiria sailburuak adierazi duenez. Programa horren helburua da Euskadiko sektore publikoaren eta pribatuaren erosteko ahalmena erabiltzea sostenigarritasun helburuarekin bat egin dezan eta, praktikan, Administrazioak egiten dituen erosketetan eta kontratazioetan ingurumen-klausulak txertatzeari buruzko instrukzioa aktibatzea dakar. Jarraibide hori Ihobe sozietate publikoarekin lankidetzan egin da.

Eta azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Gure Artea Sarien 2023ko deialdia onartu duela gaur goizean. Zupiriak azaldu duenez, arte plastikoa eta ikusizkoak sustatzeko helburuz ematen dira urtero Gure Artea sariak eta artistek euskal arte garaikideari eta euskal kulturari egiten dioten ekarpenaren aitorpena dira. Batetik sortzaileak saritzen dira, bai beren ibilbide profesionalagatik bai azken urteetan egindako jarduera sortzailearengatik, eta bestetik, beste agente batzuk ere saritzen dira arte plastiko eta ikusizkoen arloan izandako jarduera orokor edo zehatzarengatik.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena