Donostiako Udal Suhiltzaileen parkeak ateak herritar guztientzat zabalduko ditu berriro

Donostiako Udalak Suhiltzaileen parkeko ateak irekiko ditu herritarrentzat San Joan Jainkoarena suhiltzaileen patroiaren eguna ospatzeko. Hitzordua datorren larunbatean, martxoaren 11n, izango da, 10:00etatik 13:00etara.

2019ko arrakastaren ondorioz, eta parkeko langileen eguneroko lana ezagutarazteko eta bere funtzioak ikusgarri egiteko, Udalak neurriak hartuko ditu parkera hurbiltzen diren pertsona guztiek prestatutako jarduerekin gozatu dezaten.

Martin Ibabe Herri Segurtasuneko eta Babes Zibileko zinegotziak azaldu duenez, «jardunaldira jende asko joan daitekeenez, parkeko arduradunek herritarren laguntza eskatu dute bisitak modu arinean antolatu ahal izateko. Aldi berean, jarduera amaitu ondoren, instalazioak uzteko eskatu du, beste familiei lekua uzteko”.

Zinegotziak azpimarratu duenez, “jolas eta festa egun bat izango da, eta haurrek nahiz helduek ondo pasatuko dute programatutako jarduerekin».

Jarduerak

Donostiako Udaleko Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuak (PSISZ) bi jarduera antolatu ditu egun berezi hau ospatzeko:

Batetik, martxoaren 8an, ostegunean, Garberako suhiltzaileen parkeko langile batzuk bisitan joango zaizkie Donostiako Ama-Haurren Ospitalean eta Ospitale Psikiatrikoan dauden pertsonei.

Bestalde, martxoaren 11n, larunbatean, herritarrentzat zabalduko dituzte Garberako Suhiltzaileen Parkeko ateak (Otxoki pasealekua, 100), 10:00etatik 13:00etara. Jardunaldi horietan, parkeko askotariko langileek hartuko dute parte (administrariak, komunikazio zentraleko operadoreak, lantalde guztietako suhiltzaileak, eta abar).

Jarduera horren helburu nagusia da PSISZk, sua itzaltzeaz gain, gaur egun zer beste programa eta zerbitzu eskaintzen dituen erakustea.

Gainera, bertaratzen direnei suteak prebenitzeko nozio txiki batzuk emango zaizkie.

Programatutako jardueren artean (batzuk barruan izango dira, eguraldi txarra egiten badu ere, eta beste batzuk kanpoan), honako hauek azpimarratu behar dira: marrazki lehiaketa, labirintoak eta abar haurrentzat; eskailerak, labirintoa eta abar herritar guztientzat; eta hainbat lantegi, etxean suteren bat izanez gero zer sentitzen den jakiteko. Azken proposamen horiek baliagarriak izango dira halako egoeretan zer egin behar den ikasteko.

Dbus

Garberako merkataritza-gunetik doako autobus zerbitzua antolatu da 09:30etik aurrera.

Bestalde, Dbusen 31. lineak (Intx-Ospitaleak-Altza) Suhiltzaileen Parketik gertu ditu geltokiak:

– Santa Barbaratik (Altza) Garberatik igarota. Irteerak 7:20tik Sta Barbaratik, 30 minutuero

– Ospitaleetatik irten, Loiola, Txomin eta Garbera igaro. Ospitaleetako irteerak 8:20tik, 30 minutuero.