- Lakuabizkarrako eraikina eraikitzeko diseinuak, materialek eta teknologiak energia-eraginkortasuneko eta jasangarritasuneko irizpideak jarraitu dituzte
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak eta Etxebizitzako sailburuorde Pedro Jaureguik Gasteizko Lakuabizkarra auzoan Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako Zuzendaritza amaitzen ari den alokairuko 92 zuzkidura-bizitokien obrak bisitatu dituzte asteazken honetan. Bizitoki horiek 36 urtetik beherako gazteen emantzipazio-prozesuari laguntzeko izango dira. Ekitaldian, Etxebizitzako arduradunak azpimarratu duenez “oso garrantzitsua da parke publikoa handitzea alokairu-erregimenean, Gasteizen, esaterako, herritarren benetako beharrei erantzuteko. Izan ere, Etxebiden 2.600 gazte baino gehiago daude izena emanda horrelako etxeen eskatzaile gisa”.
Eraikinak lau solairu eta garajea ditu erdisotoan, eta energia-eraginkortasunaren (kalifikaziorik altuena lortu du, A) eta jasangarritasunaren parametroen arabera eraikitzen ari dira: U formako konfigurazioa du, iparralderantz irekitako patio bat eratzen du, eta bizitokiek fatxada eguzkitsuetara ematen dute; fatxada aireztatua da, eta isolamendu-geruza bat du material jasangarriekin –artile minerala–. Estalkia laua da, eta 153 plaka fotovoltaiko ditu, elektrizitate-eskariari erantzuteko. Horrez gain, geotermia-sistema bat du –bero-bonbekin– ur bero sanitariorako eta berokuntzarako.
92 zuzkidura-bizitokietatik 90 gazteen kupoari zuzenduta daude. Gainerako biak mugikortasun murriztua duten pertsonentzat dira; beraz, apartamentu horietako bi ezaugarri horiek dituzten pertsonentzat egokituta daude, eta bi logela dituzte. Gainerako 90 bizitokietatik, 78k logela bat dute eta 12k bi logela. Sustapenak lurpeko 53 garaje-plaza ditu, eta bizikletentzako aparkaleku bat barruko patioan. Guztira, Saila 8,3 milioi euro inbertitzen ari da sustapen honetan.
Apartamentuak aldi baterako bizitzeko izango dira –gehienez ere bost urtez– esleipendunentzat, hau da, Etxebiden izena emanda egonik merkatu librean etxe bat eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat. Apartamentu horietan bizi diren bitartean, hileko kanon bat ordainduko da, baina ez da izango diru-sarrera haztatuen % 30 baino gehiago. Hornidurei dagokienez, bizitoki bakoitzak AUGE sistema izango du. Sistema horrek, aurreordainketaren formularen bidez, gastuak kontrolatzea eta kontsumo-estatistikak eskuratzea ahalbidetzen du, bai etxe horrenak beste une batzuetan, bai eraikinaren gainerako erabilerei dagokienez.
Une honetan, apartamentu horiek esleitzeko prozedura martxan dago, 600 pertsona onartuta baitaude baldintzak betetzeagatik. Pertsona horiek ezin dute etxebizitza bat jabetzan eduki, gehienez lau kideko bizikidetza-unitate baten parte izan behar dute, Etxebiden, Gasteizen edo Araba Erdialdeko eremu funtzionaleko udalerrietan izena emanda egon behar dute, eta 3.000 eta 39.000 euro arteko diru-sarrera haztatuak izan behar dituzte. Azken bi baldintza horiek ez dira kontuan hartzen mugikortasun murriztua duten pertsonen edo genero-indarkeriaren biktimen kasuan, eta baldintza ekonomikoa ez da sartzen etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsonen kasuan.
Gasteizen eta Araban alokairu eskuragarriaren aukerak indartzearen aldeko apustua
Iñaki Arriolak azaldu duenez, “etxebizitza-eskasia arazo larrienetako bat da, bereziki bizitza-proiektu bat hasi nahi duten gazteenentzat; alokairuko zuzkidura-bizitokiak oso figura espezifikoa dira, emantzipazio-prozesuan haiei erantzuten saiatzen direnak”. Lakuabizkarrako 92 zuzkidura-bizitokien ondorioz, bikoiztu egingo da Alokabidek Araban kudeatzen duen apartamentu-parkea; izan ere, une honetan beste 91 daude –horietatik 79 Gasteizen eta 12 Iruña Okan–. Gainera, beste sei daude obretan une honetan hiriburuan, Loft Study House programa pilotuaren esparruan, beheko solairuko lokalak apartamentu bihurtzeko.
Sailburuak gogorarazi du Etxebizitza Sailak mila gazteri baino gehiagori ordaindu diela Gaztelagun laguntza, 2019an abian jarri zenetik alokairua merkatu librean ordaintzeko, eta horietako 728k une honetan laguntza hori jasotzen jarraitzen dutela. Sailak, bestetik, Alokabidek kudeatutako alokairuko 3.812 etxebizitza ditu, eta horiei Visesa sozietate publikoa gaur egun Salburuan bi sustapenetan eraikitzen ari den 318 etxebizitza gehituko zaizkie. Hain zuzen ere, asteazken honetan bertan argitaratu da Etxebiden hasiera-agindua, interesdunek alokairuko lehen 152 etxebizitzak esleitzeko prozesuan izena eman dezaten. Guztira, Salburuako bi eraikuntza horien, Lakuabizkarrako bizitokien eta Portal de Arriagako sei bizitokien artean, Etxebizitza Saila alokairuko 416 etxe eraikitzen ari da Gasteizen, eta guztira 35,9 milioi euroko inbertsioa egin du.