Lehendakariak behetik gora eraikitako Europa aldarrikatu du, RLEG gutunaren arabera eskumen legegilea duten lurraldeentzako ahotsa EBean, baita Hagako Kongresuaren 75. urteurrena, Europa barneko energia-sare berriak, Arku eta Makroreskualde Atlantikoa eta Euroeskualdea.

Lehendakariak inauguratu du Espainiako Europazale eta Federalisten Batasunaren IV. Biltzarra; Bilbon egingo da biltzar hori

Lehendakariak adierazi du “behetik gora eraiki” behar dela Europa, herriek, nazioek eta legegintza eskumenak dituzten eskualdeek “Europar Batasunaren eraikuntzan parte hartzeko aukera” emango digun berezko espazio bat aurki dezaten. Horixe adierazi du Espainiako Europazale eta Federalisten Batasunaren IV. Biltzarreko entzuleen aurrean, izan ere Bilbon egingo da biltzar hori egun hauetan eta hori inauguratzeko ekitaldiaren buru izan da gaur goizean.

Iñigo Urkulluk hitzaldiari ekin dio esanez, Hagako Biltzarraren 75. urteurrena bete denean, Europak hainbat erronkari egin behar diela aurre, “historikotzat” jo daitekeen une batean. Izan ere, “lehen aldiz ikusi dugu nazioarteko arau-esparrua nabarmen hausten ari dela Errusiak Ukrainari egindako erasoarekin, eta horrek ondorio katastrofikoak dituela” −esan du.

Bere iritziz, “EB ekialderantz biratzen ari da herrialde baltikoek, Poloniak eta Ukrainak osatutako espazio ekonomiko berri bat agertu baita. Horrekin batera, beste bektore energetiko bat azaldu da: hidrogenoa, energia garbien sustapena eta Europa barneko sareen garapen desorekatua, horren erakusgarri”. “Argi dago zero emisioko Europa lortzeko energia-hornidurako kate berriak eta mugikortasun modu aurreratuak beharko direla” –adierazi du.

Ildo horretan, kezka agertu du Atlantikoa Europa 2030aren garapenean baztertuta gera daitekeelako Europan barneko garraio-sareen arloan –batez ere trenbideei dagokienez–, baita hidrogenoaren korridore atlantiko bati buruzko plangintzarik ez dagoelako ere.

Horregatik guztiagatik, Iñigo Urkulluk eskatu du Arku Atlantikoa “Europan lehentasunezko ekintza-ardatz bat” izan dadila eta Makroeskualde bat sortzearen alde egin du “Atlantikoko lankidetza-eremu baten hasiera izan litekeena –esan du− maila anitzeko gobernantza gauzatzeko, estatu barruko nazio eta eskualdeak, eta gizarte zibileko eragile ekonomikoak eta sozialak bilduta bertan”.

“Euroeskualdea, Makroeskualde atlantikoa edo RLEG Gutuna Euskadiren proposamenak dira, izan ere Euskadik Europa berri integratuago, solidarioago eta federalago baten etorkizunean parte hartu nahi du, subsidiariotasun-printzipioan oinarrituta. Argi dago 1948ko ideal federalistak indartsua izaten jarraitzen duela” −esan du amaitzeko.

Informazio gehiago

REVIE