Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleko Erradiodiagnostikoko Zerbitzuak bere instalazioak eta ekipamendua berritu ditu, sarbidea eta eskaintzen dituen prestazioak hobetzeko. 732.434,26 euroko inbertsioa egin da, eta obra udarako amaitzea aurreikusten da.
Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleko Erradiodiagnostikoko Zerbitzuak, irisgarritasuna hobetzeko asmoz, Kanpo Kontsulten sarreratik bertara iristeko sarbide-gune guztiak berrantolatu ditu. Zerbitzuaren sarreran ate automatikoa jarri da eta itxarongelako guneak bereizten zituzten trenkadak kendu egin dira; horrek, ikuspena mesedetzen du, eta ondorioz, zerbitzua hobetzea dakar, gune zabalagoa eta argiagoa lortu delako. Aldaketa horiei esker, zirkulazioa hobetu da, eta erabiltzaileak era zuzenagoan artatzen dira.
Halaber, profesionalentzako aldagela berriak egin dira, eta Kanpo Kontsultetako Informazio/Onarpen gune zaharra Erradiodiagnostikoko Zerbitzuaren administrazio-eremu gisa gaitu da; goitik behera berrituta, baita ekipamendua ere. Oro har, geletarako eta kabinen eremurako sarbideak birkokatu, aldatu eta hobetu dira, aprobetxamendu hobea lortuz, eta ekipamendu mediko berriak instalatzeko beharrezkoak diren espazioen birbanaketa-, azpiegitura-lan guztiak egin dira.
- gelan telekomando digitala instalatu da; horretarako, espazio guztiak birbanatu dira eta instalazio elektriko eta argiztapen-instalazio guztia aldatu. Gela telekomandoaren funtzionamenduak eskatzen dituen dimentsioekin birkonfiguratu da, inguratzaile guztia beruneztatuta eta erradiaziotik babestuta utziz. Airea girotzeko eta berritzeko instalazioa ere eraberritu da, espazio berrietara eta zerbitzuaren eskakizunetara egokituz.
- gelan Canonen Ultimax-i modeloko telekomando xedeanitz modernoa instalatu da; Osakidetzan ezaugarri horietako lehena. Telekomando horren abantaila handienetako bat da, mahaiari erantsitako C arkuari esker, x-izpien hodiaren kokapena alderantzikatzeko aukera dagoela eta, hortaz, prozedura interbentzionista inbaditzaileak egin daitezkeela, batez ere diagnostikoak egiteko. Horretarako, gela horrek betekizun ugari dauzka:
- Tratatutako eta H14 iragazkiak (iragazki absolutuak) baliatuz iragazitako airea, klimatizagailu independentearen bidez (ISO7 airearen kalifikazioa).
- Sendagasen harguneak eta gas anestesikoen zero emisio lortzeko SEGA hargunea, bi puntutan.
- Hargune elektrikoak eta zati metalikoak, zoru eroaleadun isolamendu-transformadorearen bidez. Isolamendu-neurgailuak eta atea irekita dagoela ohartarazteko argia.
- Erraz garbi daitezkeen hormak, eta zoruarekiko elkargune erdibiribilak.
- LED argiztapen doigarria eta sabai estankoak.
- Garbien eta zikinen bereizitako konketa.
- Ate eta sarbide ahalik eta estankoenak, gelan bertan airearen kalitatea bermatzeko.
Hologic mamografo berriak puntzio mamografikoko funtzioak dauzka eta egungo estereotaxia-mahaia ordezkatu du. Ekipamenduak behar den eran funtziona dezan gela beharrezko dimentsioekin birkonfiguratu da; hala, eraikitako azalera handitu da, eta inguratzaile guztia beruneztatuta eta erradiaziotik babestuta utzi. Instalazio elektrikoa eta argiztapenekoa eraberritu, kanalizatu eta birbanatu egin dira, eta sarbideak hobetu dira, ohatilak sartzea ahalbidetzeko kabina baten igarotze-zabalera areagotuz. Zoladuren, hormen eta sabaien akabera guztiak eguneratu, modernizatu eta hobetu egin dira, eta altzari berriekin hornitu.
Bestalde, ortopantomografo berria jarri da Basauri-Arizko Anbulatorioan, eta, ekipamendua ordezkatu dela probestuz, gela handitu da eta sarrera independenteak jarri pazienteentzat eta profesionalentzat. Gainera, ekipamenduaren posizio-aldaketari esker, pazientea hobeto ikusten da kontrol-gunetik, eta lan-eremua erosoagoa da.
Galdakao, 2023ko martxoaren 8a