- Enpleguaren aldeko Hirien XXVI. Foroan parte hartu du
Lan eta Enplegu Sailak etorkizuneko Enpleguaren Euskal Legearen aurreproiektua aurkeztu du gaur Bartzelonan. Aurreproiektu horren arabera, arlo horretako politika aktiboetan lan egiten duten eragile guztiak ordenatuko dira, eta berrikuntza nagusia prestakuntzarako eta lan-aktibaziorako eskubide subjektiboa aitortzea izango da.
Enpleguko eta Gizarteratzeko zuzendari Francisco Pedrazak Enpleguaren aldeko Hirien XXVI. Foroan parte hartu du gaur. Tokiko lankidetza-sare hori enplegu-politika aktiboen tokiko dimentsioa indartzera bideratuta dago, jardunbide egokien trukearen bidez, administrazioen eta gizarte osoaren arteko lankidetzaren bidez. Esparru horren helburua da tokiko enplegu-zerbitzuek beren jardunen inpaktua eta emaitzak areagotzeko dituzten gaitasunak hobetzea. Esparru horretan, Enpleguari buruzko Euskal Legearen aurreproiektua aurkeztu du, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak zuzentzen duen sailak bultzatzen duena, eta aurten bertan onartzea espero dena.
Foroaren aurrean egindako hitzaldian, Pedrazak nabarmendu du garrantzitsua dela Euskadik «lehen aldiz Enplegu Lege bat izatea, administrazio guztiek eta prestakuntza, gizarte eta ekonomia-eragile guztiek bultzatzen dituzten ekintza guztiak antolatzeko, eraginkorragoak izan daitezen», eta berretsi du horrekin herritar-eskubide berri bat txertatuko dela, arlo publikotik pertsona guztiei bermatuko diena prestakuntza egokia izatea, lan bat aurkitzeko edo lan hobea lortzeko.
Ildo horretan, gogorarazi du hori duela sei urte adostu zutela Europako herrialdeek Gizarte Zutabean, eta lege horrek Lanbideren bitartez ahalbidetuko duela eskura dituen tresnekin arina izatea, bai herritarrek prestakuntza-eskaintza hori eskatzen dutenean, bai enpresekin sortzen zaizkien beharretara egokitutako profil jakin batzuk eskatzen dituztenean.
Era berean, Enplegu zuzendariak adierazi du beharrezkoa dela bermatzea udalek, kaleko errealitateari gehien lotutako erakundeak baitira, aktiboki parte hartuko dutela enplegu-politika publikoen diseinuan, eta horretarako beharrezko finantzaketa izango dutela.