Gaur goizean, Euskal Herriko Unibertsitateak Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldi instituzionala egin du, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Areto Nagusian, Donostian. Ekitaldiaren buru Eva Ferreira errektorea izan da, eta bertan unibertsitateko zazpi kide omendu dira, emakumeen eskubideen defentsan egindako ibilbideagatik: Mari Luz Esteban Galarza (Arteak eta Giza Zientziak); Mirari Antxustegi Bengoetxea (Zientziak); Paz De Corral Gargallo (Osasun Zientziak); Maggy Barrère Unzueta (Gizarte eta Lege Zientziak); Enkarni Gómez Genua (Ingeniaritza eta Arkitektura); Lourdes Arrien Marina (Administrazio eta Zerbitzuetako langileak); eta, in memoriam, Vicky Ateca Amestoy.
Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak emakume horiek berdintasunaren alde duten konpromisoa nabarmendu du. “Zuen kasuan, egindako lana saritu dugu, baina belaunaldi gazteenei begira, ereduak eta erreferenteak behar dituzten emakume horientzat gidari izateko gaitasuna ere saritzen dugu. Erreferente horiek ez dira falta, historian zehar ez dira inoiz falta izan, baina sarritan ikusezin geratu dira. Orain, zorionez, jada ez da gertatzen.”
Halaber, Francisca de Aculodi, María Goyri eta Micaela Portilla sariak eman zaizkie genero ikuspegidun gradu amaierako lanei, master amaierako lanei eta tesiei, hurrenez hurren. Zehazki sarituak izan dira GrALen egile hauek, Arte eta Giza Zientzietan, Eneko Sagarzazu Martínez eta Alejandro Rodríguez Schnell; Ingeniaritza eta Arkitekturan, Ander Barrio Campos; Zientzietan, Cristina Arranz San Pedro; Gizarte eta Lege Zientzietan, Enara Tapia Larrakoetxea eta María López Morales, eta Osasun Zientzietan, Miren Santos Erice eta Amaia Martinez Galdós; MALetann, Noelia Ponte Alonso, eta tesietan, saria Irati Leon Hernandez eta akzesita, Itxaso Fernandez Astobiza.
Errektorearen hitzetan, “sari hauek esker oneko eta ospakizunerako aukera dira. Baina, gaur ere, jakintzaren arlo guztietan lanak egitearen garrantzia nabarmendu nahi dut, horrek ezagutza ematen baitigu generoaren ikuspegitik. Ikerketa ezinbestekoa da diagnostiko egokiak egiteko. Zuen lanek erakusten dute Euskal Herriko Unibertsitatean berdintasuna oso errotuta dagoen balioa dela, politika aktiboak sortzeaz gain, ikerketa-dimentsioa ere baduelako.”
Ekitaldia amaitzeko, bertso saio bat egin dute Alaia Martinek eta Miren Amurizak, Amaia Agirre gai-jartzaile zutela.