Euskal Ekonomia 2023an % 1,5 eta 2024an % haziko da, eta 10.000 enplegu sortuko dira ekitaldi bakoitzean

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen ekonomiko berriak jakinarazi ditu —EUSTATen azken datuak izan ondoren—. Aurreikuspen horien arabera, % 1,5eko hazkundea izango da 2023an, eta % 2,1ekoa 2024an. Bi ekitaldietan 10.000 enplegu sortuko dira, eta langabezia-tasa % 8,2koa izango da 2023rako, eta % 8,0koa 2024rako. Ziurgabetasun handia mantentzen delako egin da berrikuspen hori. Hala, Ukrainako gerrak eta inflazioaren iraunkortasunak arriskugune nagusi izaten jarraitzen dute.

Aurreikuspen berriak ikuspegi kontserbadore eta zuhur batetik egin dira, jakinda Europako Banku Zentralak tasak maximo historikoetara igotzen jarrai dezakeela azpiko inflazioaren iraunkortasunaren aurrean, eta horrek hazkundea oztopatuko lukeela, baina jakitun, halaber, aurten bertan hasiko direla ehun sozioekonomikora iristen Europako suspertze- eta erresilientzia-funtsak. Izan ere, horien eraginak urteko BPGd-aren % 1,6 eta % 2,3 artean gehitu diezaioke aurreikusitako hazkundeari 2021-2026 aldian, horrek ekar ditzakeen arraste-ondorioak kontuan hartu gabe.

Iñaki Barredo Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordea eta Alberto Ansuategi Ekonomia eta Plangintzaren zuzendaria sailburuarekin batera izan dira aurkezpen honetan. Bertan, euskal ekonomiaren erresilientzia nabarmendu da, % 1,8ko hazkunde potentziala baitu.

Testuinguruak erakusten duenez, pandemiak ezarritako murrizketak ezabatuta, 2022aren hasieran ezohiko aldakuntza-tasa handiak erregistratu ahal izan ziren, baina Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, ziurgabetasuna ekonomia garatuen artean hedatu zen, eta horrek pandemiaren ondorengo susperraldiaren erritmoa geldiarazi du. Hala eta guztiz ere, Euskadiko urteko saldoa oso positiboa izan da, BPGd-aren batez besteko hazkundea % 4,4 izan baita —Europako herrialde nagusietako zifren gainetik—.

Sailburuak azaldu duenez, “hazkunde ekonomikoari maila fisiko esanguratsuetan eusten lagundu dute lan-merkatuaren dinamismo handiak, gobernuek eragile ekonomikoen erosteko ahalmenaren jaitsierak arintzeko abian jarri ditugun neurriek eta, beharbada, pandemian zehar familiek pilatu zuten aurrezte-koltxoiak”.

TAULA MAKROEKONOMIKOA

EUSKAL EKONOMIARAKO HIRU HILEROKO AURREIKUSPENAK (2023ko martxoa)

2023 2023 2024
I II III IV
BPGd 2,1 0,9 1,5 1,6 1,5 2,1
Azken kontsumoko gastua 1,7 1,2 1,3 1,5 1,4 2,1
Etxeetako kontsumo-gastua 1,6 0,1 1,0 1,6 1,0 2,3
Herri-administrazioen kontsumo-gastua 2,3 5,0 2,4 1,2 2,7 1,3
Kapital-eraketa gordina 1,6 2,0 3,0 2,9 2,4 4,1
Barne-eskariaren ekarpena 1,8 1,3 2,4 1,8 1,8 2,5
Kanpo-saldoaren ekarpena 0,4 -0,3 -0,9 -0,3 -0,3 -0,4
Lehen sektorea 4,0 -4,8 -3,2 5,1 0,0 1,2
Industria eta energia 1,0 0,2 2,8 0,7 1,1 1,8
Eraikuntza 1,4 1,0 0,4 -0,2 0,6 1,6
Zerbitzuak 2,6 1,4 1,4 1,9 1,8 2,3
Balio erantsi gordina 2,2 1,0 1,6 1,5 1,6 2,1
Produktuen gaineko zergak 2,0 0,7 0,9 1,1 1,2 1,8
BPGd nominala 6,5 5,4 4,9 4,9 5,4 5,1
BPGd deflatorea 4,3 4,4 3,4 3,3 3,9 3,0
Lanaldi osoko lanpostuak 1,5 0,7 0,7 0,6 0,9 0,9
Pertsona okupatuak (BJA) 1,1 0,2 0,5 0,1 0,5 0,4
Langabezia-tasa 8,3 8,5 7,8 8,3 8,2 8,0

Iturria: Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza.

Industria izan zen 2022ko hazkundearen zutabeetako bat, urteko batez besteko % 4,6ko tasarekin —ekonomiaren batez bestekoa baino pixka bat handiagoa—.Europan udaz geroztik bereziki bizi izan zen espektatiben txartzeak sektorearen bultzada handia geldiarazi zuen, sektorea nazioarteko lehiari oso irekia baitago. Hala ere, eskaera berrien eskariak, barnealdean zein kanpoan, ahalbidetu zuen industriak pandemian galdutako eremuaren zati bat berreskuratzea, nahiz eta haren balio erantsia 2019koa baino txikiagoa den oraindik.

Eraikuntzak atzean utzi zuen 2022ko lehen seihilekoan erakutsitako ahulezia, lehengaien garestitzeak eta botila-lepoak geldiarazita baitzegoen. Murrizketa horiek leunduz joan ziren hilabeteak igaro ahala, eta eraikuntzak eta obra zibilak gero eta dinamismo handiagoa erakutsi zuten urtearen azken tartean.

Zerbitzuek oso aldeko irudia eman zuten 2022an, % 4,7ko batez besteko hazkundearekin. Industriaren antzeko hazkundea izan zuten, baina horrek baino dezelerazio txikiagoarekin. Laugarren hiruhilekoan, aldakuntza-tasa % 3,2koa zen oraindik. Sektorearen barruan, nabarmendu egiten da merkataritzaren, ostalaritzaren eta garraioaren blokeak mantentzen duen dinamismo handia (% 6,5) —pandemiaren murrizketek gehien ukitutako blokea izan zen—, eta, iritsi gabe, 2019an erregistratu zituen balioetara hurbiltzen ari da.

Eskariaren ikuspegitik, nabarmentzekoa da kanpo-sektoreak pisua galdu duela BPGd-aren hazkundean. Izan ere, urtearen lehen erdian, kanpo-saldoaren ekarpena bi puntutik gorakoa izan zen, eta laugarren hiruhilekoan, berriz, ekarpen hori puntu erdia baino zertxobait handiagoa baino ez zen izan. Bestetik, zifra horrek iradokitzen du aldagai horrek pandemiaren aurretik erakutsi ohi zuen neutraltasunera itzuliko dela. Alde batetik, ondasunen eta zerbitzuen esportazioak, termino errealetan, % 4,9 hazi ziren laugarren hiruhilekoan —aurreko aldiaren ia erdia—.Bestetik, inportazioak % 4,7 handitu ziren urtetik urtera.

Barne-eskariak hazkunde egonkorra izan zuen 2022aren zati handi batean, eta laugarren hiruhilekoan % 2,5eko hazkundea izan zuen, aurreko bi hiruhilekoekiko oso bestelakoa. Inbertsioaren portaera nabarmendu behar da haren osagaien artean. Kapital-eraketa gordinak % 2,9ra arte leundu zuen bere aldakuntza-tasa, ekipo-inbertsioaren (% 3,6) eta gainerako inbertsioaren (% 2,5) bultzada txikiagoaren ondorioz. Produkzio-kostuen igoerak eta espektatiben okertzea dira inbertsioaren dinamismo-galera hori azaltzen duten arrazoietako bi, nahiz eta aldakuntza-tasek nabariak izaten jarraitzen duten.

Inflazioa da egungo baldintzatzaile nagusietako bat, aldagai makroekonomikoetan duen eraginagatik (kontsumo pribatua, inbertsioa, moneta-politika, etab.). Urtearen hasieran, KPIaren jaitsiera gelditu egin da, eta otsailean % 5,8koa izan zen, hura % 2an ezartzeko Europako Banku Zentralaren helburutik oso urrun. Espero izatekoa da martxoan berriro beheranzko bideari heltzea, 2022ko hilabete beraren aldean —energiaren garestitzeak eragin zion—.

Aurreikusten da kontsumo pribatua moteldu egingo dela 2023ko lehen erdian, inflazio handiak erosahalmenean dakarren murrizketagatik. Hala ere, kontsumo-prezioen igoera moteldu egingo da martxotik aurrera, eta, horri esker, familien kontsumoa suspertu egingo da urtearen bigarren erdian. Bestalde, inbertsioak nolabaiteko dinamismoari eutsiko dio, testuinguru ekonomiko zaila gorabehera, eta urteko batez bestekoan % 2,4 inguru haziko da aurten.