Euskadik Suedian parte hartuko du eskualde Periferikoen eta Itsas Eskualdeen Konferentzian, EBko kohesio-politikaren etorkizunari heltzeko

Iñaki Barredo Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuordeak Eskualde Periferikoen eta Itsasokoen Konferentzian (EPIKen) parte hartuko du ostegun honetan. Foro hori Suediako Linkoping herrian egingo da, eta kohesio-politikaren etorkizuna aztertuko du Europar Batasunaren esparruan. Testuinguru horretan, Euskadik kohesio-politikaren edukiak birpentsatzen jarriko du arreta, Europa murgilduta dagoen trantsizio hirukoitzaren esparruan: digitala, ingurumenekoa eta soziala. Gainera, Barredok Europako finantzaketa-mekanismoek bat egiteko eremuak sortzeko aukera planteatuko du, eta burokrazia murrizteko premia larria aipatuko du.

EPIKek think tank gisa dihardu. Europar Batasuneko 24 estatuko eta handik kanpoko 160 eskualde baino gehiago biltzen ditu, eta 200 milioi pertsona inguru ordezkatzen ditu. Bere helburuen artean dago Europako lurraldearen garapen orekatuago baten alde egitea. 2022-2024 aldi honetan, Iñigo Urkullu lehendakaria da EPIKeko Arku Atlantikoaren Batzordeko burua.

Linkopingeko bi lanegunetan (martxoak 22an eta 23an) aurreikusitako eztabaiden ondoren, azken proposamen batzuk egin eta adostuko dira. Barredo sailburuordeak lan-mahaian parte hartuko du. Bertan aztertuko da 2027tik aurrera egiturazko erreformek eta emaitzen araberako ordainketek kohesio-politikan izan dezaketen zeregina.

1973an sortu zenetik, EPIKek bere ekintza bideratu du eskualde kideen beharrak eta interesak lurraldean eragin handia duten politiketan kontuan hartuko direla bermatzera. Batez ere gizarte-, ekonomia- eta lurralde-kohesioa, itsas politikak eta irisgarritasuna ditu ardatz. Europako gobernantza, energia eta klima-aldaketa ere bere jardueraren esparru garrantzitsuak dira.

Bidaia horretan, Iñaki Barredo sailburuordea Alberto Ansuategi Ekonomia eta Plangintza zuzendariarekin batera joan da.