Gobernu Kontseiluak 1,4 milioi euroko deialdia onartu du arte eszenikoen ekoizpen profesionalak sustatzeko

Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren deialdiaren helburua antzerki, dantza eta zirku ekoizpen profesionalak sustatzea da horretarako 1.400.000 euroko dirulaguntza onartu du. Horrela produkzio eszenikoa ahalbidetzen duten prozesu desberdinak finantzatuko dira. Neurri horren bitartez, euskal konpainien sorkuntza-lana bultzatzeko formula lortu nahi da eta, bide batez, talde horien ahalegina aitortzeaz gain, beren lanak beste merkatu batzuetara zabaltzeko aukerak eskaini, beren finantzabideak ugaritu daitezen.

Deialdi honetara bideratuko diren 1,4 milioi euroak honela banatuko dira:

  • Hitzartutako zirkuitua duten produkzioak egiteko laguntza: 245.000 euro bideratuko dira 2023ko uztailaren 1aren ondoren eta 2024ko azaroaren 30a baino lehen estreinatzen diren produkzio-proiektuak laguntzera. Kalean programatuko diren ekoizpen proiektuak 2023ko maiatzaren 18tik aurrera estreinatu ahal izango dira. SAREAren antzokiekin hitzartutako bira bat aurkezten badute ere eskuratu ahal izango dute dirulaguntza beti ere SAREAren antzokiren batean ekoizpena estreinatu eta hurrengo lau hilabeteetan egiten bada.
  • Produkzioak I egiteko laguntzak: Izaera profesionaleko lehen proiektuak, izaera berritzaile esanguratsua duten proiektuak eta berariaz ikerketara eta esperimentaziora bideratutako obrak lagunduko dira diruz. Laguntzen zenbatekoa 175.000 eurokoa da. 75.000 euro antzerkirako eta 100.000 euro dantzarako.
  • Produkzioak II egiteko laguntzak: 2023ko martxoaren 30aren ondoren eta 2024ko ekainaren 30a baino lehen estreinatzen diren produkzioak lagunduko dira diruz. Guztira, laguntzen zenbatekoa, 280.000 eurokoa da. 160.000 euro antzerkirako eta 120.000 euro dantzarako.
  • Bi urteko jarduera eszenikorako laguntzak: 700.000 euro banatuko dira 2023-2024 urteetan garatuko diren proiektu eszenikoen artean beti ere, Euskal Autonomia Erkidegoko merkatua zein kanpoko merkatua kontuan hartzen dituen birako plan bat badute.

Guztira deialdi honetan 882.000 euroko diru partida dago aurreikusita antzerki arloko dirulaguntzetarako eta 518.000 eurokoa dantza arlokoetarako.

Iazko deialdian Kultura eta Hizkuntza Politika sailak arte eszenikoen ekoizpenerako 38 diru laguntza eman zituen: hitzartutako zirkuituarekin egindako 8 ekoizpen lagundu ziren; produkzioak I egiteko dirulaguntzen arloan 16 dirulaguntza eman ziren; produkzioak II egiteko arloan 8 eta beste 6 laguntza eman ziren bi urteko jardunetarako.