Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak “Ganberaren ostiralak” foroan hitz egin du gaur, eta ziurgabetasun-garai honetan euskal ekonomiak bizi duen egoeran jarri du arreta.
Azpiazuk hau onartu du: “Kontrako asaldura ugari aldi berean biltzen diren testuinguru batean gaude, eta horrek jarduera ekonomiko globalaren dezelerazio-zantzu argiak dakartza”.
Hori esanda, 2023ko lehen hiruhilekoari begira, Azpiazuk nabarmendu du lan-merkatu gehienek sendotasuna erakusten jarraitzen dutela eta azarotik etxe eta enpresen espektatibek hobera egin dutela. Aurreikuspenen arabera, horrek, krisi energetikoaren aurkako laguntza fiskalekin batera, babestu egingo du eskaria; eskaintza, berriz, lasaitzen ari da botila-lepoak normalizatu direlako eta energiaren prezioak distentsionatu direlako.
Azpiazuk adierazi duenez, “horri esker, espero daiteke dezelerazio ekonomikoa ez izatea uste zena bezain nabarmena”, eta onartu du banku-sektoreak ziurgabetasunez betetako horizonte bati aurre egin behar diola, arriskuak eta aukerak nahasten diren horizonte bati.
Hodei beltz horiek gorabehera, Azpiazuk lasaitasun-mezu batekin amaitu du Bilboko Merkataritza Ganberan egin duen hitzaldia. Hala, esan duenez, “azpimarratu behar da euroguneko bankuek erresistentziarako ahalmena erakutsi dutela”.