Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, 2021ean baino % 34 atxiloketa gehiago egin zituzten 2022an, eta ia % 40 atxiloketa gehiago 2019an baino

  • Iaz, hirian, 33.420 delitu egin ziren, eta, horien artean, ia erdia –15.960– ebasketak izan ziren
  • 2019arekin alderatuta, nabarmenki urritu dira etxeetako lapurretak (% 39,31 gutxiago) eta saltokietakoak (% 34,64 gutxiago)
  • Udaltzaingoaren plantilla handitzea eta finkatzea, egutegia aldatzea eta «epaiketa lasterra» indartu izana dira Bilboko Udalak 2022an izan den delituen emendatze horri aurre egiteko baliatu dituen bide batzuk, hiri eta lurralde guztietan gertatu baita delituen emendatze hori
  • Koordinazio eta prebentzio aktiboa dira, oraindik ere, Bilboko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren baterako estrategiaren oinarriak, gure hirian delituak urritzeko joera sendotzeko eta herritarren artean segurtasun-pertzepzioa handitzeko
  • Gaur, beste urrats bat egin da bi polizia-kidegoen elkarrekiko lanean, botere judizialaren arloan Ekintzak Koordinatzeko Zentroa eratzeko izapideak hastearekin

Bilbo, oraindik ere, hiri seguru bat da, nahiz eta delituak emendatu egin diren –oro har eta Bilbon ere bai– 2022an zehar.  

Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak elkarrekin egindako delitu estrategikoen azterketaren arabera, delituen tasa % 15,81 handitu zen iaz Bilbon, 2019an erregistratutako datuekin alderatuta, hau da, alderatu ahal den azken urtearekin alderatuta, kontuan hartuta 2020ko eta 2021eko datuak pandemian ezarritako neurrien eragin pean egon zirela, hala nola ekitaldi handirik ez ospatzea.

Kopuru absolutuetan, 2022an, 33.420 delitu izan ziren, eta 2021ean, aldiz, 25.949 erregistratu ziren; 2019an, 28.858.

Delitu moten arabera xehakaturik, deliturik usuenak, oraindik ere, ondarearekin eta ordena sozioekonomikoarekin zerikusirik handiena dutenak dira: delitu guztietatik % 81, zeintzuen artean 27.346 Udaltzaingoak eta Ertzaintzak kontatutakoak diren (20.570, 2021ean, eta 23.440, 2019an). Baina batzuen eta besteen joera oso desberdina da:

  • Behera egin dute nabarmenki etxebizitzetan eta merkataritza-establezimenduetan gauzetan indarra erabiliz egiten diren lapurretak, 2019ko kopuruekin alderatuta. Zehazki, etxebizitzetan egindako lapurretak % 39,31 gutxitu ziren, eta % 34,64, merkataritzako establezimenduetan egindakoak.
  • Hala ere, apur bat gehitu ziren ebasketak, eta gehixeago indarkeria edo larderia erabiliz egindako lapurretak. Alde horretatik, bada, 2022an, 15.960 ebasketa izan ziren, eta, aldiz, 2021ean, 11.364; eta indarkeria edo larderia erabiliz egindako lapurretak, berriz, Udaltzaingoaren arabera, 1.813 izan ziren 2022an, eta, aldiz, 2021ean, 1.053 salaketa jarri ziren; 2019an, 1.132.

Hain zuzen ere, eraginari begiratuta, 2022an, ebasketa izan da ostera ere sarrien gertatu den delitua. Ondoren, iruzurrak (3.878 salaketa), eta hirugarren lekuan, gauzetan indarra erabiliz egindako lapurreta deritzenak (hala nola etxebizitzetan, enpresetan, merkataritzan eta beste leku itxi batzuetan egindako lapurretak). Era horretako 2.537 delitu izan ziren iaz, erregistratu direnen arabera.

Aipatzekoa da, gainera, Bilbon 2022an erregistratutako 33.420 delituetatik 3.444 ziberdelituak izan zirela. Esparru horretan, ia gehienak, 3.045 arte, ziberiruzurrak izan ziren, hau da, ondarearen aurkako delituak.

Pertsonen kontrako delituei dagokienez, daturik nabarmenenak xehakatuz, eta ostera ere 2019a hartuz erreferentziatzat:

  • Lesio-delitu salatuen kopurua gehitu egin zen, % 17,35 baino gehiago (1.596, 2022an; 1.076, 2021ean; eta 1.360, 2019an).
  • Familiaren barruan izandako ohiko tratu txarren kopuruak berdintsuak izan ziren: % 2,6 gehitu ziren, 2019koen aldean, eta % 10,43, 2021ekoen aldean. Kopuru absolutuetan, 779 kasu salatu ziren 2019an, 719 kasu 2021ean, eta 794 kasu 2022an.
  • Beste alde batetik, sexu-askatasunaren kontrako delituak % 14,69 gehitu ziren, eta era horretako 203 egitate salatu ziren 2022an, eta 162 kasu 2021ean; 177 kasu, 2019an.

Beste datu adierazgarri bat da, Bilboko iazko delituen balantzean, nola areagotu den poliziaren eraginkortasuna.

Alde horretatik, 2022an, hauek izan ziren ehunekoak:

  • % 34,12 atxiloketa gehiago 2021eko kopuruaren aldean;
  • eta % 39,42 atxiloketa gehiago 2019koen aldean.

Guztira, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, iaz, 3.880 pertsona atxilotu zituzten, eta 2.893, aldiz, 2021ean; 2.782 pertsona, 2019an.

BATERAKO ESTRATEGIA: PREBENTZIOA, KOORDINAZIOA ETA EKINTZA

Ertzaintzaren eta Bilboko Udaltzaingoaren baterako estrategia funtsezko bi premisa hauetan oinarrituta ezartzen da: polizia-koordinazioa eta delituen prebentzioa.

Hala, bada, bi kidegoen helburu nagusietako batzuk dira auzoetan patruilen lana indartzen jarraitzea, bai autoz, bai oinez, herritarren segurtasun-pertzepzioa areagotzeko eta herritarrek segurtasunaren arloan dituzten beharrei erantzuteko, eta, baita ere, giza baliabideak, baliabide teknikoak eta materialak hobeto aprobetxatzea eta salaketa jartzen den unetik hasita laster ekitea.

Bilboko Udalak, bestalde, hainbat gairi ekin dei delituen gehitze horri aurre egiteko.

Hala nola egutegi berri bat abian jartzea (2023ko urtarrilaren 30etik aurrera ezarria), ostegunetik igandera agente gehiago izan ahal izateko kalean; edo Udaltzaingoaren plantilla handitzea eta finkatzea, 2018ko martxoan Segurtasunaren aldeko Ituna sinatuz geroztik; izan ere, harrezkero, Bilbon 251 agente gehiago jarduten dira, eta, lanpostuen zerrendan, guztira, 894 agente daude.

Halaber, elkarrekiko lana abiatu da epaileekin, «epaiketa lasterraren» formula baliatu ahal izateko horretarako betekizunak betetzen direnean. Kontu zaila da, bai agenteentzat, bai epaileentzat, baina bide ematen du delitugileek lehenbailehen izan ditzaten aurrekari penalak, eta, batzuetan, hala badagokio, lehenbailehen izan daitezen presondegian ezarriak.

Gainera, prebentzioaz ari bagara, nabarmendu behar da 2020ko abenduan amaitu zela hiriko segurtasunaren arloko hamalau Auzo Tailerrak abian jartzeko prozesua. Konpromiso hori Bilboko Segurtasunaren aldeko Itunean dator jasota.

Tailerrak osorik abian jarri eta lehenengo bi urteetan, guztira 181 kasu abiarazi dira, eta horietatik 124 ebatzi dira behar bezala (% 68,5). Abiarazitako kasu guztietatik, Herritarren Segurtasunari buruzko gaiak % 43 izan dira (181etik 78), eta bizikidetza-gatazkei buruzkoak % 57 (103).

BOTERE JUDIZIALAREN ARLOAN, EKINTZAK KOORDINATZEKO ZENTROA

Beste urrats bat egin da gaur Ertzaintzaren eta Bilboko Udaltzaingoaren arteko estrategian bi kidegoen arteko Koordinazio Batzordeak bilera eginik, zeinean Juan Mari Aburto alkatea izan baita buru. Bilera horretan, erabaki da ofizialki eratzea Botere Judizialaren arloko etengabeko koordinaziorako zentro bat.

Neurri hori Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak (Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren bitartez) eta Bilboko Udalak 2021eko azaroaren 8an sinatutako Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko elkarlanerako hitzarmenean jasota dago.

Zentro horrek hobetu egin nahi du Bilboko udalerrian poliziak ematen duen erantzuna, eta, horretarako, koordinazio handiagoa ezarriko du Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren artean arau-hauste penalak ikertzeko (bereziki arau-hauste larrienetarako), ahalik eta gehienik argitzearren delituak.

Koordinazio zentroak aukera emango du atestatuen kalitatea ahalik eta gehienik ziurtatzeko prozedura batzuetan zein besteetan, are epaiketa lasterretan ere, eta, gainera, aukera emango du biktimei (oro har) eta genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeei (bereziki)  lehentasunezko arreta emateko, eta lekukoei ere bai.

Bi kidegoek ikerketen gaineko ahalik eta informaziorik gehiena helaraz diezaioten batak besteari, datu-baseen interkonexioa landuko da aurrerantzean ere. Bi erakundeen arteko koordinazio eta lankidetza horretan sartzen da, orobat, elkarri zenbait informazio ematea, hala nola delitugileen atxiloketa, identifikazioa, datuak, eta beste ikerketa-eginbide batzuen gaineko informazioa ere bai, hala nola atestatuak egitea eta atxilotuak epaileen esku uztea, edota polizia zientifikoaren jarduerak, kriminalistika eta adituen txostenak.

Azkenik, botere judizialaren arloko Koordinazio Zentro iraunkorrak bere gain hartuko du, orobat, polizia-inteligentziako txostenak koordinatzea eta elkarren esku jartzea, funtsezko informazioa izaten baita delituen kontra ekiteko, eta orobat delituen inguruko estatistikak eta beste erakunde-komunikazio batzuk eta emaitzak ebaluatzeko adierazleak.

Ororen buru, neurri horrek segurtasun handiagoa ekarriko die herritarrei Bilboko udalerrian.

Informazio gehigarria