Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren kontratazio-mahaiak, hondeaketaren ingurunea modelizatzeko, jarraipen geoteknikoa egiteko eta Sarratu eta Usansoloko Ospitalearen artean egingo den Bilboko metroaren 5. linearen trazaduratik gertu dauden eraikinak ikuskatzeko laguntza teknikorako kontratuaren lizitazioa onartu du.
Lanek milioi bat euroko aurrekontua eta 46 hilabeteko egikaritze-epea dute, eta horien barruan hondeaketa kalkulatzeko eta lurpeko obrei eusteko eredu bat lortzea sartzen da. Eredu horrek denboran zehar inguruneak izango dituen mugimenduak aurreikusi beharko ditu eta eraikitze-fasean dagoen barruko eta kanpoko auskultazioa eta horrek izango duen eragina interpretatu beharko du. Horretan oinarrituta, besteak beste, etxebizitzak ikuskatzeko plan bat egin eta gauzatuko du.
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ehuneko 50ean finantzatzen duten 5. linea 6,3 kilometro da luze, eta bost geltoki berri ditu: Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Ospitalea.
Sarratu eta Aperribai arteko tartean, lurpeko hondeaketak tartearen hasieratik 400 metrora hasten dira, eta mikropilote-pantailek babestuta egongo den Aperribaiko geltokiraino iristen dira. Guztira 814 metro tunel daude meategian eta 326 metro tunel faltsuan. Tarte horretako meategi-hondeaketen eraso-puntua Arizko larrialdi-galeria izango da.
Aperribai eta Galdakao arteko tartea lurpeko hondeaketa bidez egingo da, bi eraso-galeriarekin: Olabarrieta eta Abusu. Olabarrietako galeriatik hondeatuko da lineako 1.013,00 metroko tunela. 460 metro Aperribairantz eta 573 metro Bengoetxerantz, eta Abusuko galeriatik 1.566 metro Bengoetxeko geltokiko burualderaino. Tarte horretan dago haitzuloan egingo den Galdakaoko geltokia. Bengoetxeko geltokia aire zabalean egingo da, pantailen babespean.
Azkenik, Galdakao-Ospitalea tarteari Puentelatorre galeriatik egingo zaio eraso, bi ekiporekin: batek 980 metro egingo ditu 2. tartearen amaieraraino, eta besteak, 950 metro Usansolorantz, Ospitaleko geltokiko haitzuloaz gain.
Ikuskapen-lanak egin ondoren, jabearen eta ikuskatzailearen sinadurak jasoko dituzten aktak egingo dira. Horietan, eraikinen, etxebizitzen edo lokalen hasierako egoera egiaztatuko da, obrak hasi aurretik. Kontratuak auskultazioaren diseinua ere barne hartzen du, obra amaitu arte mugimenduen jarraipen egokia egin ahal izateko.