- Poloniako musika klasikoko jaialdi garrantzitsuenetako batean, Beethoven Jaialdian, programazioko buru izatera gonbidatu dutenez, Euskadiko Orkestrak Varsovia, Wroclaw, Krakovia eta Katowice bisitatuko ditu martxoaren 28tik 31ra.
- Pandemia hasi zenetik, Orkestrak atzerrian egingo duen lehen bira da eta musika klasikoaren Europako jaioterrietako batera izango da.
Beethoven Jaialdia 1997an sortu zuten Krzysztof Penderecki konpositoreak, duela hiru urte zendu zenak, eta haren emazte Elzbieta Pendereckak, egun instituzioaren presidente dena. Beethovenen Aste Santuko Jaialdiak Robert Treviño zuzendariarekin duen harremana funtsezkoa izan da Euskadiko Orkestra gonbidatzeko. Hala, Poloniako lau hiri musikal nabarmenenetan ibiliko da; alegia, Varsovian, martxoaren 28an; Wroclawen, martxoaren 29an; Krakovian, martxoaren 30ean; eta Katowicen, martxoaren 31n.
Euskadiko Orkestra kartelburu izango da musika klasikoko Poloniako jaialdi garrantzitsuenetako batean. Orkestrak 5.400 pertsonaren aurrean joko du, lau entzunaretoetako lekuak batuz, eta ia sarrera guztiak salduta daude. Horrenbestez, agerikoa da Euskadiko Orkestraren bisitaldiak piztu duen interes handia.
Robert Treviño, atzerriko erronka berria zuzentzen
Robert Treviñok zuzenduko du Euskadiko Orkestra atzerriko erronka berri honetan:
“Zuekin partekatu nahi dut gure Europako bira harrigarria, Poloniara egingo duguna. Beethoven Jaialdira joango gara, Polonia osoko jaialdi garrantzitsuenetakoa dena, herrialde osoan kontzertu asko dituena eta Elzbieta Pendereckak antolatua, Krzysztof Penderecki konpositore ospetsuaren emazteak. Penderecki senar-emazteak eta nik aspaldi xamarretik ezagutzen dugu elkar urte dezentez ibili naizelako Polonian zuzendari-lanetan, ia hamarkada batez, eta askotan aritu naiz jaialdi honetan. Iaz izan nintzen jaialdian azken aldiz, eta Elzbietarekin hitz egin nuen eta esan zuen: «bene-benetan nahi dut zure Euskadiko Orkestra ezagutu». Eta esan nion: «primeran, goazen!». Beraz, orain orkestra eta ni joango gara, eta gure euskal konpositore gogokoenetako bat aurkeztuko dugu, Ravel. Boléro eta Pavane aurkeztuko ditugu. Hau gure nazioarteko zabalkundearen ondorioa ere bada, Ondinekin egindako grabaketek eman digute zabalkundea, harrera bikaina izan baitute eta arreta handia jaso du orkestrak. Eta programaren bigarren zatian, Mahlerren Bosgarren Sinfonia aurkeztuko dugu. Orkestrarekin hemen egon naizen garaian Mahler asko interpretatu dugu eta nahiko ezagun egin da konpositore handi honen musikaren gure interpretazioa. Gainera, oso musika energikoa da, Euskadiko Orkestraren indar osoa erakusteko paregabea. Biran joatea oso garrantzitsua da kultur erakunde gisa, Euskal Herriko musika-erakunde enblematiko gisa. Garrantzitsua da Euskal Herriarentzat balio kulturalak ez ezik, musika-balioak ere kanpoan erakustea, eta beste pertsonekin elkarrizketa eta elkartrukea izatea. Hortaz, aukera garrantzitsua da guztiok elkar ezagutzeko bakearen eta kulturaren bidez. Zubiak eraikitzea, musikaren bitartez. Oso bira trinkoa izango da lau kontzerturekin. Varsovian hasiko da Beethoven Jaialdiaren kontzertu nagusian. Ondoren, Wroclaw, Krakovia eta Katowicera joango gara. Hiri harrigarriak dira, kontzertu-areto ikusgarriak eta publiko oso gogotsuak dituzte, eta gure orkestra ikusteko grinaz egongo dira”.
Oso programa anbiziotsua
Orkestrak anbizio handiko musika-programa prestatu du –berbera hiri guztietarako–, uztartzen dituena Ravelen euskal musika Mahlerrenarekin.
Alde batetik, Maurice Ravel orkestrak aldarrikatzen duen konpositoreetako bat da, euskal kulturaren adierazgarri gisa. Konpositore ziburutarraren orkestrarako hamaika lan garrantzitsuenak biltzeko, Euskadiko Orkestrak bi disko monografiko grabatu ditu berriki Ondine zigilu finlandiar ospetsuarekin. Horietako batek, Pavane pour une infante défunte izenekoak, Poloniako kontzertuak abiaraziko ditu. Ondoren, mundu osoan ezin ezagunagoa den Boléro interpretatuko dute, baina Euskadiko Orkestrak azkenaldian aurkeztu duen begirada berritik, Ravelen euskal alderditik.
Kontzertuetako bigarren zatiko protagonista Gustav Mahlerren 5. Sinfonia izango da. Dimentsio eta zailtasun handiko lana da, baina Euskadiko Orkestrak oso ondo prestatuta dauka, duela zenbait aste denboraldiko kontzertuetan eskaini baitu. Mahler Robert Treviñoren aurkezpen-gutuna da, eta haren 4. Sinfoniaren bidez aurkeztu zuen bere burua Euskadiko Orkestrarekin 2018an, baita Linzen, Munichen eta Bregenzen bidez ere.
Prestatu duen programa anbiziotsuaren eta konplexuaren bitartez, Euskadiko Orkestrak, alde batetik, Euskadiren kultura-enbaxadore izan nahi du atzerrian, eta, bestetik, erakutsi nahi du potentziala eta indarra duela Europako zirkuituaren orkestra handiekin neurtzeko.
Bidaia-plana eta kontzertuak
Gaur, martxoak 24, orkestraren azken entsegua izango da bidaian abiatu aurretik astelehenean, hilak 27an, Varsovian lehen kontzertuaren bezperan. Entseguetako egun hauetan batuta Juanjo Oconek hartu duen arren, Robert Treviño zuzendari titularrari itzuliko dio Poloniako biran.
Ondoren, Euskadiko Orkestrak Polonian emango dituen kontzertuen datak, hiriak eta auditoriumak zehazten dira:
- Asteartea, martxoak 28 (19:30), Varsovia, Filharmonia Narodowa (1.072 leku). Viralgen-ek babestutako kontzertua.
Varsovian jaio zen Frederic Chopin, historiako konpositore garrantzitsuenetako bat. Han egiten dute konpositoreari eskainitako nazioarteko piano-lehiaketa entzutetsua. Halaber, Varsoviako Orkestra Filarmoniko Nazionalaren egoitza da. Ehunka urteko instituzio horren egungo zuzendari titularra Andrey Boreyko da, 2009 eta 2017 artean Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusi gonbidatua izan zena. Filharmonia Narodowa areto famatu eta historiaz betean hasiko da bira.
- Asteazkena, martxoak 29 (19:00), Wroclaw, Narodowe Forum Muzyki (1.800 leku).
Narodowe Forum Muzyki herrialdeko areto handienetako eta modernoenetako bat da, eta mundu osoan ospetsuak diren orkestrak, zuzendariak eta solistak hartzen ditu. Wroclaw hiriaren iragan hurbilak lotura handia dauka Euskadirekin, 2016an Europako Kultur Hiriburu izan baitzen Donostiarekin batera. Orduz geroztik, bi hiriek oso harreman estua izan dute, arlo artistiko-kulturalean, batez ere.
- Osteguna, martxoak 30 (19:00), Krakovia, Philharmonic Concert Hall (720 leku).
Biraren hirugarren ekitaldia Poloniako hiri handienetako, zaharrenetako eta garrantzitsuenetako batean izango da. Tradizio luzeko auditorium hori ehunka urte dituen Krakoviako Orkestra Filarmonikoaren egoitza da.
- Ostirala, martxoak 31 (19:30), Katowice, NOSPR (1.800 leku).
Orkestraren bira amaituko duen laugarren kontzertua meatzaritza-jarduera industrial nabarmeneko hiri batean izango da. Han dago Poloniako auditorium handienetako eta modernoenetako bat, Poloniako Irrati Nazionalaren Orkestra Sinfonikoaren egoitza (NOSPR).
Euskadiko Orkestra atzerrian
Euskadiko Orkestrak euskal kulturaren enbaxadore-bokazioa izan du beti. Horregatik, 41 urteko ibilbidean, askotariko modutan eta helbururekin igo da atzerriko eszenatokietan.
Jaialdi eta Denboraldietan ere aritu da, Veneziako Bienala eta Versailleseko Opera Royal Château-an kasu. Orkestrekin trukeak ere egin izan ditu, hala nola Düsseldorfekoarekin, Milango Giuseppe Verdirekin eta Bordeleko ONBArekin.
Hala ere, formatu ezagunena kontzertu-birak dira, eta oraingoa hogeitabigarrena izango da. 1984. urtetik, besteak beste, tradizio handiko Europa erdialdeko herrialdetan izan da (Austria, Alemania, Italia, Frantzia eta Erresuma Batua) eta Atlantikoa zeharkatu du, Buenos Aireseko Colón Antzokira (Argentina), Txileko Santiagora edota Brasilgo São Paulora. Orain buru-belarri ari da egin dituen nazioarteko bira guztien artean garrantzitsuena izan daitekeenean.