- GAZen lehen egoitza inauguratu dute Bilbon, gazteei emantzipazio−prozesuetan laguntzeko zerbitzuarena
- GAZ zerbitzu berria bi modalitatetan eskainiko da: online, irailetik aurrera; eta aurrez aurre, udalekin egindako hitzarmenen bidez
- Eusko Jaurlaritzak Bilboko Udalarekin sinatu du lehen hitzarmena, eta 900.000 euroko ekarpena egiteko konpromisoa hartu du
- Jonan Fernandez: “Gazteei emantzipatzen laguntzea lehentasun estrategikoa da Eusko Jaurlaritzarentzat”
- Legegintzaldiaren amaierara arte, Eusko Jaurlaritzak beste hitzarmen batzuk bultzatuko ditu, lehenengo etapan, 50.000 biztanletik gorako udalerrietan..
- Emantzipatzeko batez besteko adina Europako batezbestekoa baino hiru urte handiago da Euskadin, eta horrek ondorioak ditu
- Horrek gazteen bizitza- eta familia-proiektuak atzeratzea eta nahastea dakar, eta desoreka demografikoari laguntzen dio
Gaur goizean, Juan Maria Aburto Bilboko alkateak eta Jonan Fernandez Trantsizio Sozialeko eta Agenda 2030eko idazkari nagusiak, Miren Saratxaga Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak lagunduta, GAZ-Gazteriaren-ibilbideak Abiarazteko Zerbitzuaren lehen egoitza inauguratu dute. Zerbitzu horren bulegoak La Perrera izeneko eraikinean daude, Bilboko Sabino Arana kaleko 50. zenbakian, eta, hasieran, hiru pertsona izango dira bertan arreta ematen.
Bere hitzaldian, Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendako idazkari nagusiak gogorarazi du duela urtebete onartu zela Gazteriaren Legea, hiru ardatz nagusirekin: gazteria-sistema eta -zerbitzuak sendotzea, gazteen parte-hartzea sustatzea eta emantzipazio-prozesuak bultzatzea.
Hirugarren ardatz horri dela-eta Fernandezek adierazi duenez, “Euskadin emantzipatzeko batez besteko adina Europako batez bestekoa baino hiru urte handiagoa da. Errealitate horrek ondorioak ditu: gazteen bizitza- eta familia-proiektuen atzerapena dakar, eta desoreka demografikoa eragiten du”.
Errealitate hori kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak “Gazteen emantzipazioa bultzatzeko 2030 EuskalEstrategia” onartu du astearte honetan. Estrategia horren bederatzigarren trakzio−proiektu GAZ-Gazteriaren-ibilbideak Abiarazteko Zerbitzua sortzea da. Aholkularitza eta laguntza pertsonalizatuko zerbitzua da hori, gazteentzako autonomia-ibilbideak eta emantzipazio-kultura berria sustatzeko.
GAZ zerbitzu berria bi eratan eskainiko da: online eta aurrez aurre.
- On line zerbitzua. Irailetik aurrera, Gazteria Zuzendaritzak gune birtual bat jarriko du martxan. Informazioa eta laguntza eskainiko ditu, eta gazteen artean komunikatzeko eta esperientziak trukatzeko balioko du.
- Aurrez aurreko zerbitzua. Eusko Jaurlaritza aurrez aurreko arreta emango duten zentroen sare bat sustatzen ari da, helburu berberekin. Bide honetako lehen urratsa «GAZ Bilbao» egoitza da, eta gaur inauguratu dena.
Horretarako, joan den abenduan, Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Bilboko Udalarekin, eta 900.000 euroko ekarpena egiteko konpromisoa hartu zuen. Jonan Fernandezek azpimarratu duenez, hori lehen urratsa da, eta, “hemendik legegintzaldiaren amaierara arte, beste udal batzuekin hitzarmenak prestatzen jarraituko dugu, lehenengo etapan, 50.000 biztanletik gorako udalerrietan”.
GAZ zerbitzua emantzipatzera bideratutako beste zerbitzu espezializatu batzuekin ere lotuko da. Zerbitzu horiek egoera ahulean dauden gazteekin ekintza positiboa garatzen dute, hala nola, familiari laguntzeko sarerik ez duten gazteekin, edo ezgaitasunen bat edo buruko gaixotasunen bat duten gazteekin.
Online zerbitzua, GAZ Bilbao bulegoa eta aurrerago irekiko direnak Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarearen parte dira. Sare hori Gazteen Legean definituta dago. Emantzipazio-sare hori osatzen duten zerbitzu guztiak Bilboko egoitzaren inaugurazioan aurkeztu den logotipoaren bidez identifikatuko dira.
Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendako idazkari nagusiak balorazio gisa adierazi duenez, “asteartean emantzipazio-estrategia onartzeak, asteazkenean 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzako emantzipaziorako laguntzen dekretuaren izapidetzea abian jartzeak, eta gaur egun GAZ Bilbaoren bulego honen inaugurazioak esanahi komuna dute: ez gara geldituko”.
Fernandezek azaldu duenez, “Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasun estrategiko eta atzeraezina da gazteei emantzipazioa bultzatzen eta beren bizi- eta familia-proiektuak eraikitzen laguntzea. Jokoan daude gazteen oraina eta etorkizuna, eta jokoan daude Euskadiren oraina eta etorkizuna”.