Agirre Lehendakaria Centerrek 10 urteko ibilbidea ospatuko du

PRUEBA

Agirre Lehendakaria Centerrek azken 10 urteetan bultzatutako ikerketek bat egiten dute esatean euskal gizarteak bizi izan duen eraldaketa ezin dela ulertu bere dimentsio kulturalik gabe. Kapital kulturalak, ukigarria zein ukiezinak, aktiboki laguntzen du garapen-prozesuetan. Ildo beretik, produkzio-sistema baten funtzionamenduaren eraginkortasuna kohesio soziokulturalaren mailak eta haren balio-sistemak baldintzatzen dute. Giza garapen iraunkorreko euskal eredua deritzona osatzen duten ekimenen multzoa (autogobernua, euskara berreskuratzea eta azpiegituretan inbertitzea, kultura-trukeak, manufaktura aurreratuaren aldeko apustua eta gizarte-ekonomiaren garrantzia, errenta banatzearen aldeko ekimen instituzionalak, elkarlaneko gobernantza-sistema, etab.) elkarri lotutako ekimenen zorro edo portafolio bat osatzen dute. Diskurtso horrek giza garapen iraunkorreko trantsizioa garatzeko beharrari buruz hitz egiten du.

Horregatik guztiagatik, datorren martxoaren 29an Bilboko Bizkaia Aretoan egingo den X. Urteurrenaren ospakizuna dela eta, Agirre Lehendakaria Centerrek sinposio eta ekitaldi publiko batera gonbidatzen du bertoko eta nazioarteko kolaboratzaileen sarea. Xedea da euskal gizartearen orainaren eta etorkizunaren erronkei eta aukerei buruz hausnartzea.

Tokiko eta nazioarteko mundu ekonomiko, politiko, sozial eta instituzionaleko ordezkarien parte-hartzearekin. Goizeko sinposioak mahai-inguru teknikoak izango ditu. Arratsaldekoak, berriz, giza garapen iraunkorrerako euskal ereduaren erronkei eta aukerei buruzko eztabaida irekia izango du, euskal akademia, politika, gizartea eta instituzioen ordezkarien eskutik.

Ekitaldi publikoa arratsaldeko 18:00tan hasiko da hasiko da Bizkaia Aretoko Mitxelena entzunaretoan eta Iñigo Urkullu lehendakariak, Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak, eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak parte hartuko dute, baita gastronomiaren, kirolaren, enpresaren eta euskal kulturaren arteko elkarrizketa ere. Juan José Ibarretxeren hitzetan, “euskal gizarteak bultzatutako giza garapenaren ereduari balioa eman behar diogu, baina autokonplazentzian erori gabe. Gure herria egunero politikoki, sozialki eta ekonomikoki pentsatzen eta eraldatzen jarraitu behar dugu”. Urteurrenaren ospakizuna Dani Lasak (Imago) gidatutako ekitaldi gastronomiko batekin amaituko da.

Agirre Lehendakaria Centerri buruz

Agirre Lehendakaria Center UPV/EHU eta New Yorkeko Columbia Unibertsitatearen arteko lankidetza proiektua da. Zentro honen helburua da harreman sozial, ekonomiko eta politikoen garapena sustatzera bideratutako ikerketa aurrera eramatea, eraldaketa sozio-ekonomikoaren eta giza garapen iraunkorraren euskal ereduan oinarrituta. ALCk eraldaketa komunitarioko prozesuak bultzatzen ditu, Gizarte Berrikuntzako Plataforma irekien bidez eta kulturan oinarrituta, aldaketarako motore gisa. Zentroaren helburu nagusia sistema konplexuen eraldaketari buruz egindako ikerketatik ikasitakoa aplikatzea da euskal gizarteak gaur egun dituen erronkei aurre egiteko.

ALCri buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu webgunea https://www.agirrecenter.eus/eu/