Legebiltzarrean izapidetzen ari den Datu pertsonalak babesteari eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko Legearen proiektuaren egoerari buruzko informazio eguneratua. Arau berri horrek hainbat alderdi berri ekarriko du; besteak beste, Datuak Babesteko Euskal Agintaritza sortuko da. Erakunde horrek gaur egungo Datuak Babesteko Euskal Bulegoa ordeztuko du eta gainbegiratzeko, kontrolatzeko, aholkua emateko eta txostenak egiteko eskumenak bere gain hartuko ditu. Etorkizuneko agintaritzak zehapen-ahala izango du eta ikuskapenak nahiz prebentziozko auditoriak egin ahalko ditu.
Funtsezko aldaketa da datuen babesaren arloko erakunde-antolaketan, orain arte izandako Bulegoaren araubide juridikoa, antolaketa eta eskumenak aldatzen baititu
Otsailaren 20an, lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak testu arau-emailea aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean. Geroago, 2023-02-21ean eta 2023-03-01ean arlo horretan izen handia duten adituen agerraldiak egin ziren Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean. Legebiltzarreko Mahaiak zuzenketak aurkezteko epea luzatzea onartu du eta epe hori argitaratu. Orain, mugaeguna 2023ko apirilaren 26a izango da.