EGOkITU udako campusean dena prest unibertsitate aurreko ikasleak jasotzeko

PRUEBA

•    Edizio berri honek 15 eta 17 urte bitarteko gazteentzako jolas-jardueren eskaintza zabala aurkezten du

•    Berrikuntza gisa, nabarmentzekoa da Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko egoitza eta Psikologia Fakultatea sartzea programan

•    Izena emateko epea 2023ko martxoaren 27an ireki eta ekainaren 2an amaituko da. Plazak hurrenkeraren arabera esleituko dira.

EGOkITU udako campusa Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusak garatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, eta udaran irekiko ditu ateak. Udako campusak arrakasta handia izan du edizioz edizio, eta 15 eta 17 urte bitarteko gazteak unibertsitate-mundura eta, ondorioz, enpresa-mundura modu ludikoan hurbiltzea du helburu.

Aimar Insaustik, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko Ekintzailetza eta Transferentzia zuzendariak hauxe azpimarratu du: “Aurtengo nobedadeen artean, Psikologiako Fakultatea eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko egoitza sartu dira. Horrela, aurten 9 programa ezberdin eskainiko dira, unibertsitateko jakintza-arlo guztiak barne hartuta. Bestalde, aurreko urteetan bezala, EGOkITU programak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du, Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuaren eskutik. Laguntza honek Foru Aldundiak Gipuzkoako gazteen talentua sustatzeko duen konpromisoa erakusten du.”

EGOkITU programa 2006 eta 2008 urteen artean jaiotako pertsonei zuzenduta dago. Bi txanda antolatu dira: ekainaren 26tik 30era eta uztailaren 3tik 7ra. Aste bat edo bi aste aukeratu daitezke, 9:30etik 14:00etara (campuseko jantokiak irekita egongo dira programa garatzen den egunetan).

Izena emateko epea 2023ko martxoaren 27ean ireki eta ekainaren 2an amaituko da. Plazak hurrenkeraren arabera esleituko dira.

Aimar Insaustik azaldu duenez, “EGOkITU udako campusak bi helburu ditu. Alde batetik, gazteei unibertsitate-ikasketak egin ondoren lortzen diren lanbideen errealitatea ezagutzen lagundu nahi diegu. Horrela, DBHren amaieran edo Batxilergoaren hasieran daudenei orientazio akademikoa ematen lagundu nahi diegu. Programaren bigarren helburua unibertsitatea barrutik ezagutzeko aukera ematea da. Jarduerak campuseko eskola eta fakultateetan egiteaz gain, EGOkITUko partaideek UPV/EHUko irakasle ikertzaileen laguntza izango dute eta unibertsitatearen instalazioak ezagutuko dituzte.”

Aipatzekoa da jarduerak 15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako ingurune ludiko batean egingo direla. “Zentroetako programei begirada bat emanez gero, misterioak aurkituko ditugu, laborategi kimikoetako saiakuntzetan, Donostia Ospitalera edo inguruko enpresetara begira, epaiketen simulazioetan, energia berriztagarriekin egindako esperimentuetan, scape roometan, robotekin egindako jokoetan edo etxebizitza baten proiektua egiteko tailerretan oinarrituta. Horregatik, 2006 eta 2008 urteen artean jaiotako gazteak animatzen ditugu EGOkITUren webgunean sartzera eta ahalik eta azkarren plaza erreserbatzera. Iaz hainbat talde bete ziren izena emateko epearen lehen egunetan”, amaitu du Gipuzkoako Campuseko Ekintzailetza eta Transferentziako zuzendariak.

Informazio gehiago eta izena ematea: https://www.ehu.eus/eu/web/gipuzkoa/egokitu