Abian da 2023ko euskararen gaitasun-proben egutegia

PRUEBA
  • Euskararen komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko aurtengo udaberriko azterketaldiari martxoaren 20an eman zaio hasiera.
  • HABEk hiru deialdi jarriko ditu martxan hurrengo egunotan.

HABEk, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak, urteroko egiaztatze-proben egitarauari ekingo dio aste astean.

Martxoaren 20tik 28ra, HOBE deialdian parte hartzeko matrikula-epea irekita egongo da. HOBE (HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza) deialdia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskainiko da udaberriko azterketaldian (hiru lurraldeak batuta, guztira 135 leku izango dira B2 maila egiaztatzeko, 405 leku C1 maila egiaztatzeko eta 135 leku C2 maila egiaztatzeko). Deialdi horretako entzumeneko, irakurmeneko eta idazmeneko probak apirilaren 24an, 25ean eta 26an egingo dira.

Bestalde, martxoaren 27tik apirilaren 4ra zabalik egongo da euskaltegietako ikasleentzako deialdian edota deialdi irekian matrikula egiteko epea. Bi deialdietan B1, B2, C1 eta C2 mailak egiaztatu ahal izango dira.

Bi deialdiotako probak maiatzaren 4an, 5ean eta 6an egingo dira Barakaldoko BECen, Irungo Ficoban eta Gasteizko BAKHen. Deialdi irekian Madrilen eta Bartzelonan ere izango da probak egiteko aukera.

Aurreikusten da euskaltegi bidezko deialdian gutxi gorabehera 10.200 azterketarik hartuko dutela parte (1.500ek B1 mailan, 3.300ek B2 mailan, 4.800ek C1 mailan eta 525ek C2 mailan). Deialdi irekian, aldiz, 5.000 matrikula inguru aurreikusten dira (425 B1 mailan, 1.350 B2 mailan, 3.000 C1 mailan eta 200 C2 mailan).

Deialdiotako mintzameneko probak ekainaren azken astean eta uztaileko lehen bi asteetan egingo dira eta behin betiko emaitzak uztailaren 21ean emango dira argitara.

Azterketari bakoitzak hiru deialdietako batean eta maila bakarrean egin ahal izango du matrikula. HOBE deialdian edo deialdi irekian matrikula egiten duen azterketariak 80 euro ordaindu beharko ditu eta euskaltegiko ikasleentzako deialdian matrikula egiten duenak 40 euro.

Informazio gehigarria