Lanek 7,8 milioi euroko kostua izango dute, eta 2024an jarriko dira abian; ez dute jarduera kirurgikoa eragotziko eta ez dute pazienteak lekualdatu beharrik ekarriko
Bidasoko Ospitaleak sei kirofano berri izango ditu, gaur egun baino bi gehiago, Irungo, Hondarribiko eta inguruko udalerrietako herritarren asistentzia-premiei erantzuteko. Hala jasotzen da Osakidetzaren proiektuan. Proiektua idazteko lana eta obra-zuzendaritza aste honen amaieran irtengo da lizitaziora. 7,8 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten da, eta, egingo diren lanei esker, ospitaleguneak kirofano modernoagoak, zabalagoak eta profesionalentzako erosoagoak izango ditu eta zirkuitu seguruagoak izango ditu.
Gogorarazi behar da egungo bloke kirurgikoak mantentze-lanetako plan oso zorrotza izan badu ere, 1990etik garrantzi handiko eraldaketarik egin gabe dagoela martxan; beraz, obra horren bidez, asistentzia-kalitatea hobetuko da eta gaur egungo jarduera kirurgikoaren premiei erantzuteko aukera emango du. 6 kirofano berri horiez gainera, proiektuak aurreikusten du gaur egungoa baino gaitasun handiagoa duen Bizkortze Unitate bat sortzea; hala, dagokion konplexutasuna dela-eta, Donostian arreta jasotzen ari ziren pertsonek ez dute zertan mugitu beharko. Blokeak, era berean, ospitalizaziorik gabeko kirurgia-unitate bat izango du, bai eta esterilizazio-eremu zabal bat ere. Guztira, 2.000 metro koadro baino gehiago.
Kirofano berrien lanek ez dute Bidasoako Ospitalearen jarduera kirurgikoa eragotziko; izan ere, zentroan bertan programatutako jarduera orori eutsiko zaio lanak egin bitartean, zeinak egungo instalazioetan egingo baitira. Hala, pazienteek ez dute beste ospitale-zentro batzuetara mugitzeko beharrik izango, arreta jasotzeko.
Bloke kirurgikoa berritzeko obrak 2024. urtean hastea aurreikusten da, eta berritzeko lan horiek Osasun Sailak eta Osakidetzak ospitale-eremuan eta Lehen Mailako Arretan ematen den arreta modernizatzeko eta hobetzeko Bidasoa ESIko Gidari Planean hartutako konpromisoetako bat da.