SOS Deiak, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Zerbitzuak 40 urte bete ditu

PRUEBA

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru dela egin da SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldia, eta sailburuarekin batera izan dira Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea eta Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria. Ekitaldiak Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Zerbitzua osatzen duten erakunde publiko eta pribatuen ordezkari ugari elkartu ditu, eta, besteak beste, Ertzaintza, udaltzaingoak, Osakidetza, Suteen Itzalketa Zerbitzuak, Babes Zibila, Gurutze Gorria, DYA, Mendiko Euskal Federazioa, Euskadiko Laguntza Txakurren Taldea eta Euskal Espeleologoen Elkargoa egon dira bertan ordezkatuta.

Euskadin larrialdien arloan aitzindariak izan ziren pertsonek egindako lanaren omenaldi eta aitorpen ekitaldi horretan José Ignacio Tranchoren irudia balioetsi dute. SOS Deiak zerbitzuaren lehenengo arduraduna izan zen zerbitzua abian jarri zenetik, 1983tik, 2022ra arte, eta urte horretan hartu zuen erretiroa Euskadiko larrialdiei lotuta karrera profesional luzea egin ondoren. Berez, ekitaldian zehar une berezi ugari izan dira, eta, esate baterako, operadore-lanetan aritu ziren lehenengo pertsonen esku-hartzeak biltzen dituen bideo bat proiektatu da eta José Ignacio Tranchok eta Maider Larrañagak, Zentroaren egungo arduradunak, SOS Deiak zerbitzuaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruz hitz egin dute.

40 urte Euskadin larrialdiak kudeatzen eta koordinatzen

Gaurko egunez, orain dela 40 urte (1983ko martxoaren 29an), argitaratu zuen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Ekintzak Koordinatzeko Zentroak, Lurralde Historiko bakoitzean bat, sortzeko dekretua, garai hartan “Herritarren Segurantzarako Osoko Egitamua” deitzen zenaren garapenaren barruan. Helburua argia zen: telefono bakarraren bitartez jasotzea herritarrek laguntza eskatzeko egindako deiak, dei horiek larrialdi-egoera bakoitzean eskuduna zen erakundeari (Ertzaintza, Udaltzaingoak, Osakidetza, Suteen Itzalketa Zerbitzuak, etab.) helaraztea eta horien jarduerak koordinatzea. Horrela sortu zen SOS Deiak, Estatuko era horretako lehenengo zerbitzua.

Ekintzak koordinatzeko zentro horiek ezartzearen bitartez, Eusko Jaurlaritzak gizartea kohesionatu nahi izan zuen segurtasun publikoa indartuz; izan ere, herritarrei telefono-zenbaki bakarraren bidez erantzungo zitzaien zer eta non gertatzen ari zen eta gertaeraren larritasuna alde batera utzita.

088tik 112ra

Handik hiru urtera, 1986an, 088 telefono-zenbakia ezarri zen larrialdietarako, nahiz eta hasiera batean zenbakia Ertzaintzari zegokion. 088 1997ra arte egon zen indarrean, eta urte horretan Europar Batasunak 112 zenbakia ezarri zuen estatu kide guztietarako. Hala ere, “Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko Legeak” 2012an izendatu zuen Euskadiko segurtasun publikoaren sistemako zerbitzu guztietara jotzeko larrialdietako telefono-zenbaki bakarra.

Bateratze operatiboa

2019an, hiru lurralde historikoetan zeuden koordinazio-zentroak Euskadiko larrialdiak koordinatzeko zentro bakarrean bateratu ziren, eta, modu horretan, zerbitzua ematean eraginkorragoak izateko bidea jarri zen. Alde horretatik, egungo “112-SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak”, Bilboko Txurdinaga auzoan kokatuta dagoenak, mobilizatzen eta koordinatzen ditu baliabide guztiak, baina ez zuzenean, baizik eta kasu bakoitzean behar den zerbitzu eta organismo bakoitzeko ekintzak koordinatzeko zentroen bitartez.

Mugarri nagusiak

Urte hauetan guztietan SOS Deiak zerbitzuaren lana gertaera askotan izan da erabakigarria. Horien artean, nabarmentzekoak dira 1983ko abuztuko uholdeak, koordinazio-zentroak abian jartzea bizkortu zutenak; Oiz mendian gertatu zen hegazkin-istripua (1985); Prestige ontzia ondoratu izanaren ondorioz Euskadiko kostaldera iritsi zen isuria (2002); Zaldibarko zabortegian desagertutako pertsonak bilatzeko lanak (2020/2021); edo, orain dela gutxikoa dena, Covidak eragindako osasun krisia (2020/2021).

“SOS Deiak” gaur egun

Gertaera bati erantzun behar zaionean, oinarrizko premisa denborari denbora irabaztea da. Gaur egun 55 pertsona daude 112ra egiten diren deiak hartzeko, eta beste 60 larrialdiak koordinatzeaz eta horien jarraipena egiteaz arduratzen dira. Operadoreek, batez beste, 120 segundo baino gutxiago behar izaten dituzte elkarrizketa baten bidez larrialdia baloratzeko eta oinarrizko datuak lortzeko. Hortik aurrera, kasuen % 95ean, 90 segundo baino gutxiago behar izaten dira larrialdiei aurre egiteko zerbitzuak aktibatzeko (alerta transmititzeko).

SOS Deiak zerbitzuak gaur egun tresna berriak ditu zerbitzu hobea eman ahal izateko. Esate baterako, larrialdiei aurre egiteko zerbitzuen laguntza behar duten pertsonen deiak lokalizatzeko Advance Mobile Location (AML) sistema, 112ra deitzen duen pertsonaren posizioa 15-20 metroko eremuan kokatzeko gai dena.

Beste tresna baliotsu bat “SOS Deiak” aplikazioa da, pertsonak geolokalizatzeko sistema duena eta argazkiak bidaltzeko aukera ere ematen duena, era horretara bilaketa, erreskate eta laguntza denborak laburtu ahal izateko. Aplikazioa borondatez aktibatzen da, eta laguntza eskatzen duten edo arrisku-egoera batean dauden pertsonen azken mugimenduetan egindako ibilbidea ikusteko aukera ematen du. Horrez gainera, aplikazio horrek emakumeen babesa ere sustatzen du; izan ere, kolore moreko bi esteka zuzenean sakatuz gero, aplikazioak berehala bidaltzen du laguntza eskatzen duen emakumearen seinale geolokalizatua Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentrora. Deia zuzenean katalogatuta sartzen da, eta horrek ikaragarri errazten eta sinplifikatzen du laguntza eskatu duen emakumearen tratamendua, bai eta emakumea bilatu eta erreskatatzea ere.

2022ko datuak

Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak 2022an 761.575 deiri erantzun zien 112 telefono-zenbakiaren bidez, eta 241.142 gertaera kudeatu zituen. Kudeatutako gertaera gehienak larrialdi medikoekin (% 23,83), kalean hautemandako arriskuekin (% 16,12), herritarren segurtasunarekin (% 15,93), pertsonen istripuekin (% 14,33) eta trafiko-istripuekin (% 8,40) lotuta zeuden. Erantzundako deiei dagokienez, Bizkaian 421.517 dei izan ziren, Gipuzkoan 230.711 eta Araban 118.347.

“SOS Deiak” aplikazioak, aldi horretan, 72.430 deskarga izan zituen, eta horren bidez 752 gertaera kudeatu ziren. Aldi berean larrialdietako 1.313 dei sortu zituen, eta horietatik 208 gertaera errealekin lotuta zeuden.