Osasun Sailak eta Arabako Foru Aldundiak, gaur, akordio bat sinatu dute, Vitoria-Gasteizi eta landa-inguruneari zerbitzu emango dien baliabide berria errealitate bilakatzeko
1,7 milioi euroko kostua izango du, eta 18 profesional izango ditu, larrialdietako medikuen eta erizaintzako pertsonalaren eta larrialdietako ibilgailu-gidarien ofizialen artean
Arabak bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia berri bat izango du lurraldeari zerbitzu emateko, eta, hala, Osasun Sailak ekitaldi honetako aurrekontuetan hartutako konpromisoa beteko du. Anbulantzia berriak 1,7 milioi euroko kostua izango du, eta, haren bidez, erantzun-denborak murriztuko dira, bai hiriburuan bertan, Vitoria-Gasteizen, bertan baitago lurraldeko biztanle kopuru handiena, bai landa-ingurunean.
Gaur bertan, Osasun Sailak eta Arabako Foru Aldundiak akordio bat sinatu dute, anbulantzia berri horren oinarria Foru Suhiltzaileen parke nagusian egoteko, Langraizen; izan ere, baliabideak sarbide ona duen eta asteko egun guztietan eguneko 24 orduetan martxan den leku batean egon behar du
Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuak egin duen azterlanak dakarrenaren arabera, Langraiz da lekurik egokiena; izan ere, Arabako hiriburutik 15 minutu baino gutxiagora dago eta, gainera, aukera ematen du Arabako landa-ingurunea ere babesteko, zehazki Agurain, Zuia, Añana, Arabako Errioxa eta Arabako Mendien eremuak.
Arabari anbulantzia medikalizatu berri bat emateko proiektua aurrera eramateko, egiturazko plantilla handitzeko izapidea egin behar da eta, horretarako, hura joan den martxoaren 23an onartu zuen Osakidetzako Administrazio Kontseiluak. Izan ere, bizi-euskarri aurreratuko baliabide bat abian jartzeko behar den plantilla 18 pertsonakoa da, 6 kategoria bakoitzeko: larrialdietako 6 mediku, 6 erizain eta larrialdietako ibilgailuaren 6 gidari-ofizial.
Bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia hori Arabako hirugarren medikalizatua izango da; alegia, osasun-asistentzia emateko pertsonal medikoa duen hirugarrena. Beste biak Vitoria-Gasteizen eta Laudion daude. Gainera, lurraldean ezaugarri berak dituzten beste bi anbulantzia daude, horiek ere bizi-euskarri aurreratukoak, pertsonal teknikoarekin eta erizaintzako pertsonalarekin, eta basea Vitoria-Gasteizen eta Amurrion dute. Beraz, 5 izango dira lurralde honetan zerbitzu emango duten bizi-euskarri aurreratuko anbulantziak, gehi oinarrizko bizi-euskarriko beste 13 anbulantzia eta COVID gaixoak lekualdatzeko 2 anbulatzia espezifiko.
Horiek guztiek Larrialdietako Osasun Garraioen Sarea osatzen dute; sareko kontzeptu horrek baliabide batzuek besteei babesa ematea dakar, eremuak babesik gabe ez geratzeko lehen mailako baliabideak gertakariren batean okupatuta daudenean. Garraio Sare horretan Larrialdietako helikopteroa ere badago, eta sarea etxeko arretarako pertsona sanitarioaren sareak babesten du. Arabako landa-ingurunearen kasuan, garrantzi berezia du; izan ere, haiek ematen dute larrialdietako lehen arreta, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantziarekin batera, harik eta anbulantzia medikalizatua iritsi arte, beharrezkoa izanez gero.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 30a