Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, lizitaziora atera du Gasteiztik Zabalganarako tranbiaren eraikuntza-proiektuaren idazketa. Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 550.000 eurokoa da, eta egikaritzeko epea 15 hilabetekoa.
Eraikuntza-proiektuaren lizitazioa beste urrats bat da metro arina Zabalganara eramateko. Izan ere, kontratu honen esleipendunak koordinatuta egon beharko du joan den astean lehiaketara atera zen tranbia Zabalganara luzatzeko informazio-azterlana eguneratzeko lanen lizitazioaren irabazlearekin. Horrela, denborak optimizatu eta epeak laburtu nahi dira, trazaduraren luzapena ahalik eta lasterren gauza dadin.
Informazio-azterlanaren eguneraketak egungo trazadurak Lovainako erdigunearekin duen lotura aztertzen du, eta San Martin auzoko bidegurutzea alegazioak kontuan izanda definitzen du, Mariturri eta Jundiz adarren bidez Zabalganara iristeko. Eraikuntza-proiektua xehetasunetara jaitsiko da, eta geltokien eta horien eskema funtzionalaren egoera jasoko ditu, besteak beste, bai eta ingurunearekiko lotura hobetzen duten elementu osagarriak, zerbitzua jasoko duen biztanleria eta gune bakoitzean bidaiariak hartzea hobetzera zuendutakoak, edo beste garraiobide batzuekiko lotura ere.
Eraikuntza-proiektuak, halaber, dauden zerbitzuen, hiri-altzarien, autobus-geltokien, taxien eta edukiontzien berrezarpena edo birkokapena aztertuko du, eta tranbiaren ezarpenarekin bat datorren trafikoaren eta bidegorrien berrantolaketaren zirriborroa egingo du. Ustiapen-eskema bat ere egingo du, baita tarte berria martxan jartzeko beharrezkoak diren elementuena ere, azpiestazio elektrikoak, maniobra-mahukak eta unitateen aparkalekua, besteak beste.
Obrek irauten duten bitartean trafiko-desbideratzeak definitzea eta eragina jasaten duten zerbitzuak berrezartzea ere proiektu honen parte izango dira. Pleguaren irismenean, ustiapeneko azpiegituraren erabilera-esperientziaren ondorioz hobetu daitezkeen alderdiak aztertzen dira. Zehazki, eta besteak beste, plaka gaineko trenbidean erreia berritzeko lanak hobetzeko aukera aztertu beharko da, bai eta beharrezkoa den lekuetan isolamendu akustikoa eta bibrazioak hobetu ditzakeen edozein soluzio ere.