Ihobek ingurumen-inbertsiorako 3 euro inguru martxan jartzea lortu du bere aurrekontuaren euro bakoitzeko

PRUEBA
  • Ihobek ingurumen-irizpideak politika publikoetan txertatzeko, ekonomia zirkularra bultzatzeko eta larrialdi klimatikoaren aurreko egokitzapena bultzatzeko 2022an egindako jardueren memoria argitaratu du.
  • Ihobek 800 enpresa baino gehiago ekonomia zirkularrera batzea lortu zuen 2022an.
  •  2022an, berotegi-efektuko ia 14.000 tona gas gutxiago bota dira eta 257.000 tona hondakin eta lur berreskuratzea lortu da.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako sozietate publikoak gaur aurkeztu ditu 2022ko ekitaldiko jarduerari buruzko daturik aipagarrienak. Memoria korporatibo horretan, ingurumen-politika jasangarritasun-irizpideekin bultzatzeko epe horretan egin diren ekimen eta jarduera guztiak jaso dira, Ingurumen-jasangarritasunaren, Klima-aldaketaren eta Ekonomia zirkularraren arloetan.

Ihoberen jarduerak eragin biderkatzaile nabarmena izan du berriro ere; izan ere, erakundeak gastatutako euro bakoitzeko 2,86 euro jarri dira martxan ingurumen-inbertsioetarako. Guztira, 2022an ingurumen-politika sektoreka integratzeko 30 milioi euro mobilizatu ziren. Ihobe, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak 2022an 800 enpresa eta erakunde baino gehiagok ekonomia zirkularra bultzatzeko neurriak hartzea lortu zuen; hau da, aurreko ekitaldian baino % 60 gehiago.

Euskal industriaren deskarbonizazioa

Basque Circular Summitek, Ihoberen 2022ko mugarri estrategikoetako batek, sektore askotako 600 profesional baino gehiago mugiarazi zituen. Kongresua Europa hegoaldeko ekonomia zirkularraren topaketa handiena da. Irunen egin zen eta, bertan, ekonomia zirkularra euskal industria deskarbonizatzeko funtsezko tresna dela agerian jarri zuen, «Zirkularrak» erakusketa ibiltaria osatzen duten Euskadin fabrikatutako 175 produktu zirkularrek erakusten duten bezala. Enpresa-jarduketaren eremu horretan, Ihobek ekoberrikuntza zirkularreko 40 proiektu finantzatu zituen, eta Euskadiko ETE Zirkularra programak industriako balio-kateetako 175.000 langileei lana ematen dieten 2.000 enpresa baino gehiago martxan jartzea lortu zuen. Ihobek beste erakunde publiko, pribatu eta akademikoekin izandako lankidetzari esker, Basque Zirkular Hub zerbitzu aurreratuen zentroek joan den ikasturtean 170 gazte baino gehiago trebatu zituzten ekonomia zirkularrean.

Ekintza klimatikoa

Besteak beste, Ihobek industria-ingurunean sustatutako ekimenen ondorioz, 2022an, berotegi-efektuko 14.000 tona gas gutxiago isuri ziren eta 257.000 tona hondakin eta lur ekoizpen-ziklora sartu ziren berriro. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategia onartu zuen joan den ekitaldian. Estrategia horretan, lurzoruaren kudeaketa modu integralean aztertzen da, lurzoru kutsatuetan lan egiteko ohiko ikuspegia baztertuz. Duen ikuspegi integralagatik, Euskadiko eta Estatuko estrategia aitzindaria da, eta horren bidez zeharkako eta elkarlaneko 10 proiektu bultzatu ziren.

Gainera, iaz, Ihobek 30 tresna baino gehiago garatu zituen ingurumen-arloko erabakiak hartzeko ezagutza aurreratua sortzeko; besteak beste, argitalpen teknikoak, modelizazio klimatikoaren bisoreak, ekodiseinuko eta ekonomia zirkularreko metodologiak edo erosketa berdeko gida teknikoak. Alde horretatik, kontratazio eta erosketa publiko berdearen sustapenak 1.084 milioi euro mugitu ditu erosketa administratibo prozeduretan.

Ekitaldiko ekimenik nabarmenetako bat 2030eko Ingurumen Esparru Programa aurkeztu eta abiaraztea izan zen. Programa hori Eusko Jaurlaritzak onartu berri du, eta Euskadiko ingurumen-politikaren iparrorratza da hamarkada honetarako. 2030eko IEPk garapen bidezko eta jasangarrirako eredu baterantz aurrera egitea ahalbidetzen du. Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Hitzarmen Berdearen bidez bultzatzen du eredu hori —European Green Deal-en ildotik—, eta haren helburua ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren eremuak orekatzea da, industriaz eta teknologiaz baliatuz.

Udalsarearekin elkarlanean, 2022an, Ihobek eta EEEk ASTEKLIMA – Klimaren eta energiaren astearen hirugarren edizioa egin zuten. 70 erakunde publiko eta pribatuk parte hartu zuten, eta 200 jarduera baino gehiago egin ziren klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren erronka herritarren agendan jartzeko.

Tokiko jasangarritasuna 20 urtez

2022ko irailean, Ihobek Udalsarea 2030 udalerri jasangarrien euskal sarearen 20. urteurrena ospatu zuen. Ihobek sarearen idazkaritza teknikoa bere sorkuntzatik egiten du. Sareak Euskadin tokiko ekintza jasangarria eta 2030 Tokiko Agenda bultzatzeko lankidetzarako esparru-hitzarmen berria aurkeztu zuen. Bi hamarkada hauetan, jasangarritasunaz eta 2030 Tokiko Agendaz arduratzen diren 205 udalerrik eta eskualdek parte hartzea lortu da.

Prestakuntzaren arloan, Ekoetxea ingurumen-hezkuntzako ikastetxeen sareak eraldaketa prozesu bati ekin zion iaz, herritarrak klima-aldaketaren aurkako borrokan kontzientziatu eta inplikatzeko. Estrategia berriarekin batera gailu guztietara egokitzen den atari berri bat atera zen. Atari horrek ingurumen-hezkuntzako esperientziak proposatzen ditu, herritarrek gure lurraldeko biodibertsitatea zaintzeko ekintza eta konpromiso zehatzak hartzeko.

Ihoberen emaitza guztiak eta 2022ko jardueraren lorpen garrantzitsuenak 2022ko memoria korporatiboan kontsulta daitezke.

 

Ihoberi buruz

Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailari atxikita dago, eta ingurumena hobetzea du helburu. Horretarako, euskal politika publikoetan ingurumen-irizpideak txertatu nahi ditu, Euskadirentzat eta bere erakundeentzat balio lehiakorra duen elementu gisa.

Erakundeak 74 langile ditu —50 emakume eta 24 gizon—, 44 urteko betez besteko adinarekin. Langileen % 78k goi-mailako titulazioa du. Ihobeko langileek lanean duten poz-maila 8,5/10ekoa da. 2022an, erakundeak 11,9 milioi euroko aurrekontua gauzatu zuen oso-osorik.

Ihobek Emakundek emandako “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde Laguntzailea” titulua du eta BAI SAREAren kide da. Sare hori emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko borondatezko konpromisoa duten erakundeek osatzen dute.

Ihobeko langileei buruz, berdintasuna sustatzeko ekintzei buruz, lankidetza, gizarteratzea eta hezkuntza sustatzeko jarduerei buruz, nazioarteko jarduerari buruz eta erakunde publiko horrek sustatutako beste ekimen batzuei buruz informazio gehiago lortzeko, bere memoria korporatibo osoa irakur daiteke esteka honen bidez:  https://www.ihobe.eus/memoria2022/index-eu.html

Informazio gehigarria