Jorge García, RUNNEA: “Konparatzen hasten zarenean, konturatzen zara beste toki batzuetan ez dizutela ematen BICen beste”

Jorge García Betanzos (Bilbo, 1977) UPV/EHUko Informazio Zientzien lizentziaduna da, eta El Correoren masterra egina du. Lan arloko ibilbidea Sarenet enpresan hasi zuen, edukietan, kazetari digital gisa praktikak eginez. Han ezagutu zuen programatzaileen arlo digitala, eta “hurbiltzen-hurbiltzen” joan zitzaion garapeneko taldeari, harik eta lortu zuen arte programazio atalean sartzea, txikitatik baitzuen hartarako zaletasuna. Aurrerago, Sareneteko produktu baten –“iconoce”, prentsa agregatzaile bat– Project Manager izan zen; eta, horrelaxe, 15 urtez eduki, programazio eta salmentetan bildutako esperientziatik eratorri zen gaur egun RUNNEA dena.

Zer da RUNNEA, nola sortu zen?
RUNNEA atari digital bat da, kirolari herritarrari laguntzen diona behar dituen edo bila dabilen produktuak aurkitzen, eta esaten diona horiek non eros ditzakeen. RUNNEAn, running arloko marka guztiekin lan egiten dugu, eta haien produktuen katalogoak ezagutzera ematen ditugu. Halaber, online kirol dendekin ere lan egiten dugu.

Hiru bazkideren artean sortu genuen: Guillermo, Sareneten nirekin lanean aritua, Vocentokoa; Gorka, talde bereko beste enpresa bateko langilea, eta ni. Runner nagusia Gorka zen; Guillermo eta biok noizean behingo korrikalariak gara. Ikusi genuen bazela galdera bat erantzun gabe; izan ere, produktu jakin baten gaineko aholkua behar zenuenean, ezagunengana edo Internetera jo behar zenuen. Hortxe zegoen aukera, ongi kokatu ginen SEOn, eta nitxo hori ustiatzea erabaki genuen.

Marketplace batekin hasi zineten, eta entrenatzeko APP bat duzue orain…
Edukien web bat gara, eta, gero, Marketplace bat dugu. Hor ikusi genuen aukera berriak sortzen ari zirela, eta APPa sortu genuen, entrenamendu indibidualizatu eta pertsonalizatua ahalbidetzen duen teknologia bat garatuta. Erabiltzailearen ezaugarri fisiko eta morfologiko batzuetatik abiatuta, entrenamendu plan bat eskaintzen diogu. Audio-running saioak sortu ditugu, kirolariak sostengu hori eduki dezan korrika edo trail running egitera irteten denean. APPan, bestalde, nork bere ibilbideak graba ditzake, eta asko laguntzen du horrek nork bere buruari erronkak jartzen eta nork bere burua gainditzen. Zozketak ere egiten dira, komunitatea dinamizatzeko.

Hazi eta hazi ari zarete.
Urtero hazten gara, nahiz eta pandemia garaia oso garai bitxia izan den. Gure pentsamendua maila lokaletik abiatu eta maila globalera doa, ordea, eta Espainian sortutako gauza bera sortzen ari gara beste herrialde batzuetan. Hedapena da gure helburua.

Zertaz ari gara, kopurutan?
250.000 erabiltzaile ditugu erregistratuta, kontuan hartuta weba eta APPa, eta 1.500.000 laguneko trafiko errepikaria. 8 bat milioi euroko fakturazioa sortzen diegu dendei. Orain, gure helburua da lanean ari garen gainerako herrialdeetako fakturazioak hartzea fakturazio osoaren erdia.

RUNNEAk ez du mugarik.
Espainian, Frantzian, Italian, Erresuma Batuan eta Alemanian ari gara, eta ez dugu mugarik, ez dugulako joan beharrik izan herrialde horietara zabalkunde fisikoa egitera, digitalean egiten dugulako guztia. Jauzia egin nahi dugu Ameriketara, Estatu Batuetara, hura baita running arloan aitzindaria, baina Japoniara begira ere bagaude.

Ibilbide geldiezina, BIC Bizkaia Ezkerraldearen laguntzaz egiten ari zaretena.
Bai, hasieran batez ere, premia handiena dagoenean. 2014tik 2019ra egon ginen BICen: sarrera oso erraza izan zen, instalazioak onak dira, tratua bikaina, oso jatorrak langileak, eta erraztasun asko eman zizkiguten. Konparatzen hasten zarenean, konturatzen zara beste toki batzuetan ez dizutela ematen hainbeste, eta gehiago baloratzen duzu.

Zein da zuen jomuga?
Erabiltzaileei balioa ematen jarraitzea, eta bide horretan hazten jarraitzea; horrelaxe iritsi gara honaino. Eta saiatzea erabiltzailearentzat negozio interesgarriagoak egiten, komunikatzeko modu berrien jakinean egotea, baina, azken batean, bezeroei balioa ematea.

info+: runnea.com