Osasungaiztasun egoera zen asentamendu bat desegin du Barakaldoko Udaltzaingoak, Galindo ibaiaren ertzean

PRUEBA

Atzo desegin zuen Barakaldoko Udaltzaingoak Ibaibe inguruko  auzoan baimenik gabeko asentamendu bat, osasungaiztasun egoeran zegoelako. Arratsaldeko lehen orduan garatu zen operatiboa, Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila udal arloak adierazi duenez, eta bertan izan zen haren zinegotzi ordezkari Ángel Madrazo.

Auzokideen paseorako eta gozamenerako eremu garrantzitsu batean zegoen kokatua asentamendua; zehazki, Sestaorako zubiaren azpian. Dozena erdi lagun bizi zen han, osasunari larriki kalte eragiteko moduko egoeran.  Ibaiaren hurbiltasunak eragiten duen hezetasun handiari gehitzen zitzaion zabor meta handia, intsektuak, lohia eta abar. Gaixotasun iturri izan zitekeen giroa.

Ibai ertzean egonik, horko bizilagunen segurtasuna arrisku handian zegoen, ibai-uren emariak gora egitekotan, eta hori gerta zitekeen azken egunetako euriteen ondorioz.

Babes Zibileko boluntairoak egin zuten asentamenduan zeuden gauzak – lau kanpaina denda – erretiratzeko lana. Ikuskatze-zereginetan, Udaltziangoak hainbat objektu aurkitu zituen, hala nola poltsak, motxilak, bizikleta bat, patinak, kable ugari eta alarmak desaktibatzeko tresna bat.

Hango bizilagunen bizi-premiei aurre egiteko dauden udal baliabideen berri eman die Udaltzaingoak asentamenduan bizi zirenei.

Auzokideek, inguru hartako egoeraz kezkaturik, Udaltzaingoari horren berri eman ondoren egin da esku-hartzea.   Azken aldiotan hainbat gertaera izan da inguru hartan, hala nola bandalismo-ekintza eta ebasketak.

ATXILOTUA, MOZKORTURIK GIDATZEAGATIK

Bestalde, joan den ostiraleko goizaldean, gizonezko bat  atxilotu zuen Barakaldoko Udaltzaingoak, ibilgailua alkoholdun edarien eraginpean gidatzeagatik. BI-644 errepideak eta A-8tik (Santanderrerako norabidea) udalerrira sartzeko bideak bat egiten duten gunean bat-bateko eta zuhurtziagabekeriazko maniobratan ziharduen auto bat  ikusi zuten udaltzainek.

Autoa geldiarazterakoan, gidaria erdi lo zegoela eta aurreko argietako asko matxuratuta zeudela ohartu ziren poliziak.  Azkenean, lortu zuten ibilgailua geldiaraztea, eta gizonezkoari – 47 urteko portugaldarra – alkoholemia proba egin zioten. Botatako arnasean, 0,50 gr/l-ko tasa eman zuen.