Giza Eskubideen 20. Zinemaldia apirilaren 21etik 28ra izango da

PRUEBA

20.000 erle espezie (2023) filmak, Estibaliz Urresola Solagurenek zuzenduak, emango dio hasiera datorren apirilaren 21ean Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldiari, Udaleko Giza Eskubideen sailak eta Donostia Kulturak antolatuari.

Inaugurazioko ekitaldian Carmen Castillo zinemagile eta idazle txiletarrak jasoko du aurtengo sari berezia.
Justizia unibertsala, abortatzeko eskubidea, Ukraina eta etxegabetasuna izango dira besteak beste filmen eta solasaldien gaietako batzuk apirilaren 21etik 28ra izango den eta hiriko zenbait lekutan erakusketak barnean hartu dituen zinemaldi honetan.

Toi non plus tu n’as rien vu (2022) film frantsesak itxiko du zinemaldia apirilaren 28an, Victoria Eugenia Antzokian ere, film luzeen eta laburren sariak banatuko diren gala batean.
Aurtengo filmen proiekzioak batez ere Victoria Eugenia Antzokian izango dira; Antzoki Zaharrean, berriz, bi emanaldi egingo dira. Bestetik, Tabakaleran hiru film proiektatuko dira, Zinema eta memoria zikloa osatzen dutenak. Aurten, 32 nazionalitateko 40 pelikula (27 film luze eta 13 film labur) programatu dira guztira.

Gainera, hiru film eskaini dira hiriko ikastetxeetako ikasleentzat. Guztira 10 emanaldi izango dira, presentzialak, Antzoki Zaharrean. Hauek dira filmak: Yoko oporretan (2022), Trash (2020) eta Gabi, 8 urtetik 13 urtera (2021).