eLankidetzak 8.75 milioi euro bideratuko ditu gatazka eta beste-indarkeria egoerak kolpatutako biztanleei zuzenduta

PRUEBA
  • Deialdiek lehenetsiko dituzte Afrikan egindako ekimenak; kontinente horrek krisi humanitario ugari eta sarritan ahaztuak biltzen baititu

Nazio Batuek 2023ko hasieran ohartarazi zuten 339 milioi pertsonak premiazko laguntza beharko zutela aurten. Ukrainako gerrak eta larrialdi klimatikoak krisi humanitarioak okertu dituzte. Horiei gehitu behar zaie, gainera, munduan dauden desberdintasunak eta gatazkak, elikadura-segurtasunik eza, ur-eskasia, askotariko indarkeria edo behartutako desplazamenduak eragiten dituztenak. Horregatik, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailan dagoena, ekintza humanitarioko 2023ko proiektu eta estrategietarako laguntzen deialdiak ireki ditu.

Aurten, eLankidetzak 4.75 milioi euro bideratuko ditu krisi humanitarioetan dauden pertsonak babestera. Urtebeteko ekimenak finantzatuko ditu, eta bakoitzak, gehienez, 200.000 euro jasoko ditu. GGKE humanitarioek proiektuak aurkeztu ahalko dituzte funtsak agortu arte.

Bestalde, eLankidetzak 4 milioi euro zuzenduko ditu estrategia humanitarioetara. Estrategia horiekin, krisiek jotako biztanleriari laguntzeaz gain, tokiko erakunde humanitarioak indartu eta euskal gizartea sentsibilizatzeko ekintzak gauzatuko dituzte. Esku-hartze bakoitzak 800.000 euro jaso ahalko ditu gehienez eta gutxienez 500.000 euro. Horietatik, hiru Afrikan gauzatuko dira, eta, honako deialdi honen kasuan, erakundeek hilabete izango dute ekimenak aurkezteko.

Larrialdietarako funtsak

Deialdiez gain, 2023an, eLankidetzak 250.000 euroko zuzeneko ekarpena egin dio Nazio Batuen Larrialdi Kasuetarako Ekintzarako Funts Nagusiari (CERF). Funts global horrek 48 ordu baino gutxiagoan erantzuten die, besteak beste, Hegoaldeko herrialdeetan izandako gatazka edo hondamendi naturalek eragindako larrialdi humanitarioei.

Halaber, 250.000 euroko finantzazioa eman dio Nazio Batuen Ekialde Hurbileko Palestinako Errefuxiatuentzako Agentziari (UNRWA), Agentziak kudeatzen dituen 700 eskoletan irakasle eta ikasle palestinarren gaitasun digitalak hobetzeko.

2022an babestutako krisiak

2022an, eLankidetzak ia 7 milioi euroko laguntza eman zien Euskadiko eta tokiko erakundeek gauzatutako 24 proiektu eta estrategiei. Azken horiek, batez ere, kronifikatu diren edo mediatikoki eta ekonomikoki ahaztuta dauden gatazketan gauzatzen dira.

Hala, proiektuak, bereziki, Latinoamerikan, Asian eta Afrikan egin ziren. Lagundutako ekimenetako batzuk honako hauetara bideratu ziren: adingabe migratzaileak babestera Mexikok Estatu Batuekin duen mugan; palestinar errefuxiatuek edo haur sahararrek elikatzeko aukera bermatzera, eta indarkeriagatik desplazatutako Kolonbiako embera komunitate indigenei laguntzera.

Era berean, Era berean, balio izan zuten Kongoko Errepublika Demokratikoko barne-desplazatuen, Ugandako errefuxiatu kongoarren eta errefuxiatutako kamerundarren eta Nigeriako harrera-komunitateen Osasuna eta sexu- eta ugalketa-eskubideak artatzeko, besteak beste.

Proiektuez gain, Kongoko Errepublika Demokratikoan edo Libanon errefuxiatua dauden palestinarrekin lan egiten duten eta Euskadin sentsibilizazio-ekimenak egin zituzten erakunde humanitarioei ere lagundu zitzaien.

Informazio gehigarria