UPV/EHUko Medikuntzako Graduak 368 plaza izango ditu, aurreko ikasturtean baino 38 gehiago

PRUEBA

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gobernu Kontseiluak gaurko saioan onartu du graduko tituluen lehen mailako plazen 2023-2024 ikasturteko eskaintza, 8.694 plaza guztira. Berrikuntza nagusia da Medikuntzako Graduan izandako gorakada handia, 38 plaza gehiago izango baititu (368 guztira); izan ere, eskaera handia dago eta profesionalak behar dira arlo horretan. Euskal unibertsitateak 2016tik Medikuntzako Graduan egiten duen laugarren plaza gehikuntza da, orduan 270 plaza eskaintzen baitziren.

Datorren ikasturtean, Euskal Herriko Unibertsitateko graduko ikasketen eskaintza zabalari beste bi titulu gehituko zaizkio. Biomedical Engineering, oso-osorik ingelesez irakatsiko dena Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta Hezkuntzaren arloko lehen gradu bikoitza, Lehen Hezkuntza + Haur Hezkuntza, Gipuzkoako Campuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean egin ahal izango dena. Jakintza esparru guztietako 107 titulukoa izango da eskaintza, eta arlo askotan trebatzeko aukera egongo da, tradizionaletatik berritzaileenetara. Bi titulu ingelesez eskainiko dira, hamabost gradu bikoitzak dira eta hamabik prestakuntza duala dute.

“Euskal Herriko Unibertsitateko graduko eskaintza akademikoaren bilakaeran oreka bilatzen dugu, jakintzaren adar guztietako prestakuntzaren eta ezagutzaren bilakaerara eta gizartearen behar eta eskaera berrietara egokitzearen artean –adierazi du Eva Ferreira errektoreak–. Horregatik egin dugu apustu prestakuntza dualaren, irakaskuntzaren garapen hirueledunaren eta titulu berriak sartzearen alde. Beraz, jakintza esparru guztietako 107 titulu eskaintzen ditugu, prestakuntza praktikoaren gorakada nabarmenarekin”.

Medikuntzako Graduan plazak ugaritzearen garrantzia ere azpimarratu du errektoreak: “UPV/EHUk badaki arlo horretan profesional gehiago prestatu behar direla. Datorren ikasturtean 38 plaza gehiago izango ditugu, eta ahalegin handia egingo dugu langileei eta azpiegiturei dagokienez. Baina ez da ekintza puntuala izango, 8 urte baino gutxiagoan egiten dugun laugarren plaza gehikuntza baita. Guztira, 98 plaza gehiago daude orain Medikuntzako Graduan”.

Eskaintza berria

Biomedical Engineering gradu berrian, Bilboko Ingeniaritza Eskolako eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzaileak jardungo dira irakasle lanetan, ingeniaritza biomedikoaren helburua baita Osasun Zientzietarako soluzio teknologikoak garatzea. Horrenbestez, bi dira jada UPV/EHUk oso-osorik ingelesez ematen dituen graduak, Ekonomia eta Enpresa Fakultateak Business & Economics gradu bikoitza ere eskaintzen baitu. Gainera, gradu gehienetan zenbait irakasgai ingelesez egin daitezke (800 baino gehiago), edo beste hizkuntza batzuetan (180 inguru). Unibasqek ikasleen nazioartekotzea sustatzeagatik ematen duen nazioarteko aipamena dute lau graduk, eta UPV/EHUko lau ikasletik batek gutxienez lauhileko bat egingo du atzerriko edo Estatuko beste unibertsitate batean.

Datorren ikasturtean beste berrikuntza bat ere izango da: Lehen Hezkuntza + Haur Hezkuntza gradu bikoitza. Euskaraz emango da, eta 0 urtetik 12 urtera bitarteko ikaskuntza-inguruneetako irakasleak prestatuko ditu. Eskaera akademikoagatik eta sozialagatik ezarri da gradu bikoitz hori, egiaztatu baita ikasle askok Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza biak egiteko interesa dutela. Horrenbestez, Euskal Herriko Unibertsitateak hamabost gradu bikoitz eskainiko ditu 2023-2024 ikasturtean.

Prestakuntza dualari dagokionez, beste hamaika graduk badute jada prestakuntza modalitate hori, unibertsitateko eta enpresako irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak konbinatzen dituena. Baina albo batera utzirik prestakuntza duala, ia ikasle guztiek dute aukera praktikak egiteko enpresa, erakunde publiko edo elkarteetan. Hala, 2021-2022 ikasturtean, 12.835 praktika egin ziren (aurreko ikasturtean baino % 7 gehiago), eta % 37 inguru borondatezkoak izan ziren.