Demokrazia beste edozein erregimen politiko baino hobea dela dio 10 herritarretik 9k

PRUEBA

Arantzazuko Naiara Goiak, Arantzazulab-en zuzendari nagusiak, Agustin Erkiziak, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Xabier Riezuk, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordeak, eta Nagore Ipiñak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Falkultateko dekanoak prentsa agerraldia egin dute Arantzazun, ‘Demokraziari buruzko ulermenak gurean’ izeneko ikerketaren lehen emaitzak aurkezteko. Euskal Autonomia Erkidegoan herritarrei egindako inkesta honen bidez, gure gizartean demokraziari buruz dauden iritzi, uste eta ulermen nagusiak ezagutu nahi izan dira.

Ikerketa elkargunean egindako ikerketa

Ikerketa hau Arantzazulab-ek sustatzen duen Ikerketa Elkargunearen baitan egin da. Elkargune hau 2021ean abiatu zen, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Deustuko Unibertsitatearen eta Mondragon Unibertsitatearen arteko elkarlanerako espazio kolaboratibo gisa. Elkargunearen helburua da hiru unibertsitateetako disziplina ezberdinetako ikertzaileak elkarrekin ezagutza berria sortzen, hausnartzen eta ikertzen aritzea, etorkizuneko erronkei erantzun ahal izateko elkarlanean jakintza berria sortzeko.

Ikerketa Elkargunearen hastapenean, eta 3 unibertsitateetako 50 ikertzailerekin egindako lan saio ezberdinetan hasierako bi ikerketa-ildo lehenetsi ziren abiatzeko, oinarri-oinarrizkoak direlako eta Arantzazulab-en egitekoarekin lotura zuzena dutelako: Lankidetzazko Gobernantzari buruzko  oinarrizko ikerketa eta markoa eraikitzea; eta Demokrazia ulertzeko moduei buruzko oinarrizko ikerketa garatzea. Bigarren honi lotutako ikerketa proiektuaren lehen emaitzak aurkeztu dituzte gaur.

Izan ere, Demokraziaren inguruko kezka handia da gaur egunean: demokraziaren krisia, atsekabe politikoa, herritarren egonezina eta desatxikimendua Mendebalde osoan pil-pilean dagoen gaia da. Ikerketa asko ari dira egiten mundu zabalean, eta baita gurean ere, demokraziaren kezka horri erantzuteko argia bilatu nahian. Horien osagarri, eta gurean orain arte gehiegi sakondu ez den galdera bati erantzun nahian abiatu zen ikerketa lerro hau: Nola ulertzen da demokrazia? Zein kontzepzio daude demokraziari buruz? Horretarako hiru lan eta metodo uztartu dira proiektu honetan: lan teorikoa egungo eztabaida nagusietan sakontzeko, teknika kualitatiboaren bidez demokraziaren sistemako eragile ezberdinen kontzepzioen bilaketa eta inkesta bidez, herritarrek duten demokraziaren ulermenaren gaineko ikerketa. Horrela, gurean demokraziari buruz dauden ulermenak eta iritziak ezagutu nahi izan dira, horiek mundu mailako eztabaida nagusiekin erlazionatu, eta aldi berean, ebidentzia eta datuetara ekarri herritarren kontzepzio demokratikoa. Oraindik martxan dagoen ikerketa proiektua da, eta gaur, zehazki, herritarrei egindako galdeketaren lehen emaitzak aurkeztu dira.

Inkestaren ezaugarriez

Galdeketa telefono bidez egin da (CATi sistema erabiliz). Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 18 urtetik gorako populaziaren lagin errepresentatiboa hautatu da, adina, generoa, lan egoera, eta udalerriaren tamaina kontuan edukita, besteak beste. Guztira 2.173 pertsona elkarrizketatu dira: 1.022 pertsona Bizkaian, 661 Gipuzkoan, eta 490 Araban.

Galdetegia berariaz diseinatu da hiru aldagai nagusi kontuan izanda: ikerketaren galdera nagusiei erantzutea, gure herrian kultura politikoari edo demokratikoari egin izan diren beste ikerketak kontuan hartzea eta nazioartean egiten diren galdera estandarrak sartzea. Modu horretara, neurri batean, emaitzek ikerketa konparatua egiteko aukera ematen dute, eta gure lurraldea Mendebaldeko beste herrialde eta eskualdeekin alderatzekoa. Eta aldi berean, lehen aldiz egin diren galderetan ezagutza berria sortzeko bideak urratzen dira. Horrela, beraz, herritarrek demokraziari buruz zer pentsatzen duten eta ze balorazio egiten dituzten ezagutzeko aukera izan da.

Ikerketaren lehen emaitzak

Gaur aurkeztu dira inkestaren lehen emaitzak, bere horretan eta interpretaziorik gabe. Datu guztiak zabaldutako txostenean jasota daude. Datozen hilabeteetan hiru unibertsitateetako ikertzaileek datuak interpretatu, gurutzatu, eta azterketa esanguratsuak egin eta interpretatzeko zeregina izango dute. Txostenetik honako emaitza nagusiak azpimarratu ditu Naiara Goiak, Arantzazulab-en zuzendariak, gaurko aurkezpenean:

  1. Erregimen politiko gustukoena: Erregimen politiko gustukoenaz galdetu zaienean, gehiengo zabal batek (%88,4ak) Demokrazia beste edozein gobernu mota baino hobea dela adierazi du, hau azpimarratzekoa da.
  2. Poztasun-maila demokraziaren funtzionamenduarekin: Herritarrei demokraziaren funtzionamenduarekiko duten gogobetetzea edo poztasun mailaz galdetu zaienean Herena baino gehiago da pozik edo batere pozik ez dagoela adierazi duena.  Aitzitik, %56.9k dezente pozik dagoela esan du.
  3. Herritarren eragin politikoari buruzko hautematea: Herritarrek politikan duten eraginari buruzko hautemateari buruz galdetzean, efikazia politiko subjektibo oso apala ikusten da: %64,1-ek uste du sistema politikoak herritar banakoari politikan eragina izaten oso gutxi edo ezer ez diola uzten. Hau da, 3 herritarretik bik uste du sistema politikoan eragiteko aukerarik ez daukala herritar arruntak.
  4. Politikariek herritarrei emaniko lehentasunari buruzko hautematea: Politikariei herritarrek pentsatzen dutena zenbat axola zaien galdetuta, %66,7ak uste du oso gutxi edo ezer ez zaiela inporta.
  5. Demokrazia hitzak eragiten duen sentimendua: Demokrazia hitzak eragiten duen sentimenduei buruz galdetuta, herena baino gehiagorentzat axolagabekeria, mesfindantza eta haserrea dira demokrazia hitzak sortzen dizkien sentimenduak. Hala ere, azpimarratzekoa da baita %51,8arentzat konpromisoa ere sorrarazten duela.
  6. Demokraziari buruzko hainbat ezaugarri: Gehiengo zabalak lotzen du demokrazia eskubideak eta askatasunak bermatzearekin, Herritarren ongizate ekonomikoa bermatzearekin, Gobernua eraginkortasunez kontrolatzeko mekanismoak egotearekin, edo justizia guztientzat berdina izatearekin. Aldiz, hauteskundeetara aurkezten diren alderdien artean gobernuan txandakatzeko aukera egotea edo herria ordezkatzeko tresna gisa alderdi politikoak egotea dira balorazio baxua merezi dutenak. Alegia, sistema politikoan “politika” hitzaren baitan ulertzen den horiek dira demokrazian distortsio handiena sortzen dutenak herritarren ustez.
  7. Parte hartzeko ereduez: Parte hartzeko eredu demokratikoenaz galdetu denean, alegia, demokraziaren ustetik gertuen dagoen ereduaz galdetu denean, %58,6ak esan du arazoak konpontzeko gure izenean jarduten duten ordezkariak boto bidez hautatzea dela parte hartzeko eredu demokratikoena. Baina %34,4ak arazoak konpontzeko beste antolaketa modu batzuk hobetsi ditu.
  8. Gobernuaren ezaugarriei buruzko lehentasuna: Sistema demokratikoan gobernuek izan beharreko lehentasunezko ezaugarriei erreparatuta, deigarria da eraginkortasunaren gainetik balioak eta printzipioak izatea lehenesten dutela herritarrek: %75ek nahiago du gobernuak hain eraginkorrak ez izanda ere, balio eta printzipiodunak izatea.
  9. Agintarien ezaugarriei buruzko lehentasuna: Balioak eta ideiak ardatz hartuta gizartea hobetu nahi duen agintari mota lehenesten du hamar herritarretatik 5 eta erdik; baina hamar herritarretatik 4rentzat, garrantzitsuagoa da agintarien esperientzia eta formazioa.
  10. Politikari buruzko esaldi batzuen inguruko adostasun-maila: Herritarrek gobernuei irizpide zientifikoak eta adituen iritziak kontuan hartuta gobernatzeko eskatzen diete oso modu zabalean (%82k). Bestetik herritarren erdiak ez du uste alderdi gehiago egoteak EAEko demokrazia hobetu duenik; nahiz eta %43k baietz uste duen. Albiste faltsuei buruz galdetuta, herritarren 10etik 7k uste du demokrazia babesteko ondo legokeela horiei aurre egiteko agentzia bat sortzea.
  11. Demokraziaren defentsa: Balizko mehatxuen aurrean, demokrazia arriskuan balego berau defendatzeko prest agertu da herritarren %75. Eta %11 besterik ez dagoela horretarako prest dioena.

Hauek emaitza nagusi batzuk dira. Publiko egin den eta txosten batean lehen emaitza guztiak argitaratu eta zabaldu dira. Behin landa lana eginda eta gizarteari publikoki lehen emaitza hauek aurkeztuta, sakonagoko azterketa eta gogoetak daude egiteko: gurutzaketak egin behar dira, datuen esplotazio osoa, interpretazioak…Datozen hilabeteetan lanketa hori egingo dute ikertzaileek Arantzazulab-en Ikerketa Elkargunean. Datuak Arantzazulab-en jabetzakoak dira, eta aurrerago irekian jarriko dira.