Euskadiko udal-boluntariotzaren arduradunek basoko suteen intzidentziari buruz hausnarketa egin dute Bilbon

PRUEBA
  • Ekimena Eusko Jaurlaritzak antolatutako Euskadiko Udal-mailako Babes Zibileko Boluntariotza Erakundeetako Arduradunen III. Topaketaren baitan egin da
  • Bertan agerian jarri da era horretako gertakariei erantzutean Euskadin boluntarioek gero eta garrantzi handiagoa dutela

Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria buru dela egin da Bilbon Euskadiko Udal-mailako Babes Zibileko Boluntariotza Erakundeetako Arduradunen III. Topaketa. Eusko Jaurlaritzak antolatu duen topaketa horretan berrogeita hamar bat pertsonak parte hartu dute. Bileran basoko suteekin lotutako hainbat gai teknikoz hitz egin dute, eta, aldi berean, era horretako larrialdiei erantzutean Euskadiko boluntarioek gero eta garrantzi handiagoa dutela balioetsi dute.

Ekitaldian José Antonio Arandak, Euskalmeten arduradunak, “Fenomeno meteorologiko kaltegarriak basoko suteetan” gaiaz hitz egin du; Aitor Omar Aspiazuk, Bizkaiko Foru Aldundiko Baso-jabetza Publikoaren Babes, Esperimentazio eta Defentsarako Ataleko buruak, “Basoko suteak eta babes zibileko boluntarioak Bizkaian” sinbiosia jorratu du; eta Enrique Pastorrek, Babes Zibileko Balmasedako Elkartearen arduradunak, “Balmasedako sutea babes zibileko boluntarioen ikuspegitik” gaia izan du hizpide.

Alde horretatik, Babes Zibileko Euskadiko Boluntariotzaren Aholku Batzordeak 2022ko azaroaren erdialdera egin zuen azken bileran agerian geratu zen bezala, topaketak aldeen arteko elkarrizketa ere suspertu behar du, kolektibo honek larrialdien eta babes zibilaren esparru orokorrean bere proiektuak eta proposamenak aurkeztea bideratzeaz gainera.

BOLUNTARIOTZA EUSKADIN

Boluntarioen elkarteak ezinbestekoak dira Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sisteman, herritarrek babes zibileko lanetan parte-hartzea bideratzen baitute. Haien laguntza desinteresatua, konpromisoa eta kualifikazio altua lagungarriak dira gure Erkidegoak segurtasun-maila handiagoa izateko.

Gaur egun 400 baino gehiago dira hiru lurralde historikoetako tokian tokiko talde eta elkarteetan dauden Euskadiko boluntarioak, eta horiei batu behar zaie Gurutze Gorriari, DYAri, Euskadiko Laguntza Txakurren Taldeari, Euskal Espeleologoen Elkargoari eta VOST Euskadi Larrialdietarako Boluntario Digitalen Taldeari atxikitako boluntario multzo handia.

Informazio gehigarria