Ikerketa batek aztertu du genero-arauek eta rolek bigarren hezkuntza eta unibertsitatean egiten diren talde lanetan duten eragina

PRUEBA
  • Neskek beren gain hartzen dituzte zeregin ikusezinenak, eta auto-exijentziaren ondorioz, inurri-lan ezkutua egiten dute taldearentzat
  • Jendaurrean hitz egiteko legitimitate gutxiago dutela sentitzen dute, eta mutilek, berriz, askatasun handiagoz ikusten dute beraien partaidetza publikoa

 

Emakunde/Emakumearen Euskal Erakundeak gaur goizean aurkeztu du “Genero-desberdintasunak modu kooperatiboan argitu eta kudeatzeko hezkuntza-arloko ikerketa-ekintza” izeneko azterlana, Erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerketa-lanei emandako bekaren emaitza. Aurkezpenean parte hartu dute Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eta ikerketaren egileetako bik, Patricia Martínez Garcíak eta Delicia Aguado Peláezek.

Azterketa bigarren hezkuntzaren eta unibertsitate-hezkuntzaren esparruan egin da, eta ondorioztatzen du genero-arauek eragin handia dutela geletako lantaldeetan ikasleek beren gain hartzen dituzten rol, denbora eta zereginetan. Izan ere, talde-jarduerek irakasleen kontroletik at geratzen diren dinamikak sortzen dituzte, eta horietan dominazio-logikek eragin agerikoagoa dute.

Horrela, identifikatu da lantalde mistoetan emakumeek proportzionalki lan gehiago egiten dutela, nahiz eta talde batzuetan zereginak partekatuago egon. Emakumeak dira normalean arduradunak apunteak hartu, materiala erosi, aurkezpenaren diseinua egin, dokumentazioa bildu, azken lana zuzendu eta, neurri txikiagoan, azaltzeko orduan. Emakumeak jarduera horietan guztietan egoten dira, baina, gehienbat, zeregin ikusezinenetan.

Azterlanak egiaztatu duenez, genero-arauek baldintzatu egiten dituzte ikasgeletan bizi diren eta esku hartzen duten pertsonen gaitasunak, itxaropenak, nahiak eta beharrak. Esate baterako, auto-exijentziaren genero-arau femeninoak eragin handia du nesken artean: lan ona egin beharra eta, horrekin batera, lan-taldearentzat lan egiteko inurri-rola hartu beharra dutela sentitzen dute, Diskrezioaren eta auto-exijentziaren genero-arau femeninoek ere badute zerikusia iruzurgilearen sindromearekin, hala, askotan sentitzen dute ez direla behar bezain onak edo ez daudela arlo publikoa okupatzeko behar adina prestatuta. Ondorioz, genero-arau femeninoek nesken parte-hartze publikoa desaktibatzeko joera dute, eta, publikoaren aurrean hitz egiten dutenean, gehiago prestatzen dute zer esan, legitimazio gutxiago dutela sentitzen dute, leku gutxiago hartzen dute eta gehiago zigortzen dira hori egiteagatik. Gizon eta mutilek, aldiz, askatasun handiagoa dute arlo publikoa okupatzeko orduan.

Genero-arauek ikasgelan garatzen diren jardueren eta jarreren balorazioari ere eragiten diote. Horrela, gehien baloratutako zereginak eta rolak arlo publikoan garatzen direnak dira, arrazionaltasunean eta segurtasunean oinarrituta gauzatzen direnak; legitimatutako gaiak unibertsaltzat jotzen direnak, hain zuzen ere. Aldiz, ikusezinak dira hein handi batean, adibidez, taldeetako kudeaketa emozionala eta zigortu egiten dira urduritasuna edo segurtasunik eza.

Azterlanak kontrapuntu gisa nabarmentzen du mota horretako lankidetza-lanek rol eta zeregin berdinzaleagoak garatzeko eta bultzatzeko eskaintzen duten aukera. Eta esparru horretan berdintasunean aurrera egiteko hainbat proposamen egin ditu, hala nola, genero-ikuspegitik zereginen banaketan dagoen sexu-banaketa identifikatzeko nork zer egiten duen adierazi eta aztertzea; ikasgelako lan orok berekin dakartzan lan guztiak ikusaraztea eta baloratzea, ez bakarrik azken emaitza; taldeetan afektibitatea eta esperientzia baloratzen duen hezkuntza-espazio bat sortzea; eta hezkuntza-espazioetan intersekzio-tresna bat txertatzea, ikasleen aniztasunari, beharrei eta interes heterogeneoei erreparatuta.

Patricia Martínez García eta Delicia Aguado Peláez Zientzia Politikoan eta Ikus-entzunezko Komunikazioan doktoreak dira, hurrenez hurren, UPV/EHUn, eta, gaur egun, Aradia Cooperativan ikertzaileak dira. Igor Ahedo Gurrutxaga UPV/EHUko Gizarte Zientzien Fakultateko eta Parte Hartuz taldeko irakaslearekin koordinatu dute ikerketa. Talde horretako kide dira baita ere Uxue Zugaza Goyenechea, Iraide Álvarez Muguruza, Cata Etxegoien Gómez, Idoia Del Hoyo Moreno, Miriam Ureta García eta Andere Ormazabal Gaston ere.

 

Informazio gehigarria