Sidneyko XXIV. biurtekoko komisarioen bisita, ZABAL programaren eskutik

PRUEBA
  • Cosmin Costinas eta Inti Guerrero hainbat gai lantzen dituzten praktika artistikoak ikertzen ari dira: munduko kultura-aniztasuna islatzen duten tradiziokoak, artisau lana, hizkuntza indigenak berreskuratzea edota gastronomia nortasun-ikur gisa
  • Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen ekimenaren xedea da nazioarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariek harreman zuzena izatea euskal artistekin

Sidneyko XXIV. Biurtekoa 2024ko martxoan hasiko da, eta ekainera arte luzatuko da. Cosmin Costinas eta Inti Guerrero izango dira komisarioak, eta euskal testuingurua ezagutzeko aukera izan dute Bilbon, Donostian eta Gasteizen bisitatu dituzten euskal sortzaile, museo eta arte garaikideko zentroen bidez. ZABAL programari esker, apirilaren 21etik 24ra, proiektu, eragile, eredu eta praktika artistikoak bertatik bertara  ezagutzeko aukera izan dute. Plataforma kolektibo gisa ari dira antolatzen biurtekoa, eztabaida eta erronka garaikideak mahai gaineratzeko proiektu gisa.

Gaur goizean Gasteizko Artium Museoan egindako prentsaurrekoan parte hartu dute biek, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarekin batera. Bertan, bisitaren arrazoiak azaldu dituzte, baita bere interes esparruak ere.

Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako ZABAL programaren emaitzetako bat da bisita hau, helburu duena euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatzea, euskal eta nazioarteko arte testuinguruen artean loturak josiz. Proiektua gauzatu ahal izateko, tokiko eta nazioarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten duen Artingeniumen asistentzia teknikoa jasotzen du.

Hainbat gai lantzen dituzten praktika artistikoak ikertzen ari dira Costinas eta Guerrero. Paganotasuna eta inauteriak, kristautasunaren aurreko kultura paganoak eta munduko kultura-aniztasunaren adierazpena islatzen duten tradiziokoak; herri-artearen adierazpen desberdinak herrikoitasunaren ideia artista/artisauen ekoizpen bidez; hizkuntza indigenak berreskuratzea;  musikaren eta poesiaren inguruko praktika garaikideak; eta gastronomia, herri-kulturen nortasun-ikur gisa.

Horrela, fokua jarri dute kultura pagano edo aurrekristautasunean interesa duten artistengan, ehungintza lantzen dutenengan eta inauterietako gaiekin enkargu bat egin dezaketenengan.

Horretarako, programa zabala prestatu da Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Hiri bakoitzeko erakundeak bisitatu dituzte premisa horiei erantzuten dieten bildumak dituztenak, eta esparru horiek lantzen dituzten artistekin bildu dira.

Sidneyko Biurtekoa arte garaikideko nazioarteko ekitaldi nagusietako bat da. Bienalak mundu osoko arte garaikiderik dinamikoena bilduko du hiriko arkitektura kolonialaren espazioetako batean, eta Sidneyko hainbat erakunderen egoitzak ere hartuko ditu. Gainera, elektrizitate-planta zahar bat ere erabiliko dute erakusketa espazio gisa.

Costinasek eta Guerrerok adierazi dute Sidneyko Biurtekoaren 24. ediziorako egiten ari diren prestaketa lanen xedea dela “iragana eta oraina hainbat hizkuntza artistikoren bidez aztertuko dituen espazio bat sortzea, borroka- eta erresistentzia-lekuetatik hasi eta alaitasun kolektiboraino, espazioa goraipatuz eta errespetatuz. Desafio egin nahi diogu parte hartzaile eta ikusleari, esperimenta ditzan arteak sor ditzakeen harridura eta magia”.

Izan ere, uste dute artistek etengabe desafio egiten dietela irudikapen-kodeei, baita irudikatzen den munduari ere. “Komisario garen aldetik, gure erantzukizuna da askotariko ideia horiek guztiak hartzen dituen eta denena izango den erakusketa sortzea, plataforma anitzak baliatuz».

1973an sortua, munduko hirugarren biurtekorik zaharrena da Sidneykoa, Venezia eta São Pauloren ondoren, eta bere motako erakusketarik handiena Australian. Sidneyko Biurtekoak 130 herrialde baino gehiagoko nazioarteko 1.900 artistaren gora  artelanak aurkeztuko ditu.

Komisarioen inguruan

Cosmin Costinas (Errumania, 1982) Hong Kongeko (Txina) arte garaikideari eskainitako erakunde independente nagusia den Para/Site Art Space erakundeko zuzendari betearazle-komisarioa izan da 2011etik 2022ra. 2021ean, gainera, Artes Mundi Erresuma Batuko arte garaikideko sari nagusiaren epaimahaikide izan zen. 2022ko Katmanduko Hirurtekoaren zuzendari artistiko gisa eta 2022ko Veneziako Biurtekoan Errumaniako Pabilioiaren sendatzailekide gisa ere egin du lan eta  Documenta 12ko aldizkarien editore izan zen 2005-2007 bitartean, besteak beste.

Inti Guerrero, bestalde, Bogotá hirian jaio zen, Colombian. Historia eta Artearen Teoria eta Arkitektura eta Historia Orokorra ikasitakoa da, Kolonbiako Andeetako Unibertsitatean eta Brasilgo Universidade de São Paulon. Arte zuzendaria izan da Bellas Artes Projects-en (BAP) 2018tik 2022ra, Fondazione Sandretto Re Rebaudengo bildumako komisarioa Turinen eta Capacete Entretenimentos plataforma artistikokoa Rio de Janeiron. Duela gutxi arte, San Joseko TEOR/éTikako Zuzendari Artistiko Elkartua izan da. Guerreok Londresko Tate Modern-erako, Rio de Janeiroko Museo de Arte de Rio-MAR museorako, Hong Kongeko Para Site-erako, Taipéiko TheCube, ProjectSpace-erako, Seuleko ARKO Art Centre-rako, San Frantziskoko Kadist-erako eta Bergen Assembly-rako ondu ditu erakusketak. Liburu, aldizkari eta erakusketa-katalogo ugaritan parte hartu du, eta eskolak eta hitzaldiak eman ditu mundu osoko unibertsitate, arte-akademia eta erakundeetan.

ZABAL egitasmoa

Sidneyko Biurtekoko komisarioen bisita Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako ZABAL programaren emaitzetako bat da. Honen helburua da sortzaileen, profesionalen, eragileen eta tokiko erakundeen arteko epe luzeko trukea eta lankidetza sustatzen eta errazten duten nazioarteko sareak garatzea, baita Institutuak nazioarteko arte erakusketa garrantzitsuenekin lankidetza ildoak garatu eta harreman iraunkorrak ezartzea ere. Horretarako, nazioarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariak gonbidatzen ditu Institutuak Euskal Herrira, harreman zuzenaren bitartez euskal artistekin elkarlana sustatzeko.

Egitasmo honen bidez sortu dira, euskal sortzaileen eta nazioarteko programatzaile desberdinen artean, elkarlanerako hainbat aukera.

2019ko azaroan etorri zen lehen gonbidatua: Ruth Estévez São Pauloko biurtekoko komisarioa. 2020ko otsailean Ruangrupa kolektiboko kideak bertaratu ziren Euskal Herrira, Documenta Fifteen-eko zuzendari artistikoak. Pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, Marina Otero Shangaiko Biurtekoko komisarioaren bisitarekin eman zitzaion jarraipena egitasmoari, 2021ean. Iaz, Consonni Bilboko argitaletxe eta kultur espazio independenteak parte hartu zuen 2022ko ekainean Kassel-en (Alemania) inauguratutako Documenta Fifteen nazioarteko erakusketan eta Biennale Arte 2022n ikusgai izan ziren June Cresporen lanak. São Pauloko Bienalaren 35. edizioa 2023ko martxoan egin da, eta 2022an izan genituen bisitan bertako komisarioak, Manuel Borja-Villel arte historialari eta Reina Sofia Museoko Zuzendaria; Diane Lima komisario independientea, idazlea eta ikertzailea; eta Hélio Menezes antropologoa, kritikaria eta ikertzailea. Gainera, David Teh eta Rahul Gudipudi, Istanbulgo Biurtekoko eta Art Jameel erakundeko komisarioek ere parte hartu dute Euskal Herrian nazioarteko komisarioak hartzeko diseinatutako nazioarteko programa honetan.

Informazio gehigarria