Gobernu Kontseiluari gaur eman diote Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuaren aginduaren berri; haren bidez, aurten ere, 2023an Euskadiko eremuan GIB/Hiesaren, C hepatitisaren edo sexu-transmisioaren bidezko infekzioen prebentzioan eta kontrolean jarduerak egiten dituzten gizarte-ekimeneko eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzendutako laguntzak deitzen dira, 300.000 euroan.
Osasun Sailak, hala, erakunde horiek Euskadin GIB/Hiesaren, C hepatitisaren eta sexu-transmisioaren bidezko infekzioen eremuan egiten duten lana sustatzen jarraitzen du, kontuan hartuta lan hori ezinbestekoa dela, administrazio publikoek infekzio horien transmisioa prebenitzeko eta dagoeneko birusaren eramaileak diren pertsonen egoera hobetzeko baterako kausan duten ekintza bezala, aintzat hartuta maila sozioekonomikoan kalteberenak diren kolektiboak direla lehentasunezkoak.
Hala, deialdi honetan, honako hauek izango dira laguntza horren xede:
- Gizonekin sexua duten gizonen kolektiboari zuzendutako esku-hartze proiektuak, GIB/Hiesaren, C hepatitisaren eta sexu-transmisioaren bidezko infekzioen egungo egoera epidemiologikoa kontuan hartuta.
- GIB/Hiesari, C hepatitisari eta sexu-transmisioaren bidezko infekzioei dagokienez ere kalteberak diren beste kolektibo batzuei zuzendutako proiektuak: etorkinak, bide parenteraleko droga-erabiltzaileak, prostituzioan diharduten pertsonak eta, oro har, gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonak.
- C hepatitisa, GIBa eta sexu-transmisioaren bidezko infekzioak goiz detektatzeko proiektuak.
- GIBarekin bizi diren pertsonentzako laguntza psikologikorako eta sozialerako proiektuak.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.