Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak adierazi du 65etik gora euskal enpresak interesa agertu dutela Japoniarekin negozioak egiteko energia sektorean. Sailburuak Fukushima eskualdeko sektore eolikoko eta hidrogenoaren sektoreko aukerei buruzko mintegi batean parte hartu du Bilbon. Eusko Jaurlaritzak “Japonia-Euskadi Urtea” izendatu du 2023a, Urkullu lehendakaria buru duen exekutiboak Japoniako merkatuarekiko duen interesaren ildotik. Duela urtebetetik Euskadik kanpo sareko bulego bat du Tokion, eta euskal enpresek negozio-aukera berriak eskura ditzakete SPRI Taldeko Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eskaintzen duen zerbitzu berri honen bitartez.
Sailburuak gogora ekarri du Euskadik eta Japoniak badutela elkar ulertze akordio bat 2019tik, zeina bereziki zentratzen baita energia berriztagarrien sustapenean eta energia arloko arazoentzako konponbide iraunkorren bilaketan. “Gaur orduan bezain garrantzitsuak edo are garrantzitsuagoak dira. Elkar Ulertze Memorandum haren bitartez 4 ekitaldi egin ditugu 65 enpresa baino gehiagoren parte-hartzearekin, eta horrek erakusten du konfiantzazko harremanak lantzen ari zaretela”.
Tapiak nabarmendu du Euskadi eta Japoniaren arteko akordio hori duela gutxi berritu dela eta orain arlo berriak barne hartzen dituela, hala nola hidrogenoa, industriara aplikatutako deskarbonizazio teknologiak, fabrikazio aurreratuko joera berriak eta aurrerapenak, digitalizazioa, biozientzien sektore gorakorra edo industriako teknologia garbiak.
Takahiro Nakamae-k, Japoniak Madrilen duen enbaxadoreak, azpimarratu du Fukushima eskualdean berreraikuntza-lan handia egin dela 2011ko istripu nuklearraz geroztik. Baita ere hizpide hartu du “Euskadiko energia sektoreko jardueren hedapen izugarria”, “Bilbon bertan sektore eolikoarekin lotutako 150 enpresa daudelarik”.
Fukushimako gobernadore Masao Uchibori-k adierazi du 2011z geroztik industri arloko hainbat jarduera berri garatu direla, esaterako robotika, “munduan parekorik ez duen 50 hektareako zentro bat daukagu robotak garatu eta probatzeko. Askotariko proiektuak garatzen ari gara, hala nola auto hegalariak, hidrogenoz dabiltzan dronak edo urruneko kontrol bidezko robot langileak”.
Horrekin batera, medikuntza eta energia berriztagarriak bultzatzen ari dira, sortzen den energia guztia (% 100) iturri berriztagarrietakoa izan dadin 2040an. “2021ean % 47ko portzentajera iritsi gara, 2011ko % 21aren aldean. 2020ko martxoan hidrogenozko energiari buruzko ikerketa-eremu bat inauguratu zen”.
Hidrogenoan oinarritutako gizarte bat
Fukushimako energia agentziako zuzendari Yasuhiro Hattori-k nabarmendu du “hidrogenoan oinarritutako gizarte bat” sortu nahi dutela. “Arlo eolikoan 4,8 gigawatio dauzkagu instalatuta, eta 2050ean 130 izatera iritsi nahi dugu. Fukushima da energia berriztagarriak probatzeko Japoniako eremua, eta 2016an hidrogenoaren garapen arloko eskualde eredugarri izendatua izan zen. Bertan dago energia berriztagarrietan espezializatutako Japoniako zentro bakarra, Frea izenekoa”.
Gaineratu du badutela plan bat 400dik gora aire-sorgailu eraikitzeko. “1,7 gigawatiora iritsiko gara, eta liderrak izango gara Japonian”.
Toyota multinazionaleko industri arloko zuzendari Kohei Yoshida-k esan du Fukushima “ingurune oso aproposa dela hidrogenoarentzat eta irrikitan daude berreraikuntza-lanarekin aurrera jarraitzeko”.
Nabla euskal enpresaren (2014an sortua, aire-sorgailuen bizitza luzatzen espezializatua dago eta 100 pertsona enplegatzen ditu) sortzaile Rubén Ruiz de Gordejuelak esan du enpresa japoniarrak “oso ongi ekipatuta daudela, baina apur bat atzeratuta digitalizazioan. Japoniak ezagutzaren garapena eskaintzen du eta aire-sorgailu asko instalatuko dira”.
Hauxe gaineratu du: gure enpresak epe laburrean “parke eolikoak digitalizatzeko eta haien bizitza luzatzeko prototipoak egingo ditu” “eta merkatuko ezagutza gehiago eskaini diezaiokegu Frea zentroari”. Epe ertainera, osagai espezifikoen garapenean zentratuko gara, eta epe luzera, aire-sorgailuetarako fabrikatzaile espezifiko bat sortzen lagundu nahi dugu Fukushiman Japoniako merkaturako”.