- Dantzako 4. mailako ikasleek Gradu Amaierako Muntaia gisa osatu dute ikuskizuna
- Barakaldo Antzokian, larunbat arratsaldeko 20:00etatik aurrera
Dantzertiko –Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolako- Dantzako 4. mailako ikasleek Eskukatu dantza ikuskizuna aurkeztuko dute larunbat honetan, apirilak 29, Barakaldon. Ikasleen euren dramaturgia dauka ikuskizunak, eta Gradu Amaierako Muntaia gisa aurkeztuko dute, larunbat arratsaldeko 20:00etatik aurrera Barakaldo Antzokian.
Fabian Thomé izan dute horretarako eskolan koreografo gonbidatu. Dantzari eta irakasle honek zuzendu du lana eta bere esku egon da manipulazioaren inguruko hausnarketa poetikoa egiten duen piezaren koreografia ere. 2022-2023 ikasturte honetan Dantzako goi mailako ikasketak amaituko dituzten Dantzertiko bosgarren promozioko ikasleek, eskuek gizarte-manipulazioan duten inpaktua aztertzen dute Eskukatu programan. Eskuek engainuzko eta kontrolezko amaraunak nola ehundu ditzaketen xehetzen du lanak, baina baita enpatia eta erresistentzia nola erabil daitezkeen ere, horiek bazterrera uzteko. Eskukatu hausnarketa sakon bat da, salbatzaile edo suntsitzaile izan daitezkeen eskuei buruzko eta gizartean duten eraginari buruzko gogoeta mamitsua.
Ikuskizunerako sarrerak Barakaldo Antzokiko leihatilan eskuratu ahal izango dira estreinaldiaren egunean bertan, emanaldia hasi aurretik. Doan banatuko dira lekua bete arte.
Obra hau estreinatzeko agertokia aukeratzerakoan, Barakaldo Antzokiak eta Dantzertik duten lankidetza hartu da aintzat. Helburu bikoitza du lankidetza horrek: eskolako ikasleei beren prestakuntza osatzen eta tituluan eskatzen diren gaitasunak eskuratzen laguntzea eta prestakuntza, praktika eta hedapen-jarduera osagarriak antolatzen laguntzea.