Euskadik 4 aldiz aktibatu du Neguko Bidezaintza Plana, eta zirkulazio-arazoren bat edo beste baino ez da izan

PRUEBA
  • Gainera, 2 aldiz abiarazi behar izan du fase operatiboa elur-maila 700 metrotik behera jaitsi izanagatik eta prezipitazio ugariengatik
  • Neguko Bidezaintza Plana aurreko neguan baino 2 aldiz gutxiago aktibatu da

Urritik apirilera bitartean, Eusko Jaurlaritzak lau aldiz aktibatu du Neguko Bidezaintza Planaren (NBP) jarraipen- eta informazio-fasea, elur-maila 1.000 metrotik behera jaitsi izanaren eta prezipitazio moderatuen ondorioz. Aurreko neguan baino bi aktibazio gutxiago izan dira, beraz. Horrez gainera, fase operatiboaren bi aktibazio izan dira, elur maila 700 metrotik behera jaitsi zelako eta prezipitazio ugariak izan zirelako, aurreko neguan baino bat gutxiago.

Sonia Díaz de Corcuera, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera: “Aurtengo neguan Euskadin lau denborale izan ditugun arren, ez da elurrak edo izotzak eragindako zirkulazio-arazo handirik izan. Azken urteotan gertatutakoaren ildotik, arazoak oso puntualak izan dira”.

2022/23 NEGUAREN LABURPENA

Lehenengo elur-aldia 2022ko abenduaren 3tik 4ra, larunbatetik igandera, bitartean izan genuen: elur-maila 700 metrora jaitsi zen, baina prezipitazioek ez zuten zirkulazio-arazo esanguratsurik sortu.

Bigarren aldiz elurra 2023ko urtarrilaren 17tik 29ra bitartean egin zuen: hilaren 17an, asteartean, elurra 1.500 metrotik 400 metrora jaitsi zen, eta prezipitazioak ugariak izan ziren isurialde kantauriarrean. Neguko Bidezaintza Plana Koordinatzeko Organoa egoera baloratzeko elkartu zen, eta Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatu zuen. Prebentzio moduan, bi garabi astun mobilizatu zituzten Arabarako, bat Bizkairako (Barazarko portura) eta beste bat Gipuzkoarako (Leitzarango 1-15 autobidera). Hilaren 19an desaktibatu zen fase operatiboa, eta jarraipen- eta informazio-fasea aktibo egon zen hilaren 29ra arte. Elur-aldi honetako lehenengo egunetan errepide batzuk itxita geratu ziren zuhaitzak, harkaitzak eta lurra jausi izanaren ondorioz, eta bigarren mailako errepideetan ur-putzuengatik. Berez, Eusko Jaurlaritzak Uholde-arriskuari aurre egiteko larrialdietako planaren alerta-fasea aktibatu zuen urtarrilaren 16tik 19ra bitartean. Hilaren 18an, metatutako elurraren ondorioz itxi egin behar izan ziren Arabako mendaterik altuenak (besteak beste, Opakua, Herrera eta Orduña), bai eta Gipuzkoakoak (besteak beste, Azkarate eta Urraki) eta Bizkaikoak ere (besteak beste, Bigosgana eta Urkaregi).  Arrazoi beragatik itxi ziren A-15 autobidea eta N-1 errepidea Etzegaraten. Hilaren 20tik aurrera gutxitu egin ziren elur-prezipitazioak, baina, tenperaturak asko jaitsi zirenez, izotza izan zen errepide-sareko arrisku nagusia.

Hirugarren elurtea 2023ko otsailaren 22tik, asteazkenetik, 24ra, ostiralera, bitartean izan genuen. Kasu horretan elur-maila 500-700 metrora jaitsi zen, prezipitazioak urriak izan ziren eta ez zuten zirkulazio-arazo esanguratsurik eragin errepide-sare nagusian. Hilaren 23an era guztietako ibilgailuen zirkulazioa eten zen Arabako Bernedo eta Herrerako mendateetan, eta kateak edo neguko gurpilak behar izan ziren Azazetako, Kurtzetako, Opakuako eta Orduñako mendateetatik zirkulatzeko.

Laugarren aldiz, eta azken aldiz, elurra 2023ko otsailaren 26tik martxoaren 2ra, igandetik ostegunera, bitartean egin zuen: hilaren 26an elur-maila 100-200 metrora jaitsi zen eta prezipitazio moderatuak izan ziren, eta bigarren aldiz aktibatu behar izan zen, beraz, fase operatiboa. Araban Herrerako mendatea itxita egon zen ibilgailu guztientzat 27tik 28ra bitartean, eta Opakua, Kurtzeta, Orduña eta Bernedoko mendateetatik kateekin edo neguko gurpilekin bakarrik zirkulatu ahal izan zen. Martxoaren 2an desaktibatu zen neguko fase hori.

JOERA

Beste urtebetez Euskadin izaten diren neguko gertaeren beheranzko joera finkatu da: 2017/18ko neguan 17 aldiz aktibatu zen NBP; 2018/19ko neguan 8 aldiz; 2019/20ko neguan 6 aktibazio izan ziren; 2020/21ekoan 5; eta azken honetan, 2022/23koan, 4. Salbuespen bakarra 2021/22koa izan zen, guztira 6 aldiz aktibatu baitzen.

Fase operatiboaren aktibazioei dagokienez, 2017/18ko neguan 10 aldiz aktibatu zenetik, 2018/19ko, 2019/20ko, 2020/21eko eta aurtengo, 2022/23ko neguetan aktibazio operatiboak 2an mantendu dira. Joera horren salbuespen bakarra 2021/22koa da, hiru aldiz aktibatu behar izan baitzen fase operatiboa.