Ez da arraroa egunerokotasunean elikaduraren eta nutrizioaren inguruko zalantzak izatea. Horren ondorioz, guztiok ezagutzen ditugun sinesmenak eta/edo korronteak daude, baina ez dute balio zientifikorik. Euskal Herriko Unibertsitateko ‘Elikadura eta Gizentasuna’ taldeko irakasle eta ikertzaileek egindako gida berri honen helburua da elikaduraren eta nutrizioaren inguruan dauden 30 sinesmen, esan, korronte popular eta moda ulertzen laguntzea eta ikuspegi zientifikotik erantzuten saiatzea, dibulgazio moduan.
Dibulgaziozko hizkuntza darabilte, gida publiko mota guztien eskuetara irits dadin. Informazioa kapitulutan dator, zeinak banaka eta proposatutako ordenari jarraitu gabe irakur daitezkeen. Dena den, kapituluaren barruan atal bakoitzaren ordena jarraitzeak landutako gaiari buruzko ikuspegi orokorragoa eman dezake.
Besteak beste, honako gaiak lantzen dira: laranja zukua edateak gripeari aurre egiten lagun al diezaguke? Esnea al da kaltzioaren baliozko iturri bakarra? B12 bitamina haragiak bakarrik al dauka? Gauza bera al dira bihi osoko ogia eta zuntza duen ogia? Liburuak zortzi kapitulu ditu, eta horietan egunerokoan egiten ditugun galdera horiei eta beste hainbati erantzuten saiatzen da. Karbohidratoekin, gantzekin, bitaminekin eta mineralekin, zerealekin, esnearekin, pisua galtzearekin, etiketatzearekin edo modako auziekin (hala nola detox zukuak edo superelikagaiak) lotutako zalantzak ere sartzen dira gida praktiko honetan.
Zenbait adibide
Ikus ditzagun, adibide gisa, gidak barne hartzen dituen eta ebidentzia zientifikotik argitzen saiatzen diren gai batzuk.
Azukre beltza azukre zuria baino hobea da
Jende askok uste du azukre zuriaren ordez azukre beltza hartzea komeni dela, azukre beltza naturala delako dela eta zuria findua. Eta ez, ez da hala. Biek fintze prozesu bat jasaten dute, eta nagusiki sakarosaz daude osatuta.
Ezin dira hiru arrautza baino gehiago jan astean
Kontuan hartuta edozein elikagaik, kopuru altuetan hartuta, eragin negatiboa izan dezakeela osasunean, eta jakinik dietak, oro har, eragin handiagoa duela osasunean elikagai jakin batek baino, esan daiteke arrautzak neurriz hartzea egokia izan daitekeela baldin eta dieta askotarikoa eta orekatua bada. Gaur egun, Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) gomendatzen du astean 2-4 arrautza ertain kontsumitzea.
Ez baduzu zukua azkar edaten, bitaminak joango zaizkio
Bitaminak ez dira ‘desagertzen’, baina posible da degradatzea. Beraz, zukua hozkailuan mantentzea eta frutari zukua atera eta ordu gutxira edatea gomendatzen da.
Glutenik gabeko dieta batek nire osasuna hobetuko du
Glutenik gabeko dieta batek honako hauei lagun diezaieke: heste narritakorraren sindromea dutenei, Crohn-en gaixotasuna dutenei edo heste biloari eragin diezaiokeen beste patologiaren bat dutenei. Gainerakoek ez liokete glutena hartzeari utzi beharko bestelako arrazoi espezifikorik edo gomendio profesionalik gabe; izan ere, azken ikerketek ohartarazten dute glutenik gabeko dieta daramaten pertsonek kaltzio, burdina, zuntz, azido foliko, omega-3, B12 bitamina eta D bitaminaren urritasuna izan ohi dutela.
Helduek ez dute esnerik hartu behar
Esnea egunero hartzeak (arrazoizko kantitate batean) hainbat onura dakartza: haurren obesitatea gutxitzen du, gertaera kardiobaskularrak prebenitzen du, zenbait minbizi izateko arriskua gutxitzen du (bularrekoa, maskurikoa, kolonekoa edo urdailekoa), eta hezurren mineralizazioa hobetzen du. Espainiako biztanleentzako gomendioa da egunean 3-4 esneki inguru hartzea, eta, gure inguruan, esnea dieta mediterraneoko elikagai garrantzitsutzat jotzen da.
Izotza jateak argaldu egiten du
Mito hori gezur hutsa da, eta, gainera, izotza askotan murtxikatzeak kalte egiten dio gure ahoko eta hortzetako osasunari, eta kasu askotan ez du atzera bueltarik izaten: kalteak eragiten ditu esmaltean, hortzak ezpaltzen ditu, lesioak eragiten ditu hortzoietan, ahoko sentikortasuna galtzea eragiten du, odola darien zauri txikiak egiten ditu, hortzetako hipersentikortasuna eragiten du, hezurren galera eragiten du, hortzoiak uzkurtu egiten dira eta txantxarrak izateko joera handiagoa dakar.
Iraungitzea eta kontsumo lehenetsia gauza bera al da?
Garrantzitsua da irakurtzen duguna interpretatzen jakitea, eragina izango baitu gure erabakietan. Ez dira iraungitako produktuak kontsumitu behar, baina oraindik kontsumitu daitezkeenak ahalik eta gutxien alferrik galtzen saiatu behar da.
Elikagai naturalak osasungarriagoak dira
Elikagai osasungarri bat aukeratzerakoan, garrantzitsua da osagaien zerrendari arreta jartzea eta ez erortzea bestelako amarruetan.
Informazio gehigarria
‘Respuestas a dudas y creencias falsas sobre alimentación y nutrición ¡Que no te lo cuenten!’ gida Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen zerbitzuak argitaratu du. Honako hauen artean egin dute: Ivan Gómez-López, Maitane González-Arceo, Helen Carr-Ugarte, Asier Léniz, María Teresa Macarulla, María del Puy Portillo Baquedano eta Jenifer Trepiana Arin. Guztiak UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko irakasleak eta ‘Elikadura eta Gizentasuna’ taldeko ikertzaileak dira. CIBER sareko ikerketa zentroko eta Bioaraba Arabako Osasun Ikerketa Institutuko kidea ere bada talde hori; CIBER zentroari gagozkiola, Carlos III osasun institutuaren mendekoa da, eta Elikadura eta Gizentasuna ikerketa taldeak zentro horren barneko Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologiaren sailean egiten du lan.