Euskadi Europako eremu geoestrategiko gisa aldarrikatu du Arriolak, eta Frantziari eskatu dio mugan abiadura handiaren konexiorako lanak arintzeko

PRUEBA
  • Garraioetako sailburuak neurriak hartzeko eskatu dio Europar Batasunari, Frantziako gobernuak konpromisoak eta epeak bete ditzan

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak gaur Bilbon egiten ari den autonomia-erkidegoetako gizarte- eta ekonomia-kontseiluen urteko bileraren irekieran azpimarratu duenez, Euskadi “fatxada atlantikoko eremu geoestrategiko” bat da, eta nabarmendu du Frantziarekiko mugan abiadura handiko konexioa dela “funtsezko azpiegitura bat Euskadirentzat eta Espainiarentzat, eta lehentasunezkoa Europarentzat, Europako kontinenteko ekonomiarentzat lehen mailako lehia-tresna ez ezik”. Hori dela eta, honako hau adierazi du berriz ere: “Frantziako gobernuaren konpromiso-faltak kezkatzen eta arduratzen gaitu, eta halaxe jakinarazi diogu herrialde horren ordezkariekin partekatzen ditugun arku eta korridore atlantikoari buruzko garraio-foroetan”.

Garraioetako sailburuak gogorarazi du Europar Batasunak badituela erregelamendu bat eta aurreikuspen batzuk, Frantziako Gobernuak hitzeman dituenak, eta EB bera aipatu du “egokitzat jotzen dituen neurriak hartu behar dituen” erakunde gisa, “Frantziak bete dezan”; izan ere, mugaren alde honetan, bai Eusko Jaurlaritza, bai gobernu zentrala “azpiegitura horren eraikuntzan inplikatuta gaude, asmo handiko inbertsio-plan batekin”. Frantziako abiadura handiko konexiorako erreklamazioa “ezinbestekoa da Korridore Atlantikoa garatzeko eta bultzatzeko”, adierazi du. Jardunaldi berean, korridore horren eta Mediterraneokoaren bilakaera eta inpaktua analizatu dira.

Arriolak honako hau aldarrikatu du: “garraio-azpiegiturak funtsezkoak dira, gure ekonomien bizkarrezurra, eta, aldi berean, kohesioa handitzen dute eta EBk proposatutako helburu klimatikoak lortzen laguntzen dute”. Horregatik, “epea 2030etik haratago luzatzea edo inbertsioen anbizioa murriztea Europa Barneko Garraio Sarearen legeria ez betetzea litzateke, baita garraiobide jasangarrietarako inbertsio-aukerak galtzea ere”. Gogorarazi duenez, Irungoa mugako pasabide bat da, eta Penintsularen eta Europaren artean bidaiari eta salgaien kopuru handia dagoenez, “beharrezkoa da Euskal Y-a eta Frantziako sarearekin duen konexioa lehentasun handiko gaitzat tratatzea”.

Europa Barneko Garraio Sareko Korridore Atlantikoak “berebiziko egitekoa” du Europarekiko konexioak hobetzeko, azpimarratu duenez. Sailburuak neurri hauen alde egin du: oinarrizko sarearen erritmoa azkartzea, bigarren mailako oinarrizko sareetan aurrera egitea, Frantzia eta Espainia arteko mugan botila-lepoak kentzea eta Euskadiko portuek fatxada atlantikoan duten rol estrategikoa bultzatzea.

Informazio gehigarria