Osasun Sailak Araban eta Bizkaian elikadura-portaeraren nahasmenduaren arloko unitate espezifikoak sortzea aurreikusten du, eta Gipuzkoan nerabeentzako eguneko ospitalea sortzea
Bere egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Mentalaren Aholku Kontseiluaren aditu-taldeek egindako gomendioak, eta, aldi berean, Osasun Sailak eta Osakidetzak garatzen dituzten programa guztiei eusten die
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ditu gaur, berak hala eskatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Mentalaren Aholku Kontseiluak euskal estrategiaren lehentasuneko esparruei buruz egindako hiru txostenen ondorio nagusiak: elikadura-portaeraren nahasmenduak, haurren eta gazteen osasun mentala eta patologia duala (mendekotasunaren eta nahastearen batura).
Osasun Sailak joan den urtean eman zion hasiera Covidaren osteko osasun mentala aztertzearekin zerikusi zuzena duten dokumentu estrategikoak prestatzeko prozesuari. Ildo horretan, lehendik zeuden programak eta zerbitzuak mantendu eta indartu ditu, eta sortzen diren profil eta beharrei erantzuteko ekintza berriak gehitu ditu.
Osakidetzak nazioarteko aitormena jaso du osasun mentalaren arloan
Euskadi osasun mentalaren arloan egindako lanagatik aintzatetsi dute; izan ere, duela gutxi Osasun Mentalari buruzko Healthier together (elkarrekin osasungarriagoak) Europako Ekintza Bateratuaren Estatuko agintaritza eskudun izendatu dute.
Helburu lehenetsiak
Adituek egindako txostenetako lehena elikadura-portaeraren nahasmenduekin (EJN) lotzen da eta pazienteen eta familien elkarteek parte hartu dute. Txosten horretan arreta goiztiar intentsiboa nabarmentzen da pronostikoa hobetzeko giltzarri gisa. Ildo horretan, Osasuneko sailburuak adierazi du Araban eta Bizkaian elikadura-portaeraren nahasmenduaren arloko unitate espezifiko bana sortzea aurreikusten dela, eta hori jauzi kualitatibo handia izango dela Osakidetzak gaur egun dituen programa eta unitate monografikoen aldean.
Bigarren dokumentua haur eta gazteen osasun mentalari buruzkoa da, eta Osasun Sailak eta Osakidetzak abian jarritako laguntza sendotzearen aldeko apustua egiten du; izan ere, azken bi urteotan, eta pandemia gorabehera, bikoiztu egin dira arlo horretara bideratutako giza baliabideak eta baliabide materialak. Gotzone Sagardui sailburuak nabarmendu du Gipuzkoan nerabeen tratamendurako eguneko ospitale bat sortuko dela eta hiru lurralde historikoetan daudenei batuko zaiela.
Hirugarren azterketak patologia dualari ematen dio arreta, eta bertan aurreikusten da paziente bakoitzari tipologia klinikoaren araberako Plan Terapeutiko Indibidualizatua eskainiko zaiola, kasuan-kasuan baliabiderik edo gailurik egokiena aplika dakion.
Euskadiko Osasun Mentaleko Sarearen dimentsioa
Gaur egun, Euskadiko sarean daude:
– Helduentzako 4 ospitale psikiatriko, akutuen unitate batekin.
– Helduentzako 5 psikiatria-zerbitzu, ospitale orokorrean.
– Haur eta gazteentzako psikiatriako 3 ospitale-unitate.
– Helduentzako psikiatriako 18 eguneko ospitale.
– Haur eta gazteentzako psikiatriako 5 eguneko ospitale.
– Osasun mentaleko 41 zentro
– Eta unitate monografikoak (nortasunaren nahasmenduak, gertakari psikotikoak, psikogeriatria, TCA, adikzioak, arrisku handia, jaiotza ingurukoa, patologia duala eta genero-indarkeria) eta asistentzia-ekosistemak (Osakidetzako osasun mentalaren sareak, Osakidetzan barne hartzen diren osasun-erakundeak eta Euskadiko baliabide soziosanitarioak).
2020-2022 aldian, jarduera zehatzak egin dira, hala nola haur-psikiatriako zuzkidura indartzea —bereziki Larrialdietan—, psikiatria-plaza bat gehituz Araba ESIko, Ezkerraldea-Gurutzeta ESIko, Bilbao Basurto ESIko, Barrualde-Galdakao ESIko eta Donostialdea ESIko psikiatriako zerbitzuetan.
Era berean, intentsitate handiko eguneko beste baliabide batzuk ireki dira, hala nola, Bilbo-Basurto ESIko haur eta gazteentzako Saralegi eguneko ospitalea, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko haur eta gazteentzako Zabalburuko eguneko ospitalea, eta Barrualde Galdakao ESIko eta Araba ESIko elikadura-portaeraren nahasmendua eta adikzioa duten nerabeentzako eguneko ospitaleak.
Era berean, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Arreta Goiztiarreko Unitatearen esparruan, Aieteko osasun-zentroan kokatzeak asistentzia eta langileak bikoizteko aukera eman du.