Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu kultura-arloko jaialdiak antolatzeko 2023ko dirulaguntzak. Hauen helburua da musika, arte eszenikoak, liburugintza, ikus-entzunezkoak eta ikusizko arteak bultzatzen dituzten jaialdiak laguntzea. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 350.000 euro bideratuko ditu dirulaguntza hauetara. Kategoria bakoitzak kreditu hau izango du:
- 145.000 euro arte bizietako jaialdiak antolatzeko (arte eszenikoak, zuzeneko musika, bertsolaritza…)
- 100.000 euro ikus-entzunezko arteetako jaialdiak antolatzeko
- 75.000 euro ikusizko arteetako eta literaturako jaialdiak antolatzeko
- 30.000 euro diziplina anitzeko jaialdiak antolatzeko
Diruz lagunduko diren proiektuek gehienez 35.000 euroko dirulaguntza jasoko dute eta Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira, 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean eta jendaurreko jarduerak epe mugatu batean gauzatu beharko dira, inola ere ez bi egun baino laburragoa, ez eta bi hilabete baino luzeagoa ere. Gainera jaialdiak aldikakoak izan behar dira eta irauteko bokaziodunak.
Eskabideak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabetekoa izango da.
2022ko deialdian guztira 29 jaialdi lagundu ziren diruz, besteak beste, Zinemakumeak Gara, Loraldia Festibala, Zinegoak, Hunkitu Arte, El Trastero Creativo, Azken Muga edo Kultura Kalean.