Argiteria publikoko kobrezko kablea lapurtzea egotzi die Barakaldoko Udaltzaingoak bost gazteri

PRUEBA

Kutxatilak baliatuz, argiteria publikoko kobrezko kablea lapurtzea egotzi die Barakaldoko Udaltzaingoak bost gazteri.  Lapurtutako salgaiaren zati bat erreta zeukaten 26 eta 38 bitarteko gizonezkoek, goma kendu ondoren  saldu ahal izateko.

Ángel Madrazo zinegotzi ordezkari duen Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila arloak jakinarazi duenez, joan den ostiralean ekin zitzaion operatiboari.   Kableak lapurtzeagatik aurrekariak zituzten hiru gizon ikusi zituen patruila batek, udalerriko kale batean barrena erosketa-orga batekin zihoazela.  Barruan, zaku huts bakarra zegoen.

Hurrengo egunean, 06:25 inguruan,  Arrontegi auzoko parke batean sutea izan zela jakinarazi zioten Udaltzaingoari.  Bertaratuta, parketik kanpo kobrezko kable-erreketa bat zela egiaztatu zuten.  Sutearen ondoan, erosketako orga eta aurreko egunean hiru susmagarriek zeramaten zakua zeuden, baita kutxatilak irekitzearekin bateragarria den erreminta-poltsa bat ere.

Garbiketako langileak material-hondarrak jasotzera joan zitezen berdegunera sartzeko atea desblokeatzean,  orga, zakua eta erreminta desagertu zirela konturatu ziren poliziak.  Segituan eman zieten gertatutakoaren berri gainerako patruilei, eta handik minutu gutxira aurkitu zituzten gauza guztiak  Karmengo auzotik hurbil.  Han, susmagarriak identifikatu zituzten, eta haietako batek zeraman poltsaren barruan  kable errea aurkitu zuten.

Gaur goizean, konfiskatutako kablea argiteria publikotik datorrela egiaztatu dute udal teknikariek, eta, beraz,  lapurretagatik inputatu dituzte identifikatutako bost gizonak.